Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Biluzte prozesuak

Dokumentuaren akzioak

Biluzte prozesuak

Kritika, Estriptis

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2008/06/20

Gaueko sei saioak banan-banan aztertzen hasiz gero, nahiko produktu konbentzionala zirudien Amargorenak hasiera batean, baina egiatan interesgarria izan zen arropa kentzearen protagonismoa bi gizonei ematea, emakumea idazkari lanetan zegoela, eta bestalde, estimagarria iruditu zitzaidan lengoaia garaikidea flamenkoaren arrasto batzuekin erabili izana. Sol Picoren proposamenean, berriz, agerian geratu zen haren estilo probokatzailea, strip-teasearen ostean soberan zituen kiloak ere erantzi zituelako dantzariak, haragi itxurako protesi guztiak labanarekin ebakiz.

Jarraian etorritako saioa seietan zirraragarria izan zen, nire gusturako: Carlos Padrissaren piezan soprano batek bere bularretakoa eranzten du taula gainean, eta, aldi berean, gorputz erakustaldi hori bigarren planora igarotzen da, neurri batean irudi proiektatuen atzean gertatzen delako, baina bereziki Carmina Buranaren kanta baten moldaketak emozioen igoera nabarmena eragiten duelako. Mario Gasen pieza, aldiz, oso ondo hasi zen, eta uste dut onena eta guzti izan zitekeela, jai hartatik etorritako emakume dezepzionatuak telefono deia eskegi eta berehala amaitu izan balitz. Zuzendariak, ordea, une hartako indar dramatikoa pasatzen utzi zuen eta neurrigabe luzatu zuen egoera, erabateko epeltasunean jausi arte.

Jaime Chavarrik txukun irudikatu zuen emakume batek irudimenezko zentauro batekin izandako fantasia erotikoa, eta, azkenik, Andres Limak ezkonberrien gaineko parodia gordina eratu zuen, inpaktu handiko efektuak erabiliz eta bikotea gordinkeria osoz biluzaraziz.

 

Zuzendariak: Rafael Amargo, Sol Pico, Carlos Padrissa, Mario Gas, Jaime Chavarri, Andres Lima.

Lekua: Bilboko Arriaga antzokia.

Eguna: Ekainak 17.

Dokumentuaren akzioak