Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bizitza pausotan neurtzen denean

Dokumentuaren akzioak

Bizitza pausotan neurtzen denean

Dantzarako dohaina odolean dutela jaiotzen dira batzuk, eta gogor lan egiten dute, beste askok, jardunaren fruituak dohainaren pareko bilakatzeko. Doinuak eta pausoak uztartzearen magia da dantza, baina, askotan, dantza maitatzearena ez da aitzakia bat baino, talde baten beroa sentitzeko.
Egilea
Itzea Urkizu Arsuaga
Komunikabidea
Tolosaldeko Ataria
Tokia
Tolosaldea
Mota
Erreportajea
Data
2014/12/14
Lotura
Tolosaldeko Ataria

Eskualdean, milaka herritar, astero-astero, entseguz entsegu aritzen dira dantzan. Hamarkadetako tradizioari jarraituz batzuk, eta berrikuntzarekin jolastuz, beste asko. Oholtza handienen distiraz, zenbait, eta norbere herriko plazaren berezian, hainbat. Bide bat edo bestea hartuta ere, argi dago Tolosaldeak baduela dantzarako harrobirik.

Dantzari, dantza irakasle eta dantzazaleen unibertso horretako kide dira Pili Lazkano (Ikaztegieta, 58 urte), Jose Luis Vallejo (Tolosa, 58 urte), Marta Iraola (Alegia, 57 urte), Ioritz Galarraga (Amasa, 23 urte) eta Itziar Doyharzabal (Ibarra, 28 urte), eta, guztiak ere, bat datoz musikaren erritmora gorputza mugitzeak duen harrera beroarekin.

«Eskualdean beti aritu izan da jendea dantzan, eta korronteak izaten diren arren, ez dago aldaketa handiegirik», dio Jose Luis Vallejok. Tolosako Udaberri dantza taldeko entseguen arduraduna da gaur egun, eta taldeko ia belaunaldi guztiak ezagutu ditu; dudarik ez da, dantza pasio duela.

Ioritz Galarragak ere dantzaren harrobia sendoa dela uste du. Amasarra herrian hasi zen oinak astintzen, eta Aukeran konpainiako jardunaz gain, dantza-irakasle lanetan ere aritzen da, Donostian: «Etorkizuna bermatuta ikusten dut, belaunaldi berriak gogoz baitatoz. Mugitu, behintzat, mugitzen dira».

Aspaldi hasi zen Vallejo eta dantzaren arteko harremana; Galarragak, berriz, hamarkada pasatxoko ibilbidea du. Bien artean urte mordoa dagoen arren, ordea, bada belaunaldiz belaunaldi errepikatzen den fenomeno bat: dantza taldeetako mutil eskasia. «Nik txikitatik oso gustuko izan dut dantza, baina hasi eta utzi ibiltzen ginen, mutil gutxi izaten ginelako, edo zeuden mutilak zaharragoak zirelako; taldean lagunak izateak asko eragiten du, eta kuadrillarik osatzen ez bada, errazagoa da uztea. Horregatik, amak beti esaten du arrebak bi entsegu egiten zituela: taldekoa lehenengo, eta etxean niri dantzak irakasten aritzen zenekoa gero».

Dantzan mutilak baino neskak gehiago aritzea lotsari ere egozten dio Vallejok: «Hala ere, txikitatik datorren kontua da, nire ustez, bai, behintzat, gure garaian. Nesken jolasak beti trebetasunarekin lotutakoak izaten ziren, jauziak eginez nahiz goman; ohituak zeuden horrelako ariketak egitera eta, ondorioz, mutilek ez zituzten trebetasun batzuk garatzen zituzten».

Ikastetxetako patioetako bereizketa horrek, beraz, oinen mugimendua musikarekin batzeari zuzenean eragiten diola uste du tolosarrak eta, era berean, genetikak ere zeresanik baduela, oro har: «Normalean neskek askoz ere erritmo hobea izaten dute, eta aurrerapausoak azkarrago ematen dituzte ikasterakoan, hori da errealitatea». Azkenik, gurasoek haurrak dantzara behartuta ez bideratzea ere ezinbestekotzat du.

