Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bide luzea dantzan urratzeko

Dokumentuaren akzioak

Bide luzea dantzan urratzeko

Kultura. Dantzaren egoera Euskal Herrian

Dantzaren alorrean abiapuntuan da Euskal Herria. Prestakuntzan eta programazioan huts nabarmenak daude, baina dantzariak, aniztasuna eta produkzioa badago.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Erreportajea
Data
2014/02/06
Lotura
Berria

Harrigarria iduri lezake Euskal Herrian dantzaren alorrean urratsak egiten hasi berriak direla esateak. Dantza eskaintza bada, baina Europara begiratuz gero, emaitzak eta maila eskasagoak dira, eta oraindik ere programatzaileek beldurra diote arte mota horri. Hala uste dute mundu horretan dabiltzan hainbat lagunek. Lapurdin garatuagoa da; aurrera urratsak egin dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; eta Nafarroan ez dirudi luze gabe berritasun handirik izanen denik.

Dantza produkzioaren eta kontsumoaren datuak ez dira txarrak Hego Euskal Herrian. Aurreko urteetako joerari so ez, gutxienik. SGAE Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartearen datuek hori diote. 2012koak dira datuak —iazkoak urrira arte ez dituzte argitaratuko—, dantza klasikoa, modernoa eta garaikidea aztertzen ditu, eta gainbehera diru sarreretan antzeman da.

Hala, 2008tik emanaldi kopurua 300en bueltan ibili da, baina 2011n, 370 izan ziren, eta 2012an, 338. Ikusle kopurua ere dezente hazi da 2008. urtetik, 137.988 lagunetik 186.274 ikuslera, eta 2012an 159.793 lagun joan ziren dantza emanaldiak ikustera. Diru sarrerek, halere, beherako joera nabarmena izan dute 2010. urtetik 2012.era. 1.808.977 eurotik 920.159 eurora, hain zuzen ere. Iparraldeko daturik ez dago eskuragarri.

Bilboko Fundicion aretoko zuzendari Luke Taguak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuen analisi nahiko positiboa egin du: «Ez da jaialdi handiak eta modernoetan modernoenak egiteko tokia izan, dirutza inbertituta egindakoak eta krisia ailegatu bezain pronto automatikoki desagertu direnak, eta, gainera, zegoena mantendu egin da», azaldu du. Nafarroan, berriz, gehiena desagertuta zegoela dio, eta azken urteetan ikus daitekeen gorakada egoera horretan ulertu behar da. Hau da, ezerezetik abiatuta konpainia bat sortze hutsak datuek gora egitea dakar.

Egoera desberdina da herrialdearen arabera. Idoia Zabaleta koreografo eta Azala espazioko zuzendariak hala uste du. Lapurdin egoera hobea da, baina haren aburuz, Frantziak kulturarekiko duen ikuspegiak eragin du hori, zentro koreografikoak sortzen baititu estatu osoan. Hala, 1999an Ballet Biarritz Koreografia Zentro Nazionala sortu zuten Gare du Midi zaharrean. Egun hogei dantzari iraunkor ditu.

Hegoaldeko egoera makurragoa bada ere, aukerak egon badaudela aitortu du Zabaletak. Gipuzkoan Dantzaz konpainia dago, maila apalagoan, eta dagoeneko dantzaren bi etxe ireki dira: Gipuzkoan 2009. urtean ireki zen Dantzagunea, Donostiako Artelekun, eta Bizkaian berriki zabaldu ditu ateak DantzaBiz etxeak.

Hungariatik hartu zuten dantza etxearen kontzeptua, eta 2004. urtean Eusko Jaurlaritzak egindako Kulturaren Euskal Planean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egitura bana sortzeko aukera aztertuko zela zioten. 2008an, dantza etxeak sortzea aurreikusi zuen planak. Zabaletak dio gazteengana gerturatzeko tresna dela, eta oraindik lan handiagoa egin daitekeen arren «osasuntsua» dela jorratzen ari den bidea.

Araban, Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioa eta Folklorearen Udal Akademia dituzte. Koreografoak uste du orain arte Bilbon kokatu dela dantza produkzio gehiena. Araba «basamortua» izan dela dio, eta ikusi beharko da dantzaren alorrean urratsik eginen denetz. Bestelako eremuak ere badira dantzaren sorkuntzaren aldeko apustua egiten dutenak: Lasierrako (Araba) Azala gunea, eta Bilboko Muelle eta Fundicion, esaterako.

