Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bilboko Kafe Antzokiak 7. urteurrena ospatu zuen

Dokumentuaren akzioak

Bilboko Kafe Antzokiak 7. urteurrena ospatu zuen

Kulturaren munduko pertsona ugarik parte hartu zuen igande iluntzean egin zen festan

Egilea
Bilbo
Komunikabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
2002/12/17

Euskal kulturaren munduko jende ugari bildu zen Bilbon ­musikariak, idazleak, margolariak, kantariak,... ­ eta 19.30ak inguruan hasi zen ekitaldia. Joxe Angel Irigarai idazlea aurkezpen lanetan aritu ondoren, Jean Mixel Bedaxagar zuberotar kantaria izan zen taula gainera igotzen lehena.



Ondoren, Argia dantza taldea aritu zen. Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean obra berria estreinatu berri dute. Euskal Herrian dantza tradizionalen erakusgarri gorenetakoa da. Momentu gogoangarria izan zen Kafe Antzokiko festan dantzari eta musikarien arteko hartu- emana, eta txalo zaparrada bat-batekoa izan zen.



Ondoren, eta luncharen aurretik, Bilboko Kafe Antzokiko langileak igo ziren eszenatokira eta bertan lan egiten dutenek merezitako omenaldia jaso zuten igandean.



Ekitaldiaren bigarren atala umorez jantzita hasi zen Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoekin. Ondoren, musikari tartea eginez, eszenatokira igo zena Rafa Rueda PiLT taldeko kantaria izan zen, gitarra akustiko batekin; "Kontzientziaren Ateak" abestu zuen. Berarekin batera Txuma Murugarren izan zen, bata gitarra akustikoarekin eta bestea elektrikoarekin aritu ziren eta jendearen txalo beroak jaso zituzten. Alaitasuna zen nagusi jendearen aurpegietan eta Asisko Urmeneta marrazkilaria taula gainera igo zenean barre algarak laster iritsi ziren.



Ekitaldiaren azken txanpan sartuak, Leire Saitua kantariak "Gaztelu" kanta abestu zuen; kopla eta bertsoen ondoren, Anje Duhalde kantariak eman zion ekitaldiari amaiera eta jendearen artean konplizitate aurpegiak nabari ziren.



Ekitaldi berezia, era batean xumetasunez beterikoa, baina esanahi esanguratsu handikoa. Zazpi urte Bilbon euskal mundua eta kultura bultzatzen eta, era berean, hiritarren bilgune izan da.



Hala eta guztiz ere, argi ikusi da indarra, sentimendua eta elkartasuna batuta beti aurrera egiten dela. Zazpi urte hauetan hala egin eta erakutsi izan du Bilboko Kafe Antzokiak.

Dokumentuaren akzioak