Dokumentuaren akzioak
Bilboko Kalealdiak 24.500 ikusle bildu ditu, iaz baino %10 gehiago
"Jendearen parte hartze handia eta ikuskizunen aniztasuna eta kalitatea" izan dira Bilboko Udalak balantzea egiterakoan nabarmendu dituen alderdi nagusiak
Bilboko Kalealdiaren aurtengo edizioko egitarauak jende ugari bildu du ikuskizun gehienetan. "Batez besteko kalitate maila handia eta genero eta formatu aniztasun zabala izan dira zirku emanaldiak, dantza, mimoa, clowna, malabarismoa, performance artistikoak eta abar uztartu dituen ziklo honen ezaugarri nagusiak", azaldu dute antolatzaileek.
Arriaga antzokiaren alboko aldean eta Areatzako karpan jarritako eszenatoki berriak izan dira aurtengo berrikuntzarik aipagarrienetakoak. Lekuaren tamainagatik jende kopuru mugatua hartu duen karpa formatu berriaren arrakasta ikusita, antolatzaileek datorren urtean Etxebarria parkera eraman eta edukiera handitzeko aukera aztertuko dute.
Ikuspuntu artistikotik, Hortzmuga talde bilbotarraren 'Nola' muntaia berriaren estreinaldia izan da amaitu berri den jaialdiaren osagairik nabarmenenetakoa. Halaber, La Salamandre, Sacekripa eta La Mini Compagnie talde frantsesek ere jendetza bildu zuten euren ikuskizunekin. Naoto Okada artista japoniarra, Laos bikote akrobatiko argentinarra eta Kukai dantza taldearen 'Gelajauziak' koreografiak ere publikoaren harrera beroa jaso zuten.
Bilboko Kalealdia Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu du, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Metro Bilbaoren eta Institutu Frantsesaren lankidetzarekin.
Dokumentuaren akzioak