Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bidaiatuz ikasteko urtaroa

Dokumentuaren akzioak

Bidaiatuz ikasteko urtaroa

Egilea
Adrian Garcia
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2011/09/16
Lotura
Berria

Datorren astean atzean geratuko den urtaroa izan ohi da gazteen gustukoena. Ikasketen etena Euskal Herriko hamaika herritako festekin bat etorri arren, badira toki berean denbora asko geldirik egon ezin diren gazteak, eta udako oporrak kanpoan igarotzeko erabiltzen dituzte. Irteteko zioak askotarikoak izan daitezke: lana, hizkuntza bat ikasi... Edo besterik gabe, esperientzia berriak bizitzea. Lelo ezaguna da beste herrialde bat ezagutzeak eta hainbat kulturatako jendearekin harremanak egiteak pertsona gisa hezten laguntzen dutela. Esperientzia horien bila joan dira atzerrira gazteak. Ikasturtearen hasierak bultzatu ditu jaioterrira itzultzera, baina denek esperientzia bikainak eta lagun berriak ekarri dituzte besapean. Eta hurrengo udarako planak egiten hasiak dira.

Jokin Iraola

Necochea, Argentina

Jon Iraolari (Andoain, 1989) dantzak ireki dizkio bidaiatzeko ateak. Sei urte zituelarik hasi zen dantzan, eta Musika irakasle ikasketak burutu ostean irakasle gisa dabil egun. Argentinako Necochea hiriko Euskal Etxeak urtero antolatzen duen Hator Hona programan hautatua izan zen, eta uda han igaro du euskal dantzak irakasten.

Lagun baten bidez eduki zuen Hator hona

egitasmoaren berri, eta Interneten galdeketa orri bat bete ondoren hautatu zuten bidaia egiteko.

 

Euskal Herritik urduri atera zela aitortu du Iraolak, zer erakuts zezakeen eta zer ekarpen egin zitzakeen ondo jakin gabe. Necocheako euskal jatorriko gazteek gogotsu hartu dituzte Iraolaren eskolak, «nire hemengo ikasleek baino gehiago», eta esperientzia polita izan du andoaindarrak Argentinan egondako bi hilabetean.

«Dantza maila polita dute, baina nabarmenena dutena sentimendua da», azaldu du Iraolak. Harrituta geratu da musika irakaslea euskara ikasten duten lagun kopuruarekin.

Euskal diaspora nahiko zaharra da Argentinan. Hara joandako gehienak egun aitona-amonak eta biurraitona-amonak dira. Gazteek ez diote euren jatorriari uko egiten, eta euskal kulturarekin zer ikusia duen oro xurgatzeko irrikaz daude, Iraolak esan duenez.

Beste hiru gazte izan ditu bidelagun Iraolak: Ainara Saez, Ixiar Jauregi eta Urtzi Agirretxe. Euskara, txalaparta, panderoa eta trikitia erakustea izan da euren eginkizuna. Haien poltsikotik Argentinarako joan etorriko bidaia ordaindu dute. Egonaldi osoa, ordea, Euskal Etxeak ordaindu die, eskolak ematearen truke. Familia baten etxean hartu zuen ostatu programako kide bakoitzak. Semea hiriburuan zuen alargun bat egokitu zitzaion Iraolari. «Primeran konpondu gara, eta gauza asko egin ditugu elkarrekin».

Dantza egiteaz gain, alboka, dultzaina eta txistua jotzen du Iraolak. Bazkaldu ostean, edo tabernan poteoan ibiltzean, instrumentuak atera eta kantari ibiltzen ziren. «Asko eskertzen zuten instrumentuok jotzeak. Askok ez zituzten ezagutu ere egiten, baina doinuak ezagunak zitzaizkien euren gurasoek txikitan abesten baitzizkieten».

