Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bittor eta Lide Olaeta irakasleak dantzaz omenduko dituzte Arriagan

Dokumentuaren akzioak

Bittor eta Lide Olaeta irakasleak dantzaz omenduko dituzte Arriagan

Egilea
Ane Arruti
Komunikabidea
Gara
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2010/06/24

Orain laurogei urte inguru sortu zuen Olaeta Balletak proiektua Segundo Olaetak. Geroztik, dantzari mordoa pasa da bertatik, ikasle zein irakasle, tartean Bittor Olaeta, sortzailearen semea. Duela urtebete pasatxo zendu zen Bittor eta orain, Olaeta Balletak elkarteak omenaldia eskaini nahi die hari eta haren arreba Lideri. Jone Goirizelaia eta Mari Carmen Muñoz elkarteko zuzendariek atzo azaldu zutenez, «omenaldia egiten dakigunarekin egingo dugu, dantza egiten. Bittor bizirik zela bururatu zitzaigun eta bera hemen egotea nahi genuke».

«Bittor eta Lide Olaetari omenaldia» deituriko ikuskizuna dantza tradizionalaren eta Euskal Herriko folklorearen arteko fusioa izango da, ballet klasikoko pausoak gehituta. «Gainera, gure kultura eta balleta uztartuz, euskal sustraiak eta estiloa dituen koreografia eta argumentazioa erabiliko da», esan zuen Goirizelaiak. «Bittor eta Lide gure irakasleei egin nahi diegun omenaldia da, errespetuz eta adeitasunez, irakatsi zigutenetik baina baita urte askotan ikasitakoaren ekarpenekin ere. Hau da, gure ekarpenak ere baditu emanaldiak», gaineratu zuen.

Ekainaren 30ean, 20.00etatik aurrera, 90 dantzari inguru igoko dira Bilboko Arriaga antzokiko taula gainera. Alde batetik, balleteko dantzari ohiak izango dira, baina baita lau urtetik aurrerako haurrak ere, taldean oraintsu hasitakoak.

Euskal dantzak zein aretokoak

Emanaldian Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Abesbatza izango dira, Jon Artetxeren zuzendaritzapean. Euskal dantza ezagunen bilduma batekin hasiko da ikuskizuna. Bittor Olaetaren koreografia eta Jesus Guridiren musika izango du arku-dantza, zahagi-dantza eta Zuberoako maskarada biltzen dituen «Kasket» piezak. Izan ere, konpositorea jaio zela ehun urte bete direla-eta, hari ere omenaldia egiteko aprobetxatuko dute.

Tradiziotik areto dantzetara egingo dute salto segidan. Ines Uriartek, balleteko dantzari ohiak, «Ilunbetik argitara» proposamena aurkeztuko du, bals ingelesa, slow fox-a, tangoa eta quick step dantzak uztartzen dituena. Berea izango da «Ondarruko Venezia» muntaia ere. Gaztetan dantzaleku hartan euskal musikarekin dantzatzen zituzten aretoko dantzak izango ditu oinarri. «Gogoratzen naiz nola `Furra-furra'-rekin pasodoblea dantzatzen genuen, tangoak, salsa...», esan zuen Uriartek.

Olaetaren koreografietara bueltatuz, Guridiren musika izango du «Oinkarin» piezak ere. «Lau urtaroak» euskal balletak, berriz, Jose Luis Francoren musika izango du. Bukatzeko, «Ilargibetea eta Amaia operako ezpata-dantza» eta «Azkoitiko zalduntxoen minuetoa» eskainiko dituzte.

DISEINUA

Eszenografia Irkus Roblesen esku egongo da, Bittor eta Liderekin dantza egin zuen margolariaren esku. Jantzien diseinua, berriz, Olatz Kaltzada dantzari ohiak egin du.

Fitxa

Titulua: «Bittor eta Lide Olaetari omenaldia».

Taldea: Olaeta Balletak.

Lekua: Arriaga antzokia, Bilbo.

Eguna: Ekainaren 30a, asteazkena.

Ordua: 20.00etan.

Sarrerak: 5,60 eta 20 euro artean.

Balletaren ibilbide aberatsa Baionako Euskal Museoan

«Olaeta balletak: Amets baten koreografia» izeneko erakusketa zabalik dago Baionako Euskal Museoan irailaren 26ra arte. Olaeta Balletak proiektuaren ondareko materialekin osatu da eta dantza taldeak duen ibilbide luze bezain aberatsa ekartzen du gogora. Euskal dantzatik abiatuta, Olaeta familiak hizkuntza koreografiko klasiko baterantz eginiko bidaia atzeman daiteke bertan. 1930eko hamarkadatik hasita, ballet taldearen ibilbidea ezagutzera garamatza. Gerra Zibiletik ihesi, Bizkaiko Olaeta balleta Ipar Euskal Herrian, Biarritzen bereziki, kokatu zen. Olaeta balleten ondare aberatsaren balio historiko, artistiko eta sentimentala biltzen da Baionako Museoan, uda osoan zabalik izanen den erakusketan. Ondare zabal eta aberats batetik abiatuta, ia bi urteko ahalegina eskatu duen lan sakon baten ondorio da bilduma. Orain bi urte, Olaeta familiak Bizkaiko Aldundiaren esku utzi zuen bere ondarea. Erakusketaren komisario Cristina Gimenezek 100 elementurekin osatutako sorta bat hautatu du handik. Ondarean, 700 jantzi, 15 musika-tresna, 2.000 argazki, 180 afitxa eta ikus-entzunezko 200 orduko grabaketa baino gehiago biltzen dira. Kazeta.info

p048_f01_200x112.jpg

Dokumentuaren akzioak