Dokumentuaren akzioak
Bistasuna
'Orphée et Eurydice'
Bitasuna izan daiteke Marseillako Balet Nazionalak Bilbora ekarritako lanaren ezaugarri nagusia. Bitasuna, jatorrizko partituraren egilea Gluck izan arren, Berliozen bertsioan oinarritu delako eszenaratzea, eta bitasuna, eszenaratze horretan maila berean egon direlako musika eta dantza. Glucken opera barrokoan ere presentzia nabarmena zeukan dantzak, eta mendeetan zehar horrek ahalbidetu du beste koreografo batzuek beren proposamenak sortu izana.
Oraingo koreografia, adibidez, Frederic Flamandena da, baina egiari zor, ezin dugu esan dantzaren diseinuak beste munduko inspiraziorik erakutsi duenik. Emaitza ikusita, nik esango nuke Flamand gehiago zentratu dela eszena gaineko elementuen arteko elkarlanean, eta, bide horretatik, garrantzi handia hartu dute agertoki erdian jarritako pantaila zeharrargiak eta bertan proiektaturiko irudiek. Izan ere, irudiok arreta gune nagusia izan dira, pantailan hainbat maketa miresgarriren eraikitze prozesua erakutsi dutelako, protagonistek bizi izandako paisaiak era metaforikoan irudikatuz eta alboetatik agertzen ziren eskuekin jainkoen erabakimena eta ahalak sinbolizatuz.
Erdiko pantailak, gainera, Orfeo eta Euridizeren munduak banatu ditu eta, protagonistaren barne gatazkaren adierazgarri, Orfeo zuria eta Orfeo beltza sortu ditu koreografoak, dantzari banak gorpuztuta. Musikan, hiru opera abeslarirekin interpretatu dituzte Orfeo, Euridize eta Amodioren rolak —beste batzuetan bezala, emakumeak izan dira hirurak— eta haiek ere ibili dira paraleloan beren roletako dantzariekin, horrela sortuz beste era bateko bitasuna.
Bestetik, koreografoak gaurko munduaren eta greziar mitologiaren arteko paralelismoa ezarri nahi izan du, irudi proiektatuetan hiri modernoetako paisaiak eraikiz eta dantzariei exekutibo itxura emanez. Horrek, ordea, erabateko gristasuna eman die jantziei eta irudiei, eta kolore-paleta zurbil horretan Euridizeren urdina eta Orfeoren zuria izan dira bariazio ia bakarrak, betiere hoztasunean.
Azkenik, dantzaren ezaugarri izan dira dotorezia, erabateko isiltasuna eta aire-sentsazioari emandako garrantzia. Lengoaia garaikide aratzean kokatu dira konpainia eta beltzez jantzitako Orfeo. Orfeo zuriak, berriz, gehiago luzitu du heziketa klasikoa, eta Euridize erdibidean ibili da. Denek erakutsi dute konpainia handi bati dagokion maila, eta badirudi protagonisten interpretazioa haien balizko sentimenduen gainean eratu dela. Hala ere, dantzak ez du gainditu gainontzeko elementuen indarra eta, nik behintzat, partitura eder baten apaingarri soiltzat ikusi dut.
Bilboko Arriaga antzokian egindako emanaldia. / ARRIAGA ANTZOKIA
Dokumentuaren akzioak