Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bihar helduko da Maskarada, astebeteko atzerapenarekin

Dokumentuaren akzioak

Bihar helduko da Maskarada, astebeteko atzerapenarekin

Egilea
Idoia Eraso
Komunikabidea
Gara
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2010/01/16

Goizeko bederatzi eta erdietan izango da barrikada haustea, ondoren, usaian ez bezala, ikusgarria eskainiko dute, bazkaltzera joan baino lehen. Horrela, beti berria eta beti berdina den Maskaradak aurten ere inauterien usaina ekarriko du Zuberoara. Belaunaldiz belaunaldi iragan den ohiturak mozorro eta irrien dohainak zabaltzen ditu herriz herri.

Gertuko zein urruneko gizarteaz barre egiteko aukera eskaintzen du eszenografia zehatz eta itxi baten baitan. Betiko Pitxu, Kabana Handia eta Buhame Jaunak beste hainbat pertsonaiekin batera zer entzun eta zer ikusi eskainiko dute aurten ere Larraineko gazteen eskutik.

Ikusgarriarekin batera dantzak ere badu bere tokia, Euskal Herriko edozein jaietan bezala, eta tradizioarekiko lotura alde batera utzi gabe, zenbait ekarpen egin dituzte larraintarrek. Urteetan Larrainen emana izan den «Arinki» sorkuntza integratu dute dantzetan. Bestalde, Mixel Etxekoparek egin jauziak ere bat eginen du betiko dantzekin. Artista zuberotarrak idatzi aireak eta pausoak dantzatuko dituzte gazteek.

Tradizioaren errespetua nabarmendu nahi izan zuen Intzindariaren papera eginen duen Johañe Etxebeste larraintarrak: «Ez da iraultza bat, aski tradizionala eta sinplea egin nahi izan dugu. Maskarada lehenengo menperatu behar da eta gero behar dira sorkuntzak egin».

Tradiziotik beste aldaketa bat ere ekarriko du aurtengo Maskaradak; Altzaiko herrian egiten zen legez, barrikaden haustearen ondoren ez da bazkaltzeko geldialdirik eginen, eta ikusgarria segidan eskainiko da. «Aspaldi segidan ematen zen, eta lehengo usaia hartu dugu», azaldu zuen larraintarrak. Urtarrilaren erdialdea izanik, gaua aski fite heltzen baita eguzkiak ihes egitearen beldurra saihestu nahi dute horrela.

Herrietako istorioen bila

Etxebesteren esanetan ez da lan erraza izan ikusgarria aurrera ateratzeko jendea biltzea. Gazterik gazte, zaharrak ikusleen artean kokatzen dituen Maskaradan zaharrenek hogeita hamar urteak ez dituzte urrun. Aurtengo gazteenak hamalau urte besterik ez ditu.

Hamahiru urte pasa dira Maskarada Larrainen egin zenetik eta geroztik herriko biztanleria gutxitu egin da, hala ere «Herriko gazteria biltzen du tradizio honek», nabarmendu zuen larraintarrak. Egun hogeita hamar gazte elkartu badira ere, irail eta urria aldean dantzak ikasten hasi zirenak gutxiago ziren. Azken hilabeteetan presioak eramanda parte-hartzaileen kopuruak gora egin du.

Larrainen hasiko da 2010eko Maskaradaren ibilbidea. Bukatu ere han egin behar zuen, baina atzerapena dela-eta beste egun bat gehitu behar izan diote ibilbideari. Horrela, bihar Maskarada jaso behar zuen Gamerek apirilaren 25era arte itxaron beharko du. Beste herrietako datak, aldiz, aurreikusiak ziren bezala atxikiko dira.

Sorterriaz gain Zuberoako beste hamabi herritan ibiliko dira larraintarrak. Hilabetea bukatu aitzin Ligin eta Atharratzen ere antzeztuko dute Maskarada. Ligiko Kabanaren peredikua jadanik egiten hasi direla azaldu zuen Intzindariaren papera egiten duen Etxebestek: «Berriak bildu ditugu eta ari gara bertsoak prestatzen, hamabost egun lehenago hasten gara prestatzen».

Norberaren herriko berriekin kasu handia ematen saiatzen badira ere, beste herrikoekin lasaiago ibiltzen direla aitortu zuen Intzindariak: «Agian beste herrietan kritika gehiago egiten ditugu errazagoa baita, hala ere ikuspuntu neutral batekin eginen dugu poliki. Behar da irringarria eta sinplea izan».

Thierry Henryren «eskua» eta Viagraren misterioak

Irri egiteko aukera eskaintzen du urtero Maskaradak, inauterien espiritua zabaltzen duen ikusgarriaren baitan gaurkotasuna duten gaiei buruz gogoetatzeko eta barre egiteko aukera eskaintzen da. Ez dute horretarako aukerarik galdu nahi izan eta Larraineko gazteek munduko zein herriko kontuen berri emango dute beraien modu maskaratuan.

Buhameen jokoan munduko gauzak aipatuko dira urrunekoetatik hasita: Iran, Kopenhageko gailurra edo Afrika beltzean gertatutakoen ikuspegi berezia eskainiko da. Thierry Henryk Irlandaren kontrako futbol partidan «erabili» zuen eskua edo Frederick Mitterrand kultura ministroak hizkuntza gutxituei buruz esandakoez mintzatzeko aukera ere ez dute galduko.

Kabanak herriko istorioez arituko dira beraien aldetik, eta horrela, herrian azkenaldi honetan ahoz aho dabilen misterioari erantzuna emango diote. Gazte anitzek herrian hainbeste neska haur-esperantzetan egotearen arrazoiaz galdera pausatzen dute eta azkenean erantzuna atzeman ere egin dute, izan ere herriko langileek deskubritu dute edateko ura Viagra-rekin pozoitu dutela.

aren ibilbideak, baina elurra dela medio, astebetez atzeratu behar izan dute Maskaradaren etorrera.

p050_f01_148x92.jpg

Dokumentuaren akzioak