Argentinan barna bidaiatzeko aprobetxatu dute egonaldia lau gazteek. Necochean hiru astez egon ondoren, Tres Arroyosera joan ziren kontzertu batzuk eta tailer bat ematera. Halaber, Iguazu, Salta, Mendoza, Calafate eta Perito Moreno ezagutzeko aukera aprobetxatu zuen laukoteak.

Herritarrekin gazteleraz mintzatu da Iraola, nahiz eta agurtu eta beste zenbait hitz euskaraz egiten saiatzen ziren. «Euskara kantuen bidez gorde dute gehienbat. Oso errepertorio zabala dute, eta badakite kantatzen ari direnaren esanahia», adierazi du dantzariak. «Oso zaila daukatenez hona etortzea, haien urteroko euskal dosia izan gara gu».

Jendearekin egindako harremanak izan dira bidaiako gauzarik baliotsuena, Iraolaren aburuz. «Oso irekiak dira. Dena ematen dizute gu baino gutxiago dutenean. Asko daukagu haietaz ikasteko». Hurrengo urtean bidaia errepikatzea espero du.

Edurne Carrera

Montreal, Kanada 

Ohikoa izaten da gazte askorentzat uda atzerrian hizkuntza bat ikasten igarotzea. Edurne Carreraren (Orio, 1993) kasua da horietako bat. Oriotarraren kasuan, baina, hizkuntza bakarra izan ordez bi izan dira landutakoak. Uztailean Kanadako Montreal hirian egon da, frantsesa eta ingelesa hitz egiten duten hiri elebidunean. «Hilabete osoa astebete bat izango balitz bezala pasatu zait, oso azkar», adierazi du Carrerak. Baliagarri izango zaizkio egonaldian landutako bi hizkuntzak aurten hasi berri duen Turismoko graduko ikasketak burutzeko.

Hainbat jatorritako jende askoren bizitoki, Kanadako gizartearen aniztasun kulturala handia da oso. Iritsi bezain laster nabaritu zuen hori Carrerak, egokitu zitzaion familiako andrea italiar jatorrikoa baitzen. «Bost urte zituenean iritsi zen Montrealera», azaldu du. «Etxeko beste kide bat banintz bezala tratatu naute», adierazi du oriotar gazteak familiarekin izan duen harremanari buruz galdetutakoan.

Goizez ingelesezko eskoletara joan beharra zeukan, eta arratsaldeetan gelako kideekin elkartzen zen. «Nire moduan bakarrik joandako jendea zen». Ez du aspertzeko betarik izan Carrerak, Montrealek aisiarako aukera handiak eskaintzen baititu.

Eskoletan eta klase kideekin gelditzen zen orotan ingelesez aritzen zen. Hamaika herrialdetako lagunak egin ditu: Brasil, Japonia, Turkia, Taiwan... Frantsesa, aldiz, etxean erabiltzen zuen, ostatu hartu zuen etxekoandrearekin hitz egiteko.

Frantzian hitz egiten den frantsesa ikasirik, Kanadako Quebec lurraldean hitz egiten duten frantsesa arrotza egin zaio hasieran. Zailtasunak izan dituen arren, aise gainditu ditu, eta segituan harrapatu ditu azentuaren bitxitasunak. «Hobekuntza handia nabaritu dut, batez ere frantsesean».

Euskaldun eta erdaldunak ezagutu baditu ere, beti ingelesez edo frantsesez hitz egiten saiatu da. «Bestela, ez du ezertarako balio egonaldiak. Euskara familiarekin eta Orioko lagunekin hitz egiteko bakarrik erabili dut», adierazi du. Esaterako, etxean pisukide zuen ikasle mexikarrarekin frantsesez mintzatu da beti.

Kanada ezagutzeko ere baliatu du bidaia Edurne Carrerak. Toronto, Niagarako ur-jauziak, Ottawa... bisitatu ditu. «Hala ere, Montreal da gehien gustatu zaidan hiria».

