Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bilbao Dantzan programak 34 saio aurkeztuko ditu aurten

Dokumentuaren akzioak

Bilbao Dantzan programak 34 saio aurkeztuko ditu aurten

Bizkaiko sei dantza taldek eta lau kultur elkartek parte hartuko dute bertan eta abendua bitartean garatuko da

Egilea
Estibalitz Ezkerra
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2002/01/27

Bilboko gune ezagunenetako batzuk lekuko —Arriaga eta Santiago plazak, Areatza, Santutxu, Deustu eta Basurtu auzoak—, eta hiriburuko sei dantza talderen eta lau kultur elkarteren parte-hartzearekin, oraingoan Bilbao Dantzanek 34 erakustaldi eskainiko ditu urtarriletik abendua bitartean. Horietarik gehienak larunbatetan izango dira ekainaren 23an (San Juan eguna), uztailaren 16an (Karmen jaiak), eta abenduaren 24an emango direnak izan ezik. Agertokitik agertokira ordutegia aldatuko bada ere, saio guztiak bost eta erdietatik bederatziak bitartean hasiko dira.



Dantza talde esanguratsuak



Hainbat erakustaldiren bitartez, euskal kultura tradizionalaren eta folklorearen ezagutza zabaldu nahi du Bilbao Dantzanek. Hain zuzen, egitarauak iraun bitartean elkarte parte-hartzaileek dantza ezagun zein ez hain ezagun ugari plazaratuko dituzte. Iaz esperientzia ederra izan zela eta Bilboko Udalaren babesarekin hiriburuko zenbait elkartek Bilbao Dantzan programari jarraipena eman nahi izan diote. Aurrekontua zortzi milioi pezetakoa izan da.



Iragan urtean baino eguraldi hobea edukiko duten itxaropenarekin —zenbait saioetan euriak buruhauste dezente ekarri zizkien—, honako dantza talde zein erakunderen eskutik iritsiko da 2002ko Bilbao Dantzan: Santutxuko Gaztedi Dantzari taldea, Begoñaibarra auzoko Salbatzaile, Basurtuko Beti Jai Alai, Bihotza Alai, Mikeldi, Gure Herria, Goikalde kultur elkartea, Bizkaiko Gaiteroak, Ondalan erraldoiak, Bizkai Euskal Folklor elkartea eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarra. Maila altuko taldeak dira guztiak, baita eskarmentu handikoak ere; noiz sortutakoak diren ikusita garbi adierazita geratzen den bezala —Gaztedik 50. urtemuga ospatu du berriki eta Salbatzailek 25 urte beteko ditu datorren urtean—. Elkarte bakoitzak zonalde bat hartuko du, hala nola, Gaztedik Santutxu, Salbatzailek Santiago plaza, Beti Jai Alaik Basurtu, Bizkai Euskal Folklor-ek Areatza, eta gainerako guztiek Deustu.



Dena den, eta rol garrantzitsua beteko badute ere, aipaturiko dantza elkarteak ez dira programako protagonista bakarrak izango. Hain zuzen ere, dela ikusle soil gisa dela dantzari moduan kaleko jendeak ikuskizunetan parte hartzeko aukera edukiko du. Era berean, egitarauko zenbait ema- naldi umeei eta adinez nagusikoei espreski zuzendurik egongo dira.

Dokumentuaren akzioak