Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bidasoaldea dantzaz dantza

Dokumentuaren akzioak

Bidasoaldea dantzaz dantza

'Anitz urtez, txapela kaskoan' ikuskizunak, bertako dantza ezagunenak bilduko ditu Irunen

Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2003/12/12

Ibilbidean zehar, herri ugari igarotzen ditu; herri horietan euskal dantzak oso errotuta daude herritarren artean. Hain zuzen ere, Bidasoaldeko folkloreari buruzko ikuspegi orokor bat ematea da, gaur, 20:30ean Irungo Amaia Antzokian estreinatuko den Aunitz urtez, txapela kaskoan ikuskizunaren helburua.



Ikuskizunean, Irun, Hondarribia eta Hendaiako Adaxka, Kemen, Meaka eta Mutxiko dantza taldeek, Bidasoaldeko dantza esanguratsuenak dantzatuko dituzte.



Javier Zuazu izan da Juan Antonio Urbeltzek koordinatu eta prestatu duen ikuskizunaren bultzatzaile nagusia. Urbeltzek adierazitakoaren arabera, «urtarrilean Zuazuk deitu zidan, eta Irungo Euskal Jaiak aurten ehun urte betetzen zituela eta, ikuskizun berezi bat egitea aipatu zidan. Talde askorekin elkartzen hasi ginen, eta proiektua sendotzen joan zen». Dantza uzta oparoa aurkitu daiteke Bidasoaldean. Hori dela eta, dantzen aukeratu behar izan ditu Urbeltzek. «Dantzen ordenamendua intuizio bidezkoa izan da. Garrantzitsuena sarrerako eta amaierako dantzak dira; hots, nola sartu eta nola atera. Dantzak aukeratu ostean, parte hartuko duten talde guztien artean banatu behar izan ditugu, talde bakoitzaren ezaugarrien eta baliabideen arabera dantza bat ala beste bat egokituz. Baztango sokadantza-tik abiatuta, ikuskizunak Lesakako dantzak eta Lapurdiko inauteriak errepasatuko ditu, besteak beste». Estreinaldiaren aurretik gogo biziz dagoela aitortu du Urbeltzek. «Ikuskizun berezia izango da. Bidasoako folklorearekin zerbait egiteko gogoa geneukan. Taldeak elkartzea ez da zaila izan, baina jabetu behar gara horrelako gauzak ez direla berez ateratzen, atzetik lan asko dagoela. Ikuskizunean ehun dantzaritik gora arituko dira; hori guztia koordinatzea ez da erraza».



Euskal Jaiaren mendeurrena



Dantzak oso sustraituta daude Bidasoaldean. Hala ere, era horretako ikuskizun bat egiten den lehen aldia da. «Dantzak mantentzea oso garrantzitsua da, gure erroak hor daudelako. Gure esku dago hori egitea, eta dugun guztia eman behar dugu». Urbeltzek argi izan du hasieratik ikuskizunaren izenburua. «zama sinboliko handia duen esamoldea da. Baztango mutil dantzariak, plazara sartzen direnean, txapelak kentzen dituzte eta jendeari 'aunitz urtez!' esaten diote. Bidasoako dantzetan ere gauza bera egiten da. Aurten Euskal Jaiak ehun urte bete dituenez, esaera ezin aproposagoa da».

Dokumentuaren akzioak