Eta horixe da, hain zuzen, Itziar Doyharzabal ibartarrak ere azpimarratzen duena: «Zazpi edo zortzi urtera arte ia mutil gehienak aritzen dira dantzan herri txikietan baina, behin muga hori gaindituta, pilotak, futbolak edo xareak grina handiagoa pizten die. Ni hala ere, ikastolako irakaslea naizenez, saiatzen naiz zirikatzen eta animatzen, eta nesken kontua bakarrik ez dela esaten. Hori bai, gurasoei ere beti esaten diet seme-alabak dantzara ez direla behartuta eraman behar, aurkako efektua sortzen delako». Irakasle izateaz gain, bost urtez geroztik dantzan ari da eta, Alurr dantza taldean urteak igaro ondoren, Haatik konpainian jarduten da orain.

Mutil edo neska, neska edo mutil, dantzaren transmisioan, irakasleak ikasle bakoitzari bere puntua harrapatzea irakaskuntza-teknikarik onena da, Jose Luis Vallejoren ustez: «Pertsona bakoitza desberdina da, eta ez da gauza bera bati edo besteari irakastea». Horren harira, gainera, diziplina baino errespetua ezartzea beharrezkotzat du, «diziplina norberak bere buruari» ezarri behar baitio.

Dantzarako gogoa eta irakaslearekiko errespetua lelotzat hartuta, sarri askotan gurasoak ere oztopo txiki bat izaten dira, batez ere irakasle gazteentzat: «Irakasteko modu asko daude, baina, gurasoekiko harremanetan-eta zenbait hutsune izaten dira, haiek kexu direnean irakasle batzuk ez baitute nahikoa adore izaten aurre egiteko, oso gazteak direla eta. Nire ustez, dantza irakasteko argi izan behar da zer nahi duzun irakasle moduan», dio Doyharzabalek.

Baina, norbere gaitasunek ere baldintzatzen dute irakaskuntza prozesua: «Adibidez, dantzan 1.000 pertsona ari baldin badira, irakasten 10 aritzen dira eta, horietatik 5 dira irakasle onak. Prozesu horretan hutsuneak sor daitezke eta, zein da ondorioa? Denboraren poderioz dantza aldatzea. Beraz, oso garrantzitsua da irakasleak nortasun pixka bat izatea eta arau batzuk zehaztea, bai ikasleentzat eta baita irakaslearentzat ere», dio Vallejok.

Gizatasuna, erritmoa bezain ezinbesteko
Txikitan norbere herrian hasi, eta Euskal Herriko konpainiarik ezagunenetakoetan dabiltza, gaur egun, Doyharzabal eta Galarraga. Pili Lazkano eta Marta Iraolak, berriz, ez zuten txiki-txikitatik dantzan aritzeko aukerarik izan eta, beren betiko afizio hori gauzatzen aritzen dira, astero, Alegiako Sutarri dantza taldeko helduen ikastaroetan.

"Nire alabak betidanik ibili izan dira dantzan, eta, nik, fandangoa eta arin-arina ondo ikasteko ilusioa beti izan dut. Horrela, Sutarrik helduentzako ikastaro bat antolatu behar zuela jakin bezain pronto izena ematea erabaki nuen, duela bospasei urte; primeran gabiltza orduz geroztik", dio Pili Lazkano ikaztegietarrak.

Marta Iraola alegiarra Pili Lazkanoren kidea da ikastaroetan, eta biek ala biek azpimarratu dute talde-giroaren indarra: «Barre franko egiten dugu eta, egia esan, amorrazi ere bai, zerbait ateratzen ez zaigunean. Baina, merezi du laguntasun hori izateak. Gainera, pausoak azkar ikasten dituztenek gainerakoei ere itxaron egin behar izaten diete, beraz, elkartasuna ere handia da taldean; terapia moduko bat da».

Herri txiki bateko taldearen beroa, oholtza handietan aritzen den konpainietan ere errepikatzen da, Ioritz Galarragak dioenez: «Familia baten modukoa da, herriko talde baten moduan. Aukeranen gutxi garenez, gure arteko harremanak oso estuak dira, nahitaez. Eta hain talde txikiak hainbeste denbora elkarrekin pasatzen duenean, sekulako konfiantza sortzen da. Nire taldekideak sekulako lagunak dira niretzat, eta haiekin ez nagoenean beren falta sumatzen dut, egia esan».

Dudarik ez da, «dantzak gauza asko» ematen dituela, eta «gehienak onak» direla, Vallejoren ustez. Dena den, talde baten beroa izan daiteke, beharbada, dantzaren dohain nabarmenena: «Taldean egin beharreko jarduna da, ia beti, eta argi dago hori oso garrantzitsua dela, dantzaren batean norbaitek huts egiten badu guztiek huts egiten dutelako; blokean joan beharra dago».

Plazak eta antzokiak, biak xarmangarri
Bizitza pausotan neurtzen denean, pauso horiek tentuz ematen ikasten dela dirudi, dantza ia profesionalizatzera iritsi diren taldeetako kideek umiltasunez deskribatzen baitute beren lana: "Nik ez dut ikusten Kukai, Aukeran edo Haatik taldeek herriko talde batek baino gehiago eskaintzen dutenik; esparruaren arabera, talde txikiak handiak bezainbeste eman dezake. Nire burua ez dut profesionaltzat, besteak beste hortik ez garelako bizi, eta urte asko daramatzat dantzan gustuko dudalako. Egia da aipaturiko talde handi horiek izena hartu dutela azken urteotan, baina ez nituzke herri bateko talde batekin alderatuko. Bakoitzak bere bidea du, eta bakoitzak eman behar duena emango du, bere alde onekin eta txarrekin; bat ez da bestea baino hobea».

Jauzi kualitatibo hori dantzariaren beraren prestakuntzan azpimarratuko luke, bere aldetik, Ioritz Galarragak. Edu Muruamendiarazek Villabonan eskainitako ikastaro batean parte hartu zuen 11 urterekin, eta hark balleta egiteko esan zion, oinarri bat hartzeko. Behin hastapenetako ezagutzak hartuta, 15 urterekin hasi zen Aukeranen, eta aldaketa nabarmena izan zen beretzat: «Herriko talde batean, dantzaz gain, beste guztia ere taldeko kideek egin behar dute: bilerak, jaien antolakuntza, muntaketa lanak, materiala eta jantziak hara eta hona eramatea,... Aukeranen, berriz, dantzariok dantza bakarrik egiten dugu, eta horri dagokionez diziplina handiagoa da. Azken finean, ondo dantza egin behar da, bai ala bai, eta gogoa bietan bera izan arren, konpromisoa handiagoa da batean, bestean baino».

Ereduen talka ala bizikidetza?
Euskal dantza tradiziozko zerbait da, baina azken hamarkadan folklorea arte adierazpen bilakatu da, bertako pausoak hainbat diziplinarekin nahastuz. «Dantzaren inguruan ezer ez dakien batek eta, bereziki gustuko ez duen batek, errazago ikusiko du ikuskizun berri horietako bat, dantza tradizionaleko emanaldi bat baino; musika eta arropak aldatzen dira eta, oholtzako argiekin-eta, erakargarriagoa da, ez delako dantza emanaldi bat, ikuskizun bat bezala ulertu behar da».

Ioritz Galarragaren hitzak dira horiek, dantza tradizionalaren eta modernoaren arteko aldeaz galdetzean eta, bide beretik, Itziar Doyharzabalek ere onartzen du, Edu Muruamendiarazen etorrerak suspertu zuela dantza Ibarran: «Txikitan tradizionala egiten genuen, eta sekulako lorpenik egiten ez genuen arren, sueltoko txapelketak ondo prestatzea gustatzen zitzaidan, beraz, taldea utzi egin nuen. 2000. urtean, ordea, Edu Ibarrako taldearen ardura hartzen hasi zen, eta musika aldatzea, pauso desberdinen bat edo beste egitea eta ukitu berri bat ematea guretzat nahikoa izan zen, entseguei gusturago ekiteko. Aldaketa handia izan zen guretzat».

Bi joerei heltzen diete, aldiz, Alegiako Sutarri dantza taldean. 87 dantzari aritzen dira, guztira, haurrekin hasi eta helduen talderaino, eta ikasturte amaieran emanaldi bat eskaintzen diete herritarrei: «Koreografiak egiten ditugu, eta, horrekin batera, Gipuzkoako dantzak, Arratiako jota eta porrue nahiz fandango eta arin-arina ere egiten ditugu». Bide horretan, erromerietan izaten zen herri-giroa suspertzeko beharra ikusten du Pili Lazkano ikaztegietarrak: «Gazteak ari dira, pixkana, baina herri-giro hark itzuli beharko luke, dantza biziz».

Ereduen talka baino, badirudi elkarbizitza edo nahasketaren grazia nagusi dela dantzarien artean. Jose Luis Vallejok, ordea, galdera batekin ekin dio erantzunari: «Hasteko, dantza tradizionala zeri deitzen zaion zehaztu behar da. Dantza bat tradizionaltzat hartzen da 25-30 urte inguruko bizitza duenean. Adibidez, Tolosako Bordon dantza tradizionala da, berreskuratu zenez geroztik hona 38 urte inguru igaro direlako. Baina, noski, berreskuratzean asmatu egin da, eta koreografia bat da; hori bai, oinarri jakin bat duen dantza da, ordura artekoari jarraituz».

Horren harira, dantza tradizionalean aditu den arren, ondo deritzo azken hamarkadako joera horri, zenbait baldintzarekin: «Dantza eraberritu nahi izan zuen lehen taldea duela hamabost urte inguru hasi zen, eta egin zutena sinplea izan zen: jantziak zertxobait aldatu, Euskal Herriko dantzetako pauso ikusgarrienak zenbait doinutara egokitu eta emanaldiak aretoetarako prestatu, ikus-entzunezko nahiz argiekin; harrera ezin hobea izan zuen hark, eta askok bide horri jarraitu diote. Artistikoki asko eskaintzen dute, antzoki batera joan eta oso ikuskizun politak sortzen dituztelako, baina, nire galdera honakoa da: ikuskizun horietako zenbait Plaza Berrian, hutsean eginda, gauza bera lirateke?».

Argi dago balantzak alde batera edo bestera ezin duela erori eta ez da hori, gainera, protagonisten nahia. Ioritz Galarragak ere biek biziraun behar dutela uste du, nahitaez, kalitaterik izango bada: «Tradizionala mantentzea nahiko nuke, zaila iruditzen zaidan arren. Talde asko aldatzen ari dira estiloz, nahasketa horretara lerratzen, eta, garbi dago nahasketa horretan galdu egiten dela. Euskal dantza tradizionala gainetik ezagutu duenak ez daki tradizionala dantzatzen, hori horrela da; gure konpainian, adibidez, Gipuzkoako dantzak ondo egiteko esan, eta askok ez lukete jakingo beharbada».

Dantzari on guztiak bezala, bere buruarekin zorrotza dela dio Galarragak, eta iritziak ere halaxe ematen ditu: «Ni horretan karratu samarra naiz, eta zerbait horrela baldin bada, horrela egitea gustatzen zait. Gero, aldaketaren bat egin nahi baldin bada, ondo dago egitea, baina berezko egiteko modua ondo ezagutu beharko litzateke horretarako. Gipuzkoako dantzetan simetriak mantendu behar direla jende askok ez daki, eta berdin zaie guztia eskuinera egitea; bada, hori berez ezin da egin. Oreka bat bilatzea ondo legoke».

Etorkizunari begira jarriz, beraz, badirudi erakartzeko ahalmen handiagoa dutela joera berrienek, baina, Vallejok, korronte moduan definitzen du hori guztia: «Niri primeran iruditzen zait korronte hori, baina, ez dut haragoko ezer bezala ikusten, egon bainaiteke lau urte ikuskizun batean, eta lau koreografia bakarrik ikasi. Horrela bada, gero nik zer irakats dezaket euskal dantzaz? Tradizionalean oinarri sendoa duten dantzariek ikuskizun bat sortzea ederra litzateke, baina oinarria tradizionala izan dadila».

Bide horretan, etxea teilatutik baino, lurretik egiten hastea hobea da Jose Luis Vallejorentzat, eta hamaika ikuskizun eginda ere, oinarriari eusten dioten taldeak izanda, «ondo funtzionatzea erraza» izango dela uste du.

Azkenik, transmisiorako deia ere egin du, dantzaren bidetik: «Gaur egun dantzaz bizi daiteke, eta ondo deritzot. Nik ere bere garaian izan nuen aukera, baina, nire ustez horrelako gauzek ez lukete dirua irabazteko izan behar, belaunaldiz belaunaldi transmititzeko baizik. Eta hori ez du diruak ordaintzen».

Iritziak iritzi eta ereduak eredu, oin puntak zuzentzeak eta, kriskitinen laguntzaz musikaren erritmora kolpatzeak, indarra ematen die guztiei. Urteek nora eramango dituzten ez dakiten arren, oraindik ere luzaroan bizitza pausotan neurtzen jarraitzeko asmoa dute. Bejondeiela, beraz, eta bizi dadila dantza.

Dokumentuaren akzioak