Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Bizia eman digu Ibaiondon eskainiko dugun emanaldiak"

Dokumentuaren akzioak

"Bizia eman digu Ibaiondon eskainiko dugun emanaldiak"

Egilea
Mirari Biteri
Komunikabidea
Alea
Tokia
Gasteiz
Mota
Albistea
Data
2021/04/25
Lotura
Alea

"Bizia eman digu Ibaiondon eskainiko dugun emanaldiak"

Indarra dantza taldeko partaide Aizkoa Madinabeitia.

Ia urtebete geldirik eman ostean, hilaren 27an agertoki batera igoko dira berriro Indarra dantza taldekoak. Orain arte, Udalaren Folklore Akademiarekin batera, Gasteizko Plaza Berrian eskaini izan duten emanaldia Ibaiondon egingo dute aurten. 

Gogorra egin zaie Gasteizko Indarra kultura elkartekoei azken urtea. Inauterietan urtero eskaintzen duten ikuskizunaren ondotik, koronabirusa heldu, eta guztiak bezala, esku artean zituzten jarduera guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten. Dantza taldeko partaide Aizkoa Madinabeitiak hilabete horiek guztietan bizi izandakoaren, gaur egungo egoeraren eta hemendik aurrerakoen errepasoa egin du.

Zelan igaro duzue urtea?

Dantza arloan, urtarrila arte geldirik egon gara; ia urtebete. Linbo moduko batean gaude: alde batetik, dantzak ez dira kirola bezala onartzen, ariketa fisikoa bada ere; eta, beste alde batetik, elkartea eta kultura gara. Gurea bezalako elkarteekin zer egin ez dute jakin, eta beraz, gure jarduera mugatu dute.

Zoramena dira entseguak, helduen taldean 40 lagun gaudelako, eta oso zaila delako modu horretan antolatzea. Baina gogotsu gaude eta ahal duguna egingo dugu.

Kalean ez duzue emanaldirik eskaini, baina etxean, internet bidez, saioak egin dituzue...

Bai. Gurean garairik mugituena hasten da konfinamendua hasi zenean; kasu horretan, San Prudentzio prestatzen hasita geunden eta jarraitzeko beharra geneukan. Horrek lagundu zigun konfinamendua hobeto pasatzen. Hori amaitzean, euskal dantzak profesionalak ez direnez eta elkartea garenez, hasieran ez genekien non sartzen ginen eta zer arau bete behar genituen, kosta egin zitzaigun gure tokia topatzea. Azaroan, berriro ere guztiz debekatu zituzten eta urtarrilean, azkenean, dantzen inguruko agindu zehatzak kaleratu zituzten. Intzidentzia kasuen arabera, sei edo lauko taldetan egon behar gara banatuta. Zoramena da hori, helduen taldean 40 lagun gaudelako, eta oso zaila delako modu horretan antolatzea. Baina gogotsu gaude eta ahal duguna egingo dugu.

San Prudentzion eskainiko duzue hurrengo emanaldia. Izan ere, bezperan, hilak 27, musika eta dantza tradizionaleko ikuskizuna eskainiko duzue Gasteizko Udalaren Folklore Akademiarekin batera, Ibaiondoko Felix Petite antzokian...

Hala da. Oso pozgarria da guretzako emanaldi horretan parte hartzeko aukera izatea, bizia eman digu. Urtero, Gasteizko Plaza Berrian egiten da ikuskizun hori, baina aurten, baldintzak direla eta, ezin da eremu zabaletan egin, eta agertoki berrian izango da. Gonbidapen bidezko sarrera beharko da honetan, baina streaming bidez ere emango dute. Beste formatu bat da, berria, baina denetarik egin behar da.

Nola izaten ari da horren prestaketa?

Ezberdina. Gasteizko Udalaren Folklore Akademiarekin, adibidez, oraindik ez gara elkartu; entsegu orokor bat izango dugu musikari guztiekin Ibaiondo gizarte etxeko antzokian bertan. Horretan, besteak beste, ikusiko dugu espazioa zenbatekoa den edo musika zelan entzuten den. Bestetik, gu, dantzariok, astero elkartzen gara; baina, neurriak direla eta, zoramena da. Dantza batzuk zortzi lagunekoak direlako eta muga sei edo lau dantzarietan dagoenez, oso zaila da, entseguak biderkatu behar izan ditugulako. Bestalde, Musiketxeko eta dantza kontserbatorioko irakaslea ere banaiz, eta horietan ez dago horrenbeste mugarik; kontserbatorioko gela batean, esaterako, hogei ume daude. Hori ez dut logikoa ikusten, baina moldatu behar gara.  

Zortzikoa ere itzuliko da San Prudentzio egunean...

Bai, aurten, akademiako ikasleek egingo dute. San Prudentzioko ezinbesteko dantza da Zortzikoa, eta beraz, urtero dantzatzen dugunez, iaz ere, etxetik dantzatzera animatu ginen.

Indarra elkartearentzat oso garrantzitsua da inauterietako ikuskizuna, guztiok parte hartzen dugulako eta barrutik sortutako lan bat delako.

Urte honetan egin ez dituzuen saio guztietatik, zein izan da gehien faltan bota duzuena?

Indarra elkartearentzat oso garrantzitsua da inauterietakoa, guztiok parte hartzen dugulako eta barrutik sortutako lan bat delako. Iaz justu egin genuen, baina aurten ezin izan dugu eta faltan bota dugu hori. Beste aldetik, lasaiago ere ibili gara, prestatze lana duen ikuskizuna delako. 

Eta udara begira, zer?

Egia esan, ez gaude oso itxaropentsu, egoera zelan dagoen ikusita. Gainera, erretretarako saio hau prestatzea zerbait berria izan da guretzako, entseguak eta ordutegiak moldatu behar izan ditugu. Beti egin izan ditugu entseguak 20:30etik 22:30era; egoera honekin, ezinezkoa da 21:00etan dena egon behar delako amaituta. Orduan, ez dakigu uda zelan igaroko dugun. 

Baduzue dagoeneko zerbait esku artean?

Oraingoz, ezer ez. Gure oraingo helburu nagusia da entseatzeko elkartu ahal izatea, eta hortik aurrera, bestelakoak agertzen badira, aztertuko ditugu; baina, oraingoz, elkartzearekin nahikoa dugu. Kontuan hartu behar da ere Indarra elkartea oso handia dela, 200 lagun inguruk osatzen dugu, arlo ezberdinetan banatuta gaudenak: ume zein nagusien dantza taldeez gain, fanfarrea, herriko musika tresnen eta Inauterien taldeak badaude. Umeen taldeak, esaterako, ez dira oraindik elkartu, baldintzak ez direlako onenak. Ikusi beharko dugu zelan doan guztia.

Dokumentuaren akzioak