Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka [Bideoak eta galeria] Altzibarren, Ihote gogoz

Dokumentuaren akzioak

[Bideoak eta galeria] Altzibarren, Ihote gogoz

Ihoteen barruan, gaur kuestazioa egiten ari dira herriko auzo guztietan. HITZA Altzibarkoaren hasieran izan da.
Egilea
Urko Etxebeste
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Mota
Erreportajea
Data
2022/02/19
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

Atzo iritsi ziren Oiartzunera intxixu, sorgin eta basandreak. Gaur, kuestazioaren eguna. Eguraldia nola-halakoa, baina herriko zortzi auzoetan Ihoteei zentzua eman diote tokian tokiko lagun taldeek, auzokideek. HITZA, aurreko urteetan beste auzo batzuekin egin bezala, aurten Altzibarren izan da kuestazioaren hasieraren nondik-norakoak jasotzen.

Altzibarko plaza hankaz gora dago, obrak egiten ari dira. Baina hesi, zulo eta lokatz artean biltzen joan dira altzibartarrak kuestazioari ekiteko. 10:00etan ziren ateratzekoak arrosak (auzo horretako kolorea da). “Tira, atzeratzekoak ginen. Berandu hasiko gara, ohitura den moduan”, esan du 10:00ak baino lehen plazan zegon auzokideetako batek. Apurka, baina, joan da jendea biltzen. Lehenak, musikariak: Oiartzungo Dultzaina Taldea Altzibarkoa izaki, musikari kuadrilla ederra bildu da plazara. Denak elegante asko egunak eskatzen zituen jantziekin, besoan oihal zati arrosa zutela.

Iaz ez zen Ihoterik izan herrian. Aurten bai. Batez ere auzoetan zentratutako jaia izan da, oiartzuarren oso kutuna. “Egia esan nahiko nazkatuta ginen egoera honekin. Aurten bai, badago kuestazioa. Parranda egiteko gogo pixka batekin gabiltza, eta dagoen giro ona ikusita, egun polita izango dela ziur naiz”, adierazi du plazan agertzen goiztiarrenetakoa izan den Bixen Martiarenak, “jendea animoso dago”. Martiarenak aitortu du, iazko hutsunearen ondorik, ez deka asko kosta izan jendea animatzea, “gogoz dago jendea. Ez da asko kosta jendea animatzea. Bazkarirako, adibidez, jende askok eman du izena, inoiz baino gehiago gara”. Altzibartarrak zehaztu du auzoaren kaskoaren inguruan ibiliko direla kuestazioan, baserriak urrun samar baitaude.

Atera dira plazatik. Oihalarekin dabiltzan haurrak, jada hasi dira uzta biltzen. Musikariak gogoz ari dira, taldekideak dantzan. Adin guztitako partaideak dira kuadrillak, gehienak gazteak. Horien artean daude Irati Brun, Maren Vital, Elene Bergaretxe, Ekhiñe Arjona, eta Maialen Iglesias. Brunek hitz egin du haien izenean: “Ez da ateratzen garen lehen aldia. Txikitatik ateratzen gara, Altzibarkoak garelako. Pandemia eta gero gogoz aterako gara aurten ere. Nola ez, Altzibarko kuestazioa da giro gehien duena. Saiatuko gara ondo dantza egiten, nahiz eta entsegu asko ez egin…”. Pozarren mintzatu da gaztea.

Aurrera egin du auzotik segizioak. Jendea balkoietara ateratzen hasi da. Eguzkia ere atera da, pixka bat. Dultzaina doinu gozoa Altzibarren. Suziriak entzuten dira, batzuk auzokoak, beste batzuk besteetakoak. Eskua emanda katearena egiten, edo binaka dantzan ari dira kuestazioa bitartean. Mutil kuadrilla bat dabil ekarpenak jasotzeko oihalarekin; auto bat geldiarazi dute: gidariak leihoa zabaldu, eta oihalera nahi zuena bota du. Eta aurrera egin dute. Hamaiketakoa egin, berriz ere auzoa girotu, eta bazkaria egingo dute. Gero, gerokoak.

Albiste honetan Altzibarren berri jasoko dute oiartzuarrek eta HITZAren jarraitzaileek oro har. Aurrerago, auzo guztietako argazkiekin irudi galeria handia zabalduko du hedabide honek. 

 

Dokumentuaren akzioak