Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Biluztasunean

Dokumentuaren akzioak

Biluztasunean

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2021/11/27
Lotura
Berria

'La desnudez'

Zuzendaritza, koreografia eta eremu eszenikoa: Daniel Abreu. Musikaria: Hugo Portas. Musika: Tarquinio Merula, Claudio Monteverdi, Gabriel Faure, Henry Purcell. Argiak: Irene Cantero. Dantzariak: Daniel Abreu, Dacil Gonzalez. Lekua: Bilboko AZko auditoriuma. Eguna: azaroaren 25a.

 

Hogeita bost bat haga egurrezko izan dira tarte batez taula gaineko elementu nabarmenenak Daniel Abreuren eta Dacil Gonzalezen arteko duelu eszenikoan. Aurtengo Dantzaldiak Espainiako Dantza Sari Nazional hauek ekarri ditu, eta Bilboko AZko auditoriuma ia goraino bete da gazte jende askorekin eta, oro har, bi dantzari hauen arteaz gozatzeko nahian genbiltzanokin.

Behegaina estaltzen zuen oihal beltz baten azpian ibili da hasiera batean Dacil Gonzalezen irudia, musika ilun baina inguratzailean bilduta Daniel Abreuk egurrezko haga haiek hondotik eszenako ahora ekartzen zituen bitartean, eta, metaforikoki lur azpitik irtenda, Abreuren inguruan eratu du eskultura moduko bat makilekin. Gona luzea eta alkandora itxuragabea jantzita zebilen Gonzalez —Abreu, alkandora urdina eta praka bakeroak— eta gizona bere korapilotik askatu denean, erronka moduan eta ausaz bota dizkio makilak emakumeak, eta gizonak zehaztasun osoz hartu.

Honezkero esan liteke bikote harremanetan ari zirela arakatzen biak ala biak, eta hori berori aitortzen du koreografoak bere azalpenetan, baina aspaldiko kontu hori hain urrundik izan da hartua, ezen ia-ia ez baikara konturatu ere egin. Baliteke egiatan bestearen beharra taularatu nahi izana, baliteke besteak sortutako nekea, bestea norberaren osagarri bezala, besteak eragindako desira hor azpian egon izana, baina nik behintzat nahiago izan dut bien eboluzio misteriotsuetan murgildu, denboratik eta mundutik kanpo, haien soiltasun eta perfekzioaren hipnotismoan harrapatuta.

Bide horretatik, une batean amodio-dantza moduko bat egin dute, biek zeharo biluzik eta elkar ia ukitu barik. Airea beti zegoen bien artean, haragitasunetik baino espiritualtasunetik askoz hurbilago zeuden, eta, kemen izugarrizko borroka-eszena baten ostean, abiadura geldoko arabeskoen pasarte batean diluitu da erasoa.

Jakina, proposamena Abreuk hain ondo maneiatzen duen abstrakzioaren eremuan mantendu da une oro, arropa aldaketa batzuekin eta argien diseinu miresgarriarekin batera —artelantzat jotzen dut duda barik—, eta guztiak amaituta zirudienean, after musikan bildutako eboluzio paralelo orbangabeak etorri dira, eta, haien ostean, piano zatikatu baten puskak, kez betetako plastikozko poltsak, Hugo Portas tuba jotzailearen presentzia eta musika, lehenagokoak baino esplizituagoak izan diren amodio-irudiak eta argi estroboskopiko pean izandako pasarte bizigarriak, denon entusiasmoa eta esker ona piztu dituztenak.

Dokumentuaren akzioak