Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bilbo agertoki

Dokumentuaren akzioak

Bilbo agertoki

Dantzarik eta antzerkirik berritzaileena erakutsiko dute 26 konpainiak BAD jaialdian, bihartik aurrera

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2006/10/26

Halaber, Zazpikaleak hartuko dituzte artistek, Itineris Apur Bad ekimen berriari esker. Lau konpainiak, Masmedula Teatrok, Mamak, Izaskun Santamariak eta Leire Ucha eta Miriam K. Martxantek osatutako bikoteak, ohiz kanpoko espazioetan eskainiko dituzte beren pieza laburrak azaroaren 2an. Unamuno plazan hasi eta Hika Ateneoren egoitzan bukatuko den ibilbidea osatuko dute denen artean. Ikusleek Bidebarrieta eta Victor kaleetatik igaro beharko dute, ibilbide artistikoari jarraitu nahi badiote. Dantza, komedia, drama eta performance-a uztartzen dituzten obrak eskainiko dituzte Itineris Apur Bad-en parte hartuko duten artistek.

BAD gehiago atalaren barruan, jaialdia osatzen duten jarduerak antolatu dituzte urtero legez. Bad off izeneko sailean, Euskal Herriko hainbat taldek erakutsiko dituzte beren lanak San Frantziskoko auzo etxean. My Jok (hilaren 30ean), Mikel Somiñona (hilaren 31n) eta Helena Golab (azaroaren 2an) ariko dira, beste batzuen artean. BilbaoEszenan, bestalde, hainbat diziplinari buruzko mintegiak emango dituzte zenbait adituk. Eta, gainera, Kaleko Arte Eszenikoen Topaketa Profesionalak egingo dituzte, hitzaldi zikloak eta mahai-inguruak ematearekin batera.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatzen du BAD. Eta Jon Sanchez Kultura zinegotziak esan du jaialdiak nazioartean ospea duten konpainiak ekartzeko helburua duela. Baina festibalak artista sonatuen erakusleiho baino gehiago izan nahi du, Sanchezen hitzetan. «Sortzaile berrien lanak ezagutarazi nahi ditu, eta ikusle berriak erakarri antzokietara».

Iaz 8.000tik gora lagun bildu zituzten BADek eskainitako emanaldiek, eta aurten marka hori gainditzea espero du Kultura Sailak.

BI ESTREINALDI. Zero Teatrok Metafora + obra eskaintzearekin batera hasiko da jaialdia bihar. Euskal Herriko konpainiak Arriaga antzokian erakutsiko du areto itxietan emateko moldatu duen kale ikuskizuna. Aurtengo Leioako Umore Azokan estreinatu zuten Metafora +. BADen inaugurazio ekitaldirako aukeratu duten lanak zirku ariketak, dantza eta antzerkia uztartzen ditu.

Hortik aurrera, makina bat antzerki eta dantza pieza ikusteko aukera izango da Bilbon. Bilborocken, esaterako, Anne Seagrave irlandarrak bideoa eta performance-a nahasten dituen Jamais vu emango du etzi. Euskal Herriko Nexo Teatrok Hombre arena estreinatuko du etzidamu, jende gehienak izaten dituen arazo eta zalantzen inguruko obra. Bestalde, Portugalgo Companhia do Chapitok giza munduaren sorrera eta bilakaerak eragindako arazoei aurre egin nahi dien Jainko berezi bati buruzko obra aurkeztuko du hilaren 30ean. Mr. Kubik Madrilgo aktoreak metro koadro gutxi dituzten etxebizitzen gaineko gogoeta eskainiko du azaroaren 1ean, Métro cúbico. Eta Valentziako (Espainia) Compañía Hongaresa de Teatroko Pep Ricart aktoreak Ruandako 1994ko hilketari buruzko bakarrizketa emango du azaroaren 3an eta 4an.

Merced eskolan lau konpainiak erakutsiko dituzte lanak: Kataluniako Amarantok (etzi eta etzidamu), Sonia Gomezek (hilaren 30ean eta 31n) eta Playgroundek (azaroaren 1ean eta 2an) eta Euskal Herriko La Ressistensek (azaroaren 3an eta 4an). Azken horrek, gainera, obra berria estreinatuko du, Metidas en harina. Gizartean nagusi diren arauak auzitan jarriko dituzte Bilboko taldeko lau aktorek, Marta Alvarezek, Sandra Fernandezek, Vanesa Fuentesek eta Itziar Fraguak.

DANTZA KONPAINIAK ETA ALBERT PLA. Arriaga antzokiak dantza ikuskizun bi eta Albert Pla musikari kataluniarrak eratutako ikus-entzunezko ikuskizuna hartuko ditu. Brasilgo Ludica Dança konpainiak Susana Yamauchi eta Joao Mauricio koreografoen Cubo ekarriko du hilaren 30ean. Dantza ikuskizun horrek musika eta zinema jorratzen ditu. Efektuak tartekatzen ditu eta pop estetika garbia du.

Horretaz gain, Kataluniako Lanonima Imperialek Errainuak zauritutako gauean emango du Bilboko antzokian, azaroaren 2an eta 3an. Arriaga antzokiak eta Mercat de les Florsek ekoitzi dute lan hori, eta Juan Carlos Garcia da zuzendari artistikoa. Esan duenez, Euripidesen Bakanteak tragedia klasikoaren bertsio librea da Errainuak zauritutako gauean. Literatur testuari ez diola jaramon gehiegirik egin azaldu du zuzendariak, eta irudiari eman diola garrantzi gehiago. Albert Pla kantautore katalanak, berriz, El malo de la película aurkeztuko du hilaren 31n, hirigintza espekulazioari buruzko istorioa kontatzen duen ikuskaria.

La Fundicion aretoan, objektuak, ikus-entzunezko osagaiak eta dantza garaikidearen teknikarik berrienak uztartzen dituzten lan bi ikusi ahal izango dira: Frantziako Les Marches de L'ete eta Kairosen Le Mòdele de Molinier (etzi eta etzidamu), eta Portugalgo Tiago guedes-re.al konpainiaren Materiais diversos (azaroaren 4an eta 5ean).

Dokumentuaren akzioak