Dokumentuaren akzioak
Bidea hasi zuten andre danborjoleen omenez
Azpeitiko festarik parte hartzaileena izatearen ospea du San Sebastian egunak. Datuek ere halaxe diote: 15.000 lagun pasatxo bizi diren herri batean, 1.500ek baino gehiagok parte hartzen dute San Sebastian bezperako helduen danborradan, eta beste bostehun bat haur ateratzen dira San Sebastian egunekoan. Bada zerbait. “Gaur egun helduenean erdiak hortxe-hortxe emakumeak izaten dira, eta oso normaltzat daukagu emakumeak danborra jotzen ikustea”. Hala azaldu du Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak. “Baina hori ez da beti horrela izan”. Hain zuzen ere, aurten 40 urte beteko dira Azpeitiko helduen danborradan lehendabiziko aldiz emakumeak danborra jotzen atera zirela. Urteurren horretatik abiatuta, eta danborradaren historia jasotzeko eta horretan parte hartu duten andreei aitortza egiteko asmoarekin, Amamaren danborra dokumentala argitaratu du Azpeitiko Udalak. Datorren astearte arratsaldean, San Sebastian bezperan estreinatuko dute, Soreasu antzokian, ekitaldi batean (19:00).
“Iazko danborrada antolatzeko lehen bileran bota genuen proposamena, eta danborradan parte hartzen duten elkarteetako ordezkariei ideia polita iruditu zitzaien; beraz, aurrera egitea erabaki genuen”, esan du Odriozola zinegotziak. Paola Moto zinemagile azpeitiarrarekin harremanetan jarri ziren orduan. “Asko gustatu zitzaion gure proposamena, eta berehala hasi zen lanean, presa pixka bat bagenuelako. Izan ere, irudi zaharrak lortzeko modua bageneukan, baina funtsezkoa zen 2020ko danborradan grabaketak egitea guk nahi genituen irudi horiek lortzeko”. Moto eta zinemagileak berak osatutako taldetxo bat aritu ziren horretan.
Behin San Sebastian eguna pasatuta, ikus-entzunezkoari itxura ematen hasi ziren Moto eta lanaren zuzendari Alaitz Olaizola azpeitiarra. Gidoia egin, irudiak bildu, nor elkarrizketatuko zuten erabaki, grabaketak egin… “Urtebeteko lana” izan dela esan du Odriozolak. Iazko danborradako irudiekin, Kaito Telebistak urteetan hartutakoekin eta Kulturaz kooperatibako kideen laguntzari esker grabatu dituzten 22 herritarren testigantzekin osatu dute ordubete irauten duen dokumentala. Emakume gehiago elkarrizketatu dituzten arren, gizonek ere parte hartu dute. “Oso testigantza interesgarriak eman dituzte guztiek ere. Emakume batzuek oso modu naturalean egin zuten danborra jotzen hasteko urratsa, baina beste batzuek borroka gisa bizi izan zuten. Kontatzen dute nolakoak izan ziren lehendabiziko urte haiek, eta nola joan diren ondorengoak”.
Odriozolak ikusia du dokumentala, eta “bikaina” iruditu zaio. Ikusteko gonbidapena egin die herritarrei, “merezi duelako”. Asteartean Soreasun emango dute lehen aldiz, “sorpresaz beteriko ekitaldi batean”. Edukiera mugak direla eta, jende gutxik izango du antzokira sartzeko aukera, baina Azpeitiko Udalaren eta Uztarriaren webguneen bidez ekitaldia eta dokumentala zuzenean ikusi ahal izango dituzte hala nahi dutenek. Dena dela, Amamaren danborra pantaila handian ikustea nahiago dutenek, aukera gehiago ere izango dituzte hurrengo egunetan. Emanaldi guztiak doakoak izango dira, baina beharrezkoa izango da aurrez gonbidapena eskuratzea www.azpeitia.eus atarian. Internetera sarbiderik ez duten herritarrek udaletxean lortu ahal izango dute gonbidapena.
Zuzeneko telebista saioa
Aurtengo San Sebastian egunerako ez dute kaleko ekintzarik antolatu Azpeitian, pandemiak ez duelako ematen horretarako aukerarik, baina herritarrek modua izango dute San Sebastian bezperari jai kutsua emateko. Izan ere, danborrada egin egingo dute, leihoetan eta balkoietan bada ere. “Herritarrei eskatu nahi diegu balkoiak apaintzeko eta ganbaran dituzten danborrak ateratzeko, eta, gauerdian, bozgorailuetatik musika jartzen dugunean, danborrada egingo dugu”. Hilaren 19an, 22:45ean, zuzeneko telebista saioa egingo dute udaletxetik, San Sebastian egunean protagonista izan ohi diren gonbidatuekin. Udalaren eta Uztarriaren webguneetan, Erlo Telebistan, Youtuben eta Urola Kostako Hitza-ren webgunean ikusi ahal izango da saioa.
Dokumentuaren akzioak