Dokumentuaren akzioak
Bizi oso bat euskal musika tradizionalari eskainia
Eusko Ikaskuntzak Juan Mari Beltrani (Donostia, 1947) eman dio aurtengo Manuel Lekuona Saria, musika ondare tradizionala berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik. Izan ere, euskal musika tradizionalaren ikerlaria da Beltran, eta 2002an, Soinuenea folklore tradizionalaren inguruko dokumentazio, sustapen eta topaketarako zentroa zabaldu zuen Oiartzunen.
Haurra zenean, Beltranek Etxarri Aranatzen (Nafarroa) hasi zuen bere musika ibilbidea. 11 urterekin, herri horretako txistulari taldeko kidea izateaz gain, Udal Musika Bandan klarinetea jotzen zuen, eta 16 urtetarako Argia Donostiako Euskal Dantzari Taldean zegoen. Soinuenea.eus webgunearen arabera, garai hartan, besteak beste, Zuaznabar eta Goikoetxea txalapartariekin, Silvestre Elezkano Txilibrin, Patxi Gorrotxategi eta Leon Bilbao albokariekin, Isidro Ansorena eta Maurizio Elizalde txistulariekin eta Gipuzkoako dultzainero zaharrekin ikasi zuen.
Irakasle gisa, Hernaniko Musika Eskolan egin zituen lehen urratsak alboka, dultzaina, txalaparta, txanbela eta txistua irakasten.
2002an zabaldu zuten Soinuenea, eta instrumentuak, partiturak, diskoak eta beste hainbat altxor aurki daitezke bertan
Irakasle izateaz gain, hainbat musika taldetan ere parte hartu izan du Beltranek: Rafael Ruiz Balerdik sortutako musika garaikide taldean, Sustraiak, Azala, Eltzegor, Xabier Amuriza hirukotea eta Txanbela taldeetan eta Joxan Goikoetxearekin osatzen zuen bikotean. Gainera, hainbat disko ere argitaratu izan ditu: Euskal Herriko soinu tresnak (1985), Egurraren orpotik dator (1993), Beti Ttun Ttun (1995), Arditurri, gogoaren bidezidorretik (2002), Orhiko Xoria (2006), Amasatik Arratera (2007), Mendukiloko hotsak (2008), Txalaparta-ttakun ttan ttakun (2010), Xirolarrua (2012), Hots larretan (2014), Ernioko magalean (2014) eta Kostaldeko soinuak (2019).
Soinuenea
Beltranen proiekturik esanguratsuena Soinuenea-Herri Musika Txokoa da, ziur asko. 1960ko hamarkadan, musika herrikoiari buruzko materialak biltzen hasi zen, formatu eta modalitate guztietan, eta, orain Soinuenea bilakatu denak, 1994an hartu zuen Herri Musikaren Dokumentazio Zentroa izateko norabidea. Hain zuzen ere, 1960ko hamarkadatik osatutako bilduma hori erabili zuen Beltranek zentroa sortzeko.
Proiektua hainbat erakunde eta tokitan aurkeztu ondoren, 1995eko uztailean, Oiartzungo Udalarekin lortutako akordio baten bitartez martxan jarri ziren egitasmo horren antolaketa lanak. Oiartzunen bertan garatu zuten proiektua, Ergoien auzoko eskola publikoa izandako eraikinean.
Bertako aretoetako eta geletako apaletan eta bitrinetan jarri zituzten Beltranen bildumako materialak. Pixkanaka, biblioteka, fonoteka, irudi artxibo eta soinu tresnen datu baseetan material hori guztia sailkatzeko eta artxibatzeko lanak egiten joan ziren.
Azkenean, 2002ko martxoaren 1ean ireki zituen ateak Herri Musikaren Txokoak, eta, geroztik, zabalik daude erakusketa eta dokumentazio zentroa. Euskal Herrian bakarra da museoa, eta bertan, instrumentuak, partiturak, diskoak, ikus-entzunezkoak eta grabazioak biltzen dira, etnomusikologian espezializatutako liburutegi batekin batera.
Manuel Lekuona saria
Aurtengo Manuel Lekuona sariak Soinuenea-Herri Musikaren Txokoaren sortzailearen lana goraipatu nahi izan du, «musika ondare tradizionala berreskuratu, babestu eta transmititzeagatik». 1983an sortu zuten saria, sorkuntza, ikerketa, kultur sustapen edo gizarte garapen alorreko ibilbideak saritzeko. Ordutik, hainbat pertsona esanguratsuk eskuratu izan dute.
Dokumentuaren akzioak