Dokumentuaren akzioak
Bikainetik eskasera
Fokuen azpian
Aurreko lanean bezala, Kukaiko lagunek beren gaztetasun eta kemen osoa jartzen dute taula gainean ikuskizunaren gaia irudikatzeko eta Jon Maia koreografoa euskal dantza tradizionaletik abiatzen da emanaldiari ikuspegi fresko, dotore eta gaurkoa emateko. Gidoia eta zuzendaritza Mireia Gabilondorenak dira, eta proiektatzen diren bideo-irudiei esker deskubrituko ditugu Oteizaren ibilbide artistiko zabala, olerkari moduan zeukan balioa eta, gehienbat, haren pentsamendu askatasun miresgarria. Bernuesen eszenografia Oteizak hainbeste baliatzen zituen klarionetan oinarritzen da eta soinu bandan izen ezagun batzuen ekarpenak agertzen dira: Iñaki Salvador, Mikel Laboa, Bingen Mendizabal... Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: gaur, 20:00etan.
- DEFINIEZINA. Batekmila Iparraldean sortutako ikuskizuna da, frantses hiztunak euskararen mundura erakartzeko asmoz. Bertan ikusi nuenean euskara eta frantsesa tartekatu egiten ziren dialogoetan, nahiz eta horrek arazo franko sortu ikusleen artean, antzezle gehien-gehienak Hegoaldekoak izanik arazo nabariak zituztelako frantsesa modu onargarrian ahoskatzeko.
Emanaldian zehar euskal ipuin eta kondaira asko ikusteko parada dugu, era antzeztuan, dantzatuan edo abestuan. Muntaiaren atalik onenak Théâtre du Rivageko Pascale Daniel-Lacomberen zuzendaritzapean atondutako pasarte antzeztuak dira, baina lanak oro har arazo asko ditu eta haietariko funtsezkoena gauza gehiegi emankizun berean sartu nahi izana da. Horrek gehiegizko luzera ekarri du eta, beste ezeren gainetik, lengoaia eszeniko bateraezinak elkarren alboan ikustearen sentsazioa eragiten du. Lekua: Donostiako Egiako Kultur Etxea. Eguna: bihar, 20:00etan.
- ESKASA. Aurreko biekin konparatuta, benetan eskastzat jo dezakegu Yllanaren Star Trip antzezlana. Betiko legez, taldearekin zaletuta daudenek sexuari buruzko aipamenak topatuko dituzte emanaldiaren minutu ia guztietan, horretan datzalako nerabe mentalitatearekin txisteak egiteko sistema. Oraingoan, baina, zertxobait moteldu dira Madrilgo lagunak eta gehiago landu dituzte dramaturgia eta egoerak espazio giroko pelikula famatuen kontura barre egin dezagun.
Horrela izanik, Alien, Star Wars eta gisa horretako filmetako eszena ezagunak parodiatzen dituzte, dramaturgia entretenigarria eta antzerki-efektu landuak uztartuz. Emanaldia berez hitzik gabea da, baina onomatopeiak ugariak dira eta haien artean ez dira falta puzkerrak, korroskadak eta enparauak. Bestetik, harrigarria da zelako garrantzi gutxi ematen dioten keinuen fintasun eta zehaztasunari, batez ere kontuan izanda keinuetan oinarritutako antzerkia dela. Lekua: Oñatiko Santa Ana antzokia. Eguna: gaur, 22:30etan.
Dokumentuaren akzioak