Dokumentuaren akzioak
Bidaiatu, imajinatzeko
Bazen Nafarroako Erresuma bat, harik eta Errege-Erregina Katolikoen
aginduetara zeuden Gaztelako eta Aragoiko tropek haren konkistari ekin
zioten arte. 1