Dokumentuaren akzioak
Biolentzia errugabea
'Carmen'
Opera haur baten begietan. Ezjakintasuna eta errugabetasuna martxan jartzen diren begi gardenetan. Begiratu eta ikusi urtzen diren alaitasun amaigabean Georges Bizeten Carmen opera igarotzen da, biolentzia, sexua, amodioa, gorrotoa eta mintasuna gori-gori jorratzeraino. Haurrak ez du erdia ere ulertzen, ez du beharrik, biolentzia, sexu eta gorroto hitzak ez baititu bere egunerokoan erabiltzen, eta begiratzen duen kontaketa harridura aurpegi leloarekin barneratzen saiatzen da, nahiz eta ulertezina izan. Pasioz beteriko Carmen pertsonaia alderdirik basatienarekin loreztatzen du Johan Inger koreografoak, Espainiako Dantza Konpainia Nazionalak enkargatutako lan honetan. Suediar baten ikuspegia hegoaldeko herrialdeko istorio sutsu baten dantzan. Emaitza ikusgarria izatetik —aurreko asteko kritikan jardundako gaiarekin lotuta, honakoan ikusleek ez zuten eztulik zipriztindu, ikusmen zentzumena bereziki erne baitzegoen— gozamen iturri izatera pasatzen da lehen minututik azkeneraino. Urteetan gozatu dudan dantza ikuskizunik biribil eta gozagarriena izan da Inger suediarrak proposatu eta konpainiak gauzaturikoa.
Zortzi zutabe mugikor, Tom Visserren argiztapen zoragarri bat eta dantzari fin batzuk nahikoak izan ziren ikusleria kontaketa intentsu eta gogor batean barneratzeko. Itzala pertsonaien atzetik, Carmen pinpirina Don Jose eta Escamilloren arimak urtzen, eta haur inozo bat gertaera guztien testigu, eszena mugimendu basati eta jostari batean murgilduz, Rodion Shchedrin eta Georges Bizeten musiken erritmoak ikusteraino. Emilia Gisladottirrek, Carmenen rolean, gorputza espresiobiderik zirraragarrienean eraldatu zuen, une oro sentipenen aginduetara, fidagarritasun handiz. Daan Vervoort ez zen makal aritu Don Jose bezala, hasieran astun gerrialde higiduretan, baina amaieran guztiz solte Carmenen gorputzean txertatuz. Emanaldi bizi, dotore, kutsakor eta liluragarria lehen hatsetik azken arnasaraino, guztiz harrigarri eta gomendagarri.
Dokumentuaren akzioak