Dokumentuaren akzioak
Bihotz taupadak
El rato de José
Halako batean esku artean daukagu Idoia Zabaletaren inguruko taldeak sortutako lan berria. Zabaletak hain gustukoa duen erabateko diskreziopean, inolako babes mediatikoren ezean, hona hemen goi mailako beste produktu aratz eta zorrotz bat, bertoko dantza garaikideak exijentzia parametro guztiak bete ahal dituela erakusten duena.
Benetan pozgarritzat har dezakegu Zabaletaren aldean berriz ere elkartu izana aurreko lanaren izen berberak, gehi beste batzuk ere, horrek esan nahi baitu oso muin esanguratsua eratzen ari dela, ez dantzari baten esanetara, baizik eta dantzaren lengoaia berri baten inguruan.
Horren harira, gogora dezagun Idoiaren La puta inocencia pieza haren merezimenduengatik, besterik ez hautatua izan zela Seine-Saint Denisko dantza topaketetarako, eta lan hartan Borja Ramosen eta Isabel de Naveranen izenak ere bazeudela.
Dantzari sendoak
Oraingo ikuskizunean, ordea, gernikarra ez dabil bakarrik, berarekin batera Jauregi anaiak baitoaz alboan. Haietariko bat, Jorge izenekoa, ezagunagoa da gure artean, besteak beste Ikaro-n izandako partehartzearengatik. Nik neuk egiatan uste dut Jorge gure dantzari sendoenetariko bat ari dela bihurtzen, bere apaltasun eta gorputz diziplinari eskerrak.
Ezaugarri berekoak baina gurean ezezagunagoa dugu German anaia, agian Vandekeybusen konpainian aritu izateagatik 1999. urtetik aurrera.
Sormena eta talde lana
Mundu mailako topaketetarako hautatu zen pieza hartan talde lanaren eragina nabaria bazen ere, are nabariagoa bihurtzen da estreinatu berri den koreografian. Orduko piezan, soinua eta bideo-irudiak dantzariaren gorputzetik zetorkigun energiarekin elkartzen ziren, emozioaren dianaren erdian bete-betean jotzeko. Baina oraingo honetan nabariagoa da talde-lana, esandako elementuek bat egiten dutelako hiru dantzarien arteko komunioarekin.
Izan ere, nire libretatxoan hamalau orri ohar hartu nituen emanaldian zehar, baina geroan talde-lanaren eragina besterik ez da nagusitu, hala hiru dantzarien artekoa nola gainontzeko eragileei dagokiena.
Hala eta guztiz ere, denetarik aurkitu ahal dugu El rato de Jose (Joseren txolartea) honetan: isilune luze-luzeak eta gogoetarako berbaldiak, bat-batean bukatzen diren musikaren in crescendo bortitzak, elkarren kontra zein elkarren bila doazen gorputzak, bihotz taupadetatik metrailetaren abiadurara igarotzen diren erritmoak, gorputzik hartu ezinik dabiltzan besarkada galduak... Eta beste ezeren gainetik kemena izugarrizko kemena, benetan eta protagonismorik eza, eta bilaketa zorrotzean emandako ahalegin izugarrizkoa. Horixe izan baita gozotasunik gabeko, kontzesiorik gabeko, Idoia Zabaletaren lan honetako ardatz nagusia.
Dokumentuaren akzioak