Dokumentuaren akzioak
Bilbon Erakustazoka zegoen lekuan egingo dute azkenik Arte Eszenikoen Zentroa
Eusko Jaurlaritzaren eraikina da, eta guztira 3.180 metro koadro izango ditu eta 11 metro garai izango da
Atzera aurrerak izan ditu nagusi Arte Eszenikoen Zentroa egiteko
proiektuak. 2006an, Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu zion Eusko
Jaurlaritzari sortzeko zentroa. 2007-08ko ikasturtea jarri zion muga
gisa. Aurrez, sektoreko plataformak zentroaren beharraz ohartarazia
zuen.
Eskaera aintzat hartu zuen Jaurlaritzak, baina kokapena eta
eraikitzeko epeak aldatu egin dira harrezkero. Besteak beste, Donostia,
ETBren Iurretako (Bizkaia) egoitza zaharra eta EHU Euskal Herriko
Unibertsitatearen Leioako (Bizkaia) campusa izan zituen buruan
Jaurlaritzak. Bilboko Udalak, ordea, hirian nahi izan du betidanik
zentroa, eta akordioa egin zuen Hezkuntza Sailarekin. Alondegiko 1.800
metro koadro eskaini zizkion Iñaki Azkuna alkateak Hezkuntza sailburu
Tontxu Camposi. Iragarri zuten 2008-09ko ikasturtean abiatuko zituztela
eskolak.
Lekua hitzartu bai, baina lanak ez atzera ez aurrera geratu
ziren. Campos buru zuen sailaren «utzikeria» salatu zuen atzo Isabel
Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. «Proiektua denbora
gehiegiz egon da geldirik, eta, nik dakidanagatik, ez da Bilboko
Udalarengatik izan». Agintea hartu ondotik proiektua bideratzen
ahalegindu dela ziurtatu zuen Zelaak, eta ezinbestean baztertu behar
izan dutela Alondegiko proiektua, ez dituelako baldintzak betetzen.
Azkunak berak ere onartu du Alondegia ez dela egokiena, gisa horretako
zentroak ezaugarri bereziak ditu eta. «Bote lasterrean eskaini genuen».
Alondegia baino egokiagoa
Alondegia bazterturik, Erakustazoka zegoeneko 7. pabiloian
eraikiko dute Arte Eszenikoen Zentroa. Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa
da eraikina -BECen akzio batzuen truke aldatu zuen Bizkaiko
Diputazioarekin eta Bilboko Udalarekin-, eta dagoeneko hasi dute
Hezkuntza Sailaren esku jartzeko prozedura. Elkarrekin lortutako bi
eraikinetan egongo da zentroa, eta guztira 3.180 metro koadro izango
ditu. Altueran, 11 metro. «Halako ezaugarriak dituen zentro batentzat
aski izango da», adierazi zuen Zelaak.
EITBren eta Bizkaiko Ogasunaren atzealdean egongo da Arte
Eszenikoen Zentroa. Biziberritzen ari den eremua da. Besteak beste,
A-8ko sarrera berria eraikitzen ari dira -Sabino Aranakoaren ordezkoa
izango da-, eta inguruan eraikiko dute San Mames futbol zelai berria
ere. Hezkuntzaren alorrean, han dago EHUren ingeniaritza eskola.
Unibertsitatearen beste hiru eraikin eraikitzeko lanak urrian hasi
zituzten.
Lanen aurrekontua zehazteko dute oraindik, proiektua bera egin
gabe dagoelako. Hala ere, datorren urteko aurrekontuetatik bideratuko
dute dirua. Zelaak esan zuen eraikin berria egitea baino merkeagoa
izango dela, oraingoa egokitzea aski baita.
Lekua erabakita, ze ikasketa eskaintza egin aztertu beharko
dute. Zelaak aurreratu zuen heziketa arautua eta ez-arautua emateko
asmoa dutela. Ordea, sailburuaren arabera, dena egiteko dago, aurreko
sailak ez zuelako egin. Eskaintza erabakitzeko, Hezkuntza Saileko
kideez eta arte eszenikoen inguruan dabiltzanez osatutako batzordea
sortu dute. Arte dramatikoa eta dantza eskaintzeko asmoa du Eusko
Jaurlaritzak.
Dokumentuaren akzioak