Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bit.Art., arte sorkuntzaren eta hiriaren egunerokotasunaren arteko zubia

Dokumentuaren akzioak

Bit.Art., arte sorkuntzaren eta hiriaren egunerokotasunaren arteko zubia

Ekimen horri esker Iñaki Imazen bideo artistiko bat dago ikusgai Donostiako hainbat saltokitan

Egilea
Gorka Erostarbe
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2000/04/02

Artea eta hiritarra; hiritarra eta artea. Elkarrengandik urrun dauden terminoak dira usu. Urrunegi eta usuegi akaso. Bien arteko harremanak sendotzeko, bien arteko zubiak eraikitzeko asmoz sortua da Bit.Art. egitasmoa. Lan-gune nagusitzat Arteleku duen Adeshoras dantza garaikideko konpainiarena da proiektua aurrera eramateko ardura: artea eta sorkuntza hiriaren egunerokotasunera hurbiltzeko erronka.

Hiru lagunek osatzen dute Adeshoras dantza garaikideko konpainia: Silvia Clemente, Maite Berasategi eta Arantxa Balenziagak. Urte asko daramatzate Donostiako Artelekun lan egiten, «artistekin harreman ugari ditugu horren ondorioz».

Merkatari Elkargoak eskatuta

Iazko maiatza heltzear zela gauzatu zuten estraineko Bit.Art. ekimena. «Groseko Merkatari Elkargoa Artelekurekin jarri zen harremanetan, auzoko giroa dinamizatzeko egitasmo bat koordina zezakeen norbaiten bila», adierazi digu Maite Berasategik. Hutsik, edota jabeen arteko igarotze prozesuan dauden lokalak, arte ekimen edota zernahi adierazpide garaikiderentzako gune bilakatzean zetzan egitasmoak. «Elkargokoak gurekin harremanetan jartzean, kotxe kontzesionario zahar bat erabilgarri zegoen astebeterako. Presaka atondu genuen eta astebetez okupatu genuen lokal hura. Guk dantzatu egiten genuen eta beste hainbat kolaborazio ere izan genituen. Margolariak, bideo-egileak, argazkilariak... Kanpoko jendeari ateak ireki eta klaseak ere eskaini genizkien».

Ekintza haren ondotik beste batzuk etorri ziren. Azkenak, Iñaki Imazek eginiko bideo artistiko bat Groseko hainbat establezimendutako monitoreetan erakustea, eta Iñaki Rodriguezek eginiko postal bat Postal-free erakustokietan jartzea izan dira. Bi ekintzak martxan dira oraindik ere: «Etengabe eraldatuz doazen ekimenak dira. Bi artista horiei beste artista batzuen lanek emango diote jarraipena. Arteari, ohikoak ez zaizkion euskarriak bilatzea da gakoa».

Hiriaren egitura osatuak profitatuz, artearen eta hiritarren arteko komunikazioa errazteko plataforma izateko xedea du Bit.Art.-ek. «Jada erabiliak diren hiri-guneak ustiatu gura ditugu artea eta sorkuntza adierazpide garaikideak hiritarrengana hurbiltzeko, artearen ohiko guneetara joan ohi ez den hiritarra artera urreratzeko».

Komunikazioa «oinarrizko sustengu» da Bit.Art.-eko kideentzat: «Dantza taldeko hiru kideez gain, hainbat artistarekin harremanak ditugu. Esaterako, Iñaki Rodriguez artista plastikoak uneoro dihardu gurekin elkarlanean. Gainera, gu artearen mundutik ez gatozenez, arlo horretako hainbat aholkulari ere baditugu». Instituzioen babesa baduten arren —Gipuzkoako diputazioa, Donostia Kultura— esponsorizazio pribatua lortzeko saioan ari dira: «Proiektu autonomo bat izateko guraria dugu. Hots, ez genuke instituzioen menpe egon nahi».

Edozein gune baliatzeko prest

Orain arteko ekintza guztiak Donostian eta bereziki Gros auzoan kokatu badira ere, horretarako arrazoi berezirik ez ei dago: «Auzoa eta hiriaren egituren ideia interesatzen zaigu. Lokal hustuez baliatzen hasi ginen arren, edozein gunetan lan egiteko prest gaude: nola gune publikotan hala pribatuetan ere, eta noski... baita kalean ere», diosku Maite Berasategik. Proiektuaren funtsa azken batean, «artistak eta hiritarrak harremanetan jartzea da. Artista eta eguneroko bizitzaren artean komunikazio zubiak eraikitzea». Horretan dihardute buru-belarri.

Dokumentuaren akzioak