Nahiz eta familia eta lagunak ikusteko gogoa izan, «urtebete osoa» Montrealen geldituko zela aitortu du. Asko gustatu zaio herrialdeko kultura aniztasuna eta jendearen izaera atsegina. Atzerriko hizkuntzak ikastearen zale, Montrealek badu balio erantsia Carrerarentzat: «Frantsesa eta ingelesa hitz egiten dira».

Egonaldiak bidaiatzeko grina handitu dio: «Munduko beste leku eta kulturak ezagutzeko gogoa piztu dit ». Hurrengo udarako bidaian pentsatzen hasia da.

Jugatx Agirre

Managua, Nikaragua 

Jugatx Agirreren (Usurbil,1988) uda ere nahiko berezia izan da. Nikaraguako Managua hiriburuan egon da abuztuan, Hogar Zacarias Guerra adin txikikoen zentroan lanean. Duela bi urte Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza programa bati esker joan zen lehen aldiz hara, eta, iaz bezala, aurten ere ez du hutsik egin. Hango gizarte langileei laguntzen igaro du uda, eta hurrengo urtean ere itzultzea espero du.

Gizarte Lanak ikasketak egin ditu Agirrek, eta orain Zeinuen Hizkuntzako Interpretazioko Goi Mailako ikasketak egiten dabil. Betidanik izan du zeinuen hizkuntzari buruzko jakin-mina, eta Nikaraguako haur gorren egoera ikusita, ikastera animatu zen.

«Bisita sozialak egiten genizkien adin txikiko zentroko haurren familiei, haien egoerak hobera egin duen ikusteko», azaldu du. Itzultzean, txostena bete eta egoeraren berri ematen zuen. «Zentroan geundenean umeekin jolasten ginen».

Egoera oso desberdina topatu du Agirrek, eta familia historia latzak entzun behar izan ditu. «Seme alaba askoko familiak dira, familia desegituratuak. Egoera ekonomikoa, seme alaben kopuruari alderatuta ez da ona izaten». Askotan haurrak ezin dituztela ondo elikatu dio Agirrek.

Kooperazioaren alorrean, hegoaldeko herrialde batean lan egiteko gogoak bultzatu zuen usurbildarra Eusko Jaurlaritzaren programan izena ematea. «Betidanik eduki dut iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen arteko desberdintasuna ezagutzeko kuriositatea».

Haien eskuzabaltasunak txunditu du Agirre. «Hain behartsuak izanik ere dena emateko gai dira. Euren etxeko atea beti dute zabalik zuretzat, eta daukaten urria ematen dizute». Arazo bat izanez gero ere, denak inplikatzen direla dio Agirrek. «Hemen indibidualistagoak gara».

Hango erritmo lasaiagora ere ohitu behar izan du Agirrek. «Behin pertsona bati ordu eta erdi itxaron behar izan genion».

Itzulera beti gogorra izaten dela azaldu du, baina oraingoan ez da izan Nikaraguara egon zen lehen aldian bezainbeste. «Mundu batetik bestera zoaz, biak guztiz desberdinak; hasieran ez zaude ez hemen, ez han, ez inon». Hango jendearen faltan ere sumatzen duela dio.

Irakaspen argi bat atera du Agirrek udako esperientzietatik: gauzei bere balioa ematea. «Han ikusten duzu, gauza txiki batekin gauza asko egiten dituztela. Guk hemen gauza piloa ditugu, baina beti kexaka gaude».

 

Edurne Carrera, Niagarako ur-jauziak atzean dituela. / EDURNE CARRERA


Jon Iraola, Iguazuko ur-jauzietara eginiko bisitan. / JON IRAOLA


Jon Iraola, Necocheako Euskal Etxean dantza eskolak ematen. / J. IRAOLA


Edurne Carrera, lehena eskuineitik, Montrealen edukitako ikaskideekin. / EDURNE CARRERA


Jugatx Agirre usurbildarra, Paujil komunitateko haur batekin. / JUGATX AGIRRE


Jugatx Agirre, Zacarias Guerra zentroko festa batean. / JUGATX AGIRRE

 

Dokumentuaren akzioak