Dantzaren aniztasuna

Eremu zabala da dantzarena. Jon Maia dantzariak esan duenez, unibertso txikiek osatzen dute. Dantza klasiko garaikidearen alorrean Eszenika proiektua bertan behera geratuko dela dio, eta horrek alternatibarik gabe utziko du sektorea. Dantza tradizionala ere izan du hizpide. 1980 eta 90eko hamarkadetako eredua aldatu egin dela azaldu du, eta «eredu interesgarriak» sortzen ari direla nabarmendu. Alde batetik, dantza sustatzeko taldeak, plazaz plaza dantzarazten ibiltzen direnak, Aiko kasurako. Bestetik, tokian tokiko dantzetan ere lan «interesgarriak» egiten ari direla esan du.

Azkenik, bere dantza konpainia aipatu du: Kukai. Euskal dantza tradizionala abiapuntu, sorkuntza garaikidea egiten duen taldea dagoeneko erroturik dagoela uste du, eta nazioartean ere pausoak ematen ari dira. «Hemen bakarrik egin litekeen sorkuntza da, zigilu propioa duena, euskal tradizioan oinarritua baina, era berean, oso unibertsala».

Dantzari buruz mintzatzerakoan ballet klasikoa ezin ahantzi liteke. Adolfo Yebra Bilbao Ballet elkarteko kideak uste du Euskal Herriko egoera «oso zaila» dela. «Dantza ez da aintzat hartu. Europako egoera hau da: Frantzian ia hiri guztietan dituzte dantza konpainiak; Italian ere bai; Alemania paradisua da; eta Errusian futbola bezalakoa da», esan du Yebrak. Haren esanetan, Europan eskaintzen diren ikuskizunak Hego Euskal Herrian ikustea ezinezkoa da: «Antzoki bat alokatzea oso garestia da, konpainia atzerritik ekarri behar da eta gainera, %21eko BEZa ordaindu behar da; beraz, [dirua] galdu egiten duzu». Ondorioz, ahalmen hori soilik diputazioek edo Jaurlaritzak dutela uste du.

Arazo hori konpontzeko proposamena ere egin du Yebrak: konpainia profesionalak sortzea. «Orkestrak eta koruak egiten diren moduan, dantza taldeak existitu beharko lirateke», dio. Konpainia bat izatekotan, talde osoak ekarri beharrean bi izar ekartzearekin aski litzatekeela azaldu du. Konpainiarik ez izateak, berriz, dantzariak atzerrira joatea eta gizartean zaletasunik ez sortzea dakar, haren aburuz.

Aukerak galtzen dira

Dantza produkzioan maila artistiko «oso txukuna» dagoela esan du Maiak. Taguak antzeko iritzia du, eta dantza garaikidearen aniztasuna nabarmendu du adibideen bitartez: Asier Zabaletak bideoarekin lan egiten du; Idoia Zabaleta performance artetik gertu dago; Matxalen Bilbaok dantza puruaren poetikatik hitz egiten du; Natxo Monterok fisikotasuna lantzen du... Tamaina txikian egiten dute lan, bi, hiru edo lau lagunentzako sorkuntza lanak dira. Gainera, nazioartean zabaltzen dira haien lanak. «Garai onean gaude, baina lan gehiago behar dute», dio.

Dena den, arazo handi baten berri eman du Taguak: dantza programatzeko beldurra. «Batzuetan produkzioa barne mailan zabaltzea zailagoa da kanpora ateratzea baino», esan du. Izan ere, Taguaren aburuz, programatzaileek ez dute ausardiaz jokatzen, normalean ez datoz dantzaren mundutik eta, beraz, ezjakintasuna oztopo da arte mota horren aldeko apustua egiterakoan. «Programatzailea artista eta publikoaren arteko mintza da; gogoberoturik beharko luke eta duguna babesteko gogoz», azaldu du.

Fundicion aretoko zuzendariaren aburuz, hitza eta testua oinarri duten arte adierazpenek segurtasun handiagoa ematen dute, baina, esan duenez, inbertitzen den heinean bideragarria dela frogatu du dantzak. «Kontsignak ahantzi, eta benetako proiektu artistiko bat egitea gustatuko litzaidake; dantzarekiko sostengua benetakoa izan dadila eta ez zirkuituak behar duen portzentajea betetze hutsa. Epe luzerako apustu sakona izan behar da».

Maiak ere programazioan ikusi du gabeziarik nabarmenena. «Zalantzarik gabe, betiere herren abiatzen gara, baina produzitzeko baino erakusteko arazo gehiago dago, behar bat dago produzitzen dena zirkuituetan jartzeko», dio. Zabaletaren aburuz, koreografoek «arazo latza» dute haien lana zabaltzeko. Berak dio diru gutxi dagoela ekoizpenerako, baina katea hautsi egiten dela, ez dela erakusten. Administrazioaren kudeaketa okerra da, haren aburuz: «Udal antzokiek, pribatuak ez direnek, ez dute haien lana betetzen dantzari dagokionez, ez programazio aldetik, ez aniztasun aldetik, ez bertako sortzaileak sustatzeari dagokionez».

Bada dantzaren alorrean dabiltzan lau lagunek gogoan izan duten beste gabezia bat: hezkuntzarena. Normalean dantzari euskaldunek kanpoan lortzen dute prestaketa profesionala. Balletaren kasuan oso nabarmena da, atzerrian 50 bakarlari baino gehiago baitaude konpainia handien ikuskizunetan parte hartzen. «Nola liteke basamortu batean hainbeste dantzari eta hain goi mailakoak izatea munduan barrena?», galdetu du Yebrak. Lana kanpoan duten dantzariak etxera ekartzeko sortu zuen bere elkarteak Euskaldunak eta dantza jaialdia. Dantzarientzako «zirraragarria» da, etxekoen aurrean dantzatzeko aukera ematen dielako, baina hori baizik ez. «Bilbora etortzea etxean denbora-pasa ibiltzea da».

Yebrak beharrezkotzat jo du dantzaren irakaskuntza arautzea. Lan horretan Errusia da paradigma: derrigorrezko hezkuntzaren barruan alorretako bat da dantza, eta ibilbide profesionala egin nahi duenak gero kontserbatorioak ditu. Hego Euskal Herrian, Gasteizko kontserbatorioaz gainera, akademiak baizik ez daudelako kexu da Bilbao Ballet elkarteko zuzendaria; haren aburuz, oso gutxi dira prestaturik dauden irakasleak. «Gehienetan intentzio ona dago, baina horrekin ez da aski». Dantzariak prestatzeko gune bat izateak, gainera, beste arazo batzuk ere konpondu ditzakeela uste du: «lehenbizi oinarri bat behar dugu, jendea kanpora atera ez dadin, eta horren ondoren, konpainiak sortu, ballet denboraldiak sortzeko».

Maiak Lapurdiko egoera txalotu egin du hezkuntzari dagokionez. Izan ere, Hegoaldearen eta Iparraldearen artean ezberdintasun handia dagoela uste du: kultur arloaren —produkzioaren— eta hezkuntzaren artean dagoen lotura. «Oso ohikoa da lan bat estreinatu eta eskoletan erakustea, antzoki batean hamar emanaldi egitea ikasleekin; hori gozamena da. Guk, neurri batean, sentsibilizazio aldetik egiten dugun lan asko Iparraldeko eredutik ekarri ditugu».

Zabaletaren aburuz, Hegoaldean, Europako egoerarekin alderatuta, «oso berandu» dabiltza prestakuntzaren alorrean. Besteak beste, Eszenika eskola martxan jartzeko tenorea dela uste du, eta beharra badagoela. «Ez dakit zein neurriraino hobetuko duen maila artistikoa; nik uste baietz, baina beti ere luzera begira».

Dena den, bada atzerrian ikasi ezin den dantza mota bat: tradizionala. Maiak uste du irakaskuntzan gabezia handiak daudela, eta etorkizunerako «arazo handia» dela hori. «Euskal dantzako irakaslea ez da existitzen; ez dago titulaziorik; beharra bai, eta uste dut heldu beharreko gaia dela», azaldu du. 2012. urtean dantzaren munduko ehunka ordezkarik ere arazo hori mahaigaineratu zuten Eibarren (Gipuzkoa) sinatutako euskal dantzaren adierazpenean. Formazioa egituratu eta sendotzeko beharra azaldu, eta dantza «mailarik sakonenean» ikasteko tokia galdegin zuten.

Etorkizunari begira, Zabaletak hausnarketa egiteko beharra nabarmendu du. «Optimista naiz, baina oso eszeptikoa. Hastapenetan gaude; orduan, plan orokorragoak, askotarikoak, diru laguntza handiagoak eta luzera begira egindakoak behar ditugu, bestela Europaren kontrara goaz». Dantzen arteko bereizketa eta mailakatzea bukatzea ere beharrezkotzat jo du.

Dena den, Taguak uste du egonkortasuna falta dela, baina instituzioek babestu egiten dutela eta gauza asko egiten direla. Aurrera urratsak egin direla onartu dute elkarrizketatuek, nahiz eta bide luzea dagoen urratzeko. Maiak argi azaldu du: «Uste dut ari direla urrats batzuk egiten; gizarteratzen ari da, eta orain dela hamar urtetik hona aldaketa sumatzen dut, baina oraindik asko dago egiteko».

Dantzaz konpainiako kideak ikuskizuna prestatzen. / JON URBE / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak