Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bizi puska antzeztuak

Dokumentuaren akzioak

Bizi puska antzeztuak

Atzo hasi zen Donostiako dFeria jaialdia, eta igandea bitartean zortzi herrialdetako 25 antzezlan ikusi ahal izango dira

Egilea
Gorka Erostarbe
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2008/07/09

Antzerkiak bizia hartuko du. Edo bizia antzezpen bihurtuko da. Atzo hasi eta larunbata artean bizitza eta antzerkia, antzerkia eta bizitza eskutik joango dira Donostiako dFeria antzerki jaialdian.

Bost egun, 21 antzerki talde, 25 antzezlan. Eta zortzi herrialde. Horra, hotzean, aurtengo jaialdiak eskaintzen dituen datuak. Hego Amerikako antzerki konpainien ugaritasuna da gehien nabarmentzen den ezaugarria. Argentinakoak dira Silvia Vladimsky (El nombre), Grupos Primos (Algo de ruido hace), Enrique Federman (Perras eta No me dejes así), Diana Szeinblum (Alaska) eta Andres Bazzalo (Escrito en el barro). Brasildik dator Cristina Moura (My mother naked eta Like An Idiot) eta Txileko Teatro Gestual konpainiak Su-seso taladro lana eskainiko du.

Tanttaka konpainiari emango dio dFeria jaialdiak aurtengo Viktoria Eugenia saria. 25 urteko ibilbidea osatu du konpainiak, eta tarte horretan egindako lana sarituko diote bihar Viktoria Eugenia antzokian egingo den ekitaldian.

Bestetik, Antzerkia Airean irrati-antzerki lehiaketaren hirugarren ekitaldia zein lanek irabazi duten jakinarazi zuten atzo. Euskarazko atalean, lehen saria eman gabe geratu da, eta bigarrena Alex Tello Arostegiren Berripaperak lanarentzat izan da; ohorezko aipamena ere hutsik geratu da. Gaztelaniazko atalean, Patricia Rosa Veraren El ángel de la bicicleta alada-rentzat izan da lehen saria, Luis Miguel Gonzalez de La Fuenteren Al filo de la verdad-entzat bigarrena, eta Jose Antonio Laboreo Torresen El azor y la paloma-rentzat ohorezko aipamena.

Atzo hasi zen dFeria, Batik konpainiaren Shoku-rekin. Batik izena duen arren, ez da Euskal Herriko konpainia, Japoniakoa baizik. Dantza, antzerkia, performance-a eta musika batzen dituen proposamena dakar. Shoku du izena ikuskizunak eta ukimena esan nahi du. Ikuyu Kuroda koreografo eta dantzaria da zuzendaria. Barne sentimenduak eta ukimen fisikoa azaltzen saiatzen da sei dantzarik egindako dantza subertsiboaren bidez. Bizitza puskak, bizitza antzeztuak. Neurri gabeko dantza, tentsioa, indarkeria, sexua... unibertso propioa sortzeko.

Egitarau osoa, ekimen paraleloak barne, www.dferia.com webgunean ikus daiteke. Gaur eta ondorengo egunetan izango diren proposamenen artean hautatutakoak dira ondorengoak.

Gaur 'Perras' (Enrique Federman)

Bakoitza bere maskotarekin, bi gizonek parke batean topo egiten dute, urte batzuk elkar ikusi gabe egon ondoren. Bat alarguna da eta bestea bananduta dago. Beren txakur emeekiko loturari esker, emakumeekin dituzten harremanak azaltzen dira : maitasuna, indarkeria eta errutina. Bizitza puskak, beste behin. Aurreneko aldiz ikusi ahal izango da Europan, Viktoria Eugenia antzokian (20:30ean eta 23:30ean).

Bihar 'Like an idiot' (Cristina Moura)

Zenbait bulkada fisiko, zehatz, subjektibotatik sorturiko ikerketa koreografiko eta interpretatiboa. Bere buruarekin osaturiko bikotean ageri da Cristina Moura antzezle brasildarra; bera eta bestea da. Barruan dituen beste guztiak izan nahian, gorputza eraldatuz modu objektiboan, argi eta zuzen komunikatzeko, dantzaren hizkuntza erabiliz. Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan eta 01:00etan.

Ostirala, hilak 11 'Alaska' (Diana Szeinblum)

Esperientziak, sentipenak, emozioak, oroitzapenak, memoria... kaotikoki gordetzen diren lekua da Alaska. Diana Szeinblum argentinarra da antzezlanaren egilea eta zuzendaria. Gazteszenan ikusi ahal izango da, 16:00etan.

Larunbata, hilak 12 'Fragmentos' (Peter Brook)

Samuel Becketen lan motzez osatua dago Fragmentos lan poliedrikoa. Eguneroko erritualak, denboraren igarotze bihozgabeaz ahazteko balio duten eguneroko ohiturak tirania era bat ere badirela adierazten du. Viktoria Eugenia antzokian izango da, 18:00etan eta 21:30ean.

Igandea, hilak 13 'Méli-M'elo II la vuelta' (Chicos Mambo)

Transformismoa, pantomima, antzerkia, musika eta dantza. 40 pertsonaia baino gehiago igaroko dira oholtzatik. Viktoria Eugenia antzokian, 19:30ean.

 

Euskal Herriko bost konpainiak osatuko dute aurtengo Dantzaren Plataforma

Organik konpainiaren Lilas eta Malditas, Kukai-Tanttakaren Hnuy Illa, La Dinamikaren Animaliak eta Blanca Arrietaren Muda dFeria jaialdian ikusi ahal izango dira uztailaren 10etik 12ra bitartean. Lau dantza konpainia horiek eta Aukeran dantza taldeak osatzen dute, hain zuzen ere, aurtengo Dantzaren Plataforma. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak bultzatzen du ekimen hori, euskal Herriko dantza produkzioa sustatzeko asmoarekin.

Aukeran dantza taldeak ez du lanik erakutsiko dFeria jaialdian, baina Miarritzeko dantza jaialdian izango da irailean Bideak obrarekin. Organik taldearen Lilas ere erakutsiko dute Miarritzeko jaialdian. Zazpigarren urtez osatu dute Dantzaren Plataforma. Lehen urtetik erakutsi zituzten bertako lanak Donostian eta 2006tik aurrera erakutsi izan dituzte Miarritzen.

Dokumentuaren akzioak