Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bilbon jarriko dute arte eszenikoen goi mailako eskola

Dokumentuaren akzioak

Bilbon jarriko dute arte eszenikoen goi mailako eskola

2008-2009ko ikasturtean eskolak abiatzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak

Egilea
Zuberoa Iturburu
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2007/10/19

Eskolan, goi mailako titulazioa eskuratuko dute lau ikasturteak gainditzen dituzten ikasleek. Ikastegia ez da unibertsitatearen barruan egongo, baina titulua lizentziaturaren baliokide izango da. «Titulu ofiziala izango da, eta goi mailako titulazioen parametroen arabera emango dugu», jakinarazi du Tontxu Camposek. Horrela, «sektoreko profesionalek urtetan eskatutakoa» beteko dute. Izan ere, gaur egun, Euskal Herritik kanpora joan beharra dago arte eszenikoen ikasketa ofizialak egitera.

Azken urtean, Hezkuntza Sailak profesionalekin hainbat bilera egin dutela esan du Camposek. Baina oraindik ez diete erabakiaren berri eman. Iñaki Azkunak adierazi duenez, kokalekua behin ezarrita, profesionalek parte hartu ahal izango dute, hau da, edukietaz eurekin eztabaidatu ahal izango da.

Campos ere horren aldekoa da: «Ahal dugun pertsona guztiak aintzat hartzeko prest gaude; ekimen publiko honetan, ahalik eta jende gehien hurbiltzea interesatzen zaigu, kalitate handieneko eskaintza bermatu ahal izateko».

Ikasketa lerroak zehazteko orduan ere, profesionalek bileretan egindako ekarpenak kontuan hartu dituzte. Gainera, Espainian eta handik kanpo zer eskaintza dagoen ikusteko txostena enkargatu zuten.

Horiek ikusita, arte dramatikoaren alorrean, Antzeztoki zuzendaritza eta Testu-antzeztea eskaini nahi dituzte. Eta eskaria egonez gero, hurrengo fasean, Dramaturgia eta Keinu bidezko interpretazioa ere irakatsiko dute. Dantzari dagokionez, klasikoa eta garaikidea irakatsi nahi dute. Baina, klasikoaren barruan, Dantzaren pedagogia ere sartuko dute, eskaria handia izanez gero.

Eduki horiek, lau ikasturtetan antolatuko dituzte. Ikasleak, berriz, hogei edo 24 lagunetako geletan banatuko dituzte.

EUSKARAREN PRESENTZIA. Oraindik ez dute zehaztu hizkuntza bakoitzak zein tarte izango duen ikasketetan. Ezta ere euskarak zein presentzia izango duen. Hezkuntza sailburuak dioenez, beragatik balitz, «euskarak tarte osoa hartuko luke». Baina, «gizarte eleanitz baten biderako apostua egiten badugu, horren alde egiten badugu, planteamendu honetan ere, horretara jo beharko dugu».

Zentzu horretan, Camposek ahalik eta irakaslerik «onenak» behar direla deritzo. «Euskaraz eta gaztelaniaz, baina baita ingelesez edo frantsesez ere». Hartara, goi mailako ikastetxe bat bihurtu ahal izango litzateke, eta hori nahi du sailburuak. Hau da, «Europako ikastetxerik onena edo onenetakoa izatea». Irakasle horiek aukeratzeko, tenorea iristen denean lan eskaintza publikoa zabalduko dutela iragarri du, «egitasmo publikoa delako».

2.200 METRO KOADRO. Alondegiko 2.200 metro koadro eskainiko dizkiote, ziurrenik, eskolari. Hori ez da ikastegia kokatzeko izan zuten lehen ideia, ordea. Alondegia aukeratu aurretik, beste leku batzuk kontuan hartu zituzten, Iurretako EITB-ren egoitza zaharra edo Euskal Herriko Unibertsitateak Leioan duen kanpusa, esaterako.

Baina, azkenean, Bilboko eraikina lehenetsi zuten. «Ez da erraza Iurretako eraikinera iristea eta, Leioako kanpusa ere, ez da Alondegia bezain egokia», Camposen iritziz. Azken hori, arte eszenikoaren ikasketari hobeto doakiola uste du.

Iñaki Azkunak ere Alondegiak hainbat abantaila daukala uste du: «Hiriaren erdian dago, ondo komunikatuta dago eta, eraikina, dagoeneko eginda dago». Gainera, han dauden gainontzeko baliabideak erabiltzeko aukera ere izango dute ikasleek. Besteak beste, sarrera -6.300 metro koadro-, auditorioa eta egingo duten erakusketa aretoa. Areto horrek 1.200 metro koadro izango du, eta hiriak izango duen solairu bakarreko erakusketa aretorik handiena izango da.

Bilboko alkatearen aburuz, gainera, eskola sortzea «Bilborentzako onuragarria izango da, baita Euskadirentzako ere».

Orain arteko urratsak

2006

Otsailaren 16a: Sektoreko plataformaren ordezkariek Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko sailburuorde Pello Otxoarekin bilera egin zuten, eta goi mailako ikastegi Ofiziala sortzeko beharra azaldu zioten.

Apirilaren 24a: Isabel Celaa, PSE-EEko legebiltzarkideak, eskola sortzeko legez besteko proposamena aurkeztu zuen Legebiltzarrean. Alderdiek aho batez onartu zuten proposamena, eta 2007-2008ko ikasturterako eskola sortzeko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari.

2007

Martxoaren 21a: Sektoreko 2.000 profesionalek eskolaren proiektuari ekiteko lan taldea eratzeko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzariko Hezkuntza sailburuari, Tontxu Camposi.

Urtarrila: Hezkuntza Saila eta Bilboko Udala, ikastegia Bilbon kokatzeko elkarrizketari ekin zioten.

Urriaren 18a: Hezkuntza sailburuak, Tontxu Canposek, eta Bilboko alkateak, Iñaki Azkunak, eskola Bilboko Alondegian ezartzeko aurreakordioa sinatu zuten.

Dokumentuaren akzioak