Dokumentuaren akzioak
BilbaoEszenak 'Artistak egoitzan' sorkuntza eszenikoari laguntzeko programa abiarazi du
Ekimenaren zortzigarren aldia da, eta arte eszenikoen alorrean ikerketa eta berrikuntza sustatzea eta bultzatzea bilatzen du
Bilboko Udalak 'Artistak egoitzan' programaren 2016ko deialdia egin du, BilbaoEszena Baliabide Eszenikoen Zentroaren bitartez. Ekimenaren zortzigarren aldia da, eta arte eszenikoen alorrean ikerketa eta berrikuntza sustatzea eta bultzatzea bilatzen du, arduradunek adierazi dutenez.
Deialdira aurkeztu nahi duten konpainiek edo artistek martxoaren 6ra arte erakutsi ahal izango dituzte sorkuntza proposamenak. Parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da www.bilbao.eus webgunean aurkitu daitekeen deialdiaren eskaera orri ofiziala betetzea. Ez da onartuko posta elektronikoz, ohiko postaz edo bertara hurbilduz aurkezten den proposamenik.
BilbaoEszenak lau arte proiektu aukeratuko ditu. Horien helburu nagusiak proposamen eszenikoak sortzea, ikertzea eta zabaltzea izango da. Egoitzetako bat euskarazko proiektu onenarentzat izango da eta besteak Euskal Herriko konpainien eta artisten proiektuentzat.
'Artistak egoitzan' programaren helburu nagusia artistei eta artista taldeei laguntzea da, arlo eszenikoetan sorkuntza edo ikerketa prozesuak aurrera eramateko baliabideak eskainiz (ekonomikoak, teknikoak, prestakuntzakoak edo laguntzakoak, eta abar). Batik bat, eszena berriekin zerikusia duten, interes zehatz bat sortu eta izaera anitza duten arloetan. Ardatz nagusia antzerkia eta dantza izanik, diziplina tradizionalagoekin, kaleko antzerkiarekin edo zirkuarekin, adibidez, erlazionatutako proiektuak baztertu barik.
Programa honetan, Bilboko Udalak, BilbaoEszenaren bidez, helburu bi lortu nahi ditu. Batetik, arte eszenikoen esparruko arte sorkuntza sustatzea; eta, bestetik, garapen eta ikerketa prozesuak bultzatzea, batez ere, dramaturgia berriak ardatz nagusia izanik. Halaber, hirugarren helburua ere dago, sorkuntzako talentua aurkitzera eta erakartzera bideratutakoa, ekoizpen garapen prozesurako sarrera erraztuz.
Euskal artistak
Euskal Herriko 18 urtetik gorako artistek bakarka edo taldean aurkez ditzakete deialdirako proiektuak, arte eszeniko garaikidearen sorkuntza edo ikerketako lan prozesuetan BilbaoEszenarekin parte hartu nahi badute.
Egoitza bakoitzak gehienez 25 eguneko iraupena izango du eta epealdi horretan modu trinkoan egingo da, aurkeztutako eta hautatutako proiektu artistikoan oinarrituta. Egoitzak BilbaoEszenaren lokaletan eta hiriko beste eszena gune batzuetan egingo dira, batez ere uztailean, abuztuan, irailean eta urrian. Proiektu bakoitzerako diru kopurua 3.000 euro izango da.
Horrez gain, aukeratutakoek, euren sorkuntza prozesuak ikus-entzuleen edo sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukera izango dute, BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikideko Jaialdian edo Bilboko Udalak bultzatutako beste edozein ekimen eszenikotan.
Dokumentuaren akzioak