Dokumentuaren akzioak
Bizialdi osoa dantzaren bidean
Izaskun Iturrik 'Emak bakia dantzan' ikuskizuna estreinatuko du bihar, bere ibilbide eta bizipenen sintesia
�Gure bidean topatutako bizipenak eta sentimenduak adierazten dituen ikuskizuna da�, azaldu du Iturrik. Oso intimoa eta pertsonala dela gaineratu du, eta, horregatik, material gutxi erabiliko dute, eta bi dantzari baizik ez dira igoko oholtza gainera: Maite Txurruka eta Iturri bera. Txurruka bere ikaslea da, eta berarekin dantzatu du txikitatik.
Modu subjektiboan bizitako momentuak daude oinarrian, baina, aldi berean, orokorrak direnak, edozein pertsonak bizitakoak, nahiz eta norberak bere modura sentitu. Bizitzaren bidea aipatzen du Iturrik etengabe, eta izenburua ere horri loturik dago. �Emak bakia baita filmean, Oskar Alegria bideaz, patuaz, eta bidean topatutakoaz mintzo da. Hori da nik kontatu nahi dudana: bidea. Gainera, izenburuari loturik ere, bada garai bat nik ere lasaiago hartzeko�, aitortu du. Dena den, ez du dantza uzteko asmorik.
Detaileak zainduz
Dantzak eta musikak tentu handiz aukeratu ditu Iturrik, bere bizitzako pasarte garrantzitsuenak gogoan zituela. Adibidez, aurreskua ikusleei eskainiko die, Izeia ikuskizuna gogora ekarriko du, eta ez da faltako han eta hemen dantzatzeko eskatzen dioten fandango eta arin-arina. Dantza guztiak norbaiti eskainiak direla azaldu du. Hori izanen da eskerrak emateko modua.
Dantza tradizionalak �egokituak� direla esan du Iturrik, eta garaikideak ere garrantzi handia duela ikuskizunean. Koreografia batzuk soilik garaikideak dira, eta, beste batzuk, tradizionalarekin uztarturikoak. Iturrik dantza garaikide eta klasikoko eskolak jaso ditu, eta dantza klasikoa ezinbestekoa dela uste du: �Urteak eta urteak eman nituen euskal dantzak egiten, eta klasiko eskolen ondoren pentsatu nuen ezinbestekoa zela gainontzekoa ulertzeko, euskal dantzako urrats asko entenditzeko�.
Dantzen artean bideoak jarriko dituzte. Ikuskizunaren hasieran hitz batzuk agertzen dira dantzak sortzeko oinarri izan diren bizipenak. Horiekin loturik daude bideoak. Ez da dantza agertuko, inspirazio iturri izan diren hitzen ikus-entzunezko interpretazioak baizik.
Iturrik dudak ditu izan dezakeen harreraz. �Agian jendeak ez du ulertuko, edo kontrakoa, norberak bere istorio bezala hartuko du�. Norberaren bizipenak, sarri, besteenak ere izaten baitira.
Izaskun Iturri eta Maite Txurruka dantzariak Emak bakia dantzan ikuskizuna prestatzen. / BERRIA
Dokumentuaren akzioak