Dokumentuaren akzioak
Biziaren taupadak
'Stomp', perkusio eta dantza ikusgarria azken aldikoz pausatu da Euskal Herrian. Miarritzen dago igandera arte.
Stomp ikusgarria azken aldikoz pausatu da Euskal Herrian. Asteartetik igandera, egunero daude emanaldiak Gare du Midi aretoan. Jendea erakartzeko hasi ziren perkusioa jotzen Luke Cresswell eta Steve McNicholas, Britainia Handiko Brighton hiriko karriketan. Tresna bat eskuratu, eta harekin erritmoa sortu. 1991. urtean, Eskoziako Edinburgoko jaialdi batean parte hartu zuten. Jendea karrikan biltzen zuten bezala bildu zuten lehenbiziko arrakasta handia. Eta produktore bat. Perkusioa eta erritmoa lantzeko gomendatu zuena. Stomp abian jarri zuena.
Musika ezohiko tresnekin, egunero baliatzen diren tresnekin: erratzak, hodiak, txurrutarriak, autoetako gurpilak, olio upelak, zikinontziak, pizgailuak... Edo, zergatik ez, eskuekin eta hankekin zartaka. Ur sorta bat, hondar parrasta bat, eta aitzina. Mintzaldi aspergarririk ez, keinuekin egiten dute elkarrizketa , bai beraien artean, bai jendearekin. Mister Beanen itxura daukan batek edo punk ero batek keinu batez irriz leherrarazten ditu jendeak, zahar, gazte eta haurrek ulertzen ahal duten hizkuntzarekin. Azkenean, dantza, musika eta antzerki nahasketa bat da Stomp, nonbait behar balitz kokatu.
14 MILIOI IKUSLE. Munduan zehar ibili da ikuskizuna, eta 14 milioi pertsonak ikusia dute. Hamabost urtez, 42 herrialdetan 10.000 emanaldi baino gehiago izan dira. 1994. urtean, New Yorken finkatu ziren artistak, egunero gela berean ikuskizunak emateko xedearekin. Iaz, New Yorkeko 5.000. emanaldia ospatu zuten. Hamabi urtez, Stomp konpainiaren arrakasta ikaragarria bilakatu da: haien aretoaren karrikari Stomp Street izena jarri dio Herriko Etxeak. Zuzeneko emanaldiez gain, zineman, telebistan eta hainbat iragarkitan parte hartu dute Stomp taldekoek. Talentuaren lekuko, Cannesko Zinemaldian irabazitako saria, Appleren iragarki batekin. Filmetarako musikak ere grabatu dituzte, musikari eta zuzendari ospetsuekin parte hartu.
Baina zuzenean ikustea da ikusgarriena. Ordu bat eta erdiz, zarata maitarazten dute zortzi artista gazteek. Jarlekuaren gainean ezinegona lotarazten dute. Gazte horiek. Ez dira ongi bezti. Ez dira aberatsak. Karrikako artea jotzen dute. Biziaren taupadak. Harrabotsa musika bihurtuz. Pobreen artea. Pobreen arte aberatsa.
Dokumentuaren akzioak