Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Biraka dantza taldeak zinema eta musikalak nahastu ditu gaur estreinatuko duen lanean

Dokumentuaren akzioak

Biraka dantza taldeak zinema eta musikalak nahastu ditu gaur estreinatuko duen lanean

Eszenak

Egilea
Itziar Amestoy
Komunikabidea
Gara
Tokia
Gasteiz
Mota
Albistea
Data
2009/06/05

Zuzendariaren azken oharrak entzuten dira. Grabaziorako prest dago dena. Lehen dantza ikus daiteke agertokian, baina, amaitu aurretik, ustekabeko gertaera batek ikuslea harrituko du: hilketa bat. Ondoren datorren ikerketa osoa da «Zinema-musikala» lanaren ardatza. Biraka dantza eskolak aurten ikasturtea oso era berezian amaituko du, lan hau estreinatuko baitu gaur arratsaldean Eibarreko Coliseo antzokian.

Kurtsoa amaitu eta ondorengo jaialdian urtero egin ohi zuten emanaldi berezi bat, ez beste taldeek bezala baizik eta ildo bat aurkituz eta ikuskizun oso bat eskainiz. Biraka dantza eskolan klaseak ematen dituen Josu Mujikak, ordea, aurten ikasleen maila nahiko altua zela eta zerbait gehiago egiteko aukera zutela ikusi zuen. «Ikasleen mailak zerbait osoagoa egiteko aukera ematen zidan niri eta, beraientzat, ikuskizun baten erritmoa ezagutzeko aukera zen», azaldu du. Erabakia hartuta, Mujika buruan zituen ideiak egituratzen hasi zen. «Musikalak asko gustatzen zaizkit, eta horrelako zerbait egiteko gogoa nuen; gainera, argi neukan hilketa batek izan behar zuela abiapuntua».

Horrenbestez, pelikuletako soinu bandetan oinarritutako musikala sortzen hasi ziren. Taula gainean ez da ahotsik, entzuten diren hitz bakarrak grabatutakoak dira; Nafarroako Antzerki Eskolaren laguntzarekin grabatu dituzte. Dantzei dagokionez, berriz, oso estilo ezberdinak biltzen dira; break-dancea, klasikoa, jazza, garaikidea...

Gaur arratsaldean iritsiko zaie azken hilabeteetan egin duten lan gogorraren emaitza erakusteko unea. Geroari begira, Mujikak bi jarraipen mota ikusten dizkio ikuskizunari. Alde batetik, ez du uste obra erabat itxita dagoenik: «Badago tokia saio ezberdin gehiago sartzeko». Gainera, dantzariek abesteko aukera ere ikusten du. «Aurten ezin izan dugu egin; bagenuen musika nork sortu, baina ekimena handiegia bihurtzen ari zen».

Gaur emanaldiaren ostean, bestalde, aurkezpen gehiago egiteko asmoa adierazi du koreografoak. Elgoibarren izango dira hilaren 19an. «Beste leku batzuetan izatea ere gustatuko litzaiguke», amaitu du.

ESTILO UGARI

Soinu-bandetan oinarritzen diren dantzak direnez, oso estilo desberdinak ikusi ahal izango dira; besteak beste, dantza garaikidea, klasikoa, jazza eta break-dancea.

Jendartean zabaltzeko dantza ulergarriak egitea, Mujikaren helburua

Publiko aurrean gaur lehen aldiz ikusiko den arren, Josu Mujika sortzaileak aspergarria suertatzen ez den ikuskizuna egin dutela adierazi du. «Erritmo handiko lana da», esan du. Hori dela eta, publikoak ondo pasako duela uste du. Bestalde, dantza «erraza» dela nabarmendu nahi izan du. Ez da dantzariek oztopo gabeko bidea dutenik, baizik eta publikoak ulertu dezan egin dituela koreografiak. «Batzuetan dantza, hain abstraktua denez, adituentzat interesgarria da, baina ez dantza ulertzen ez dutenentzat». Hori dela eta, adituak ez direnen hurbil izatea bilatu du. «Ez da ikuskizun hotza; musika ezaguna da eta istorio bat dugu atzean», esan du. I. A.

p048_f01_148x88.jpg

Dokumentuaren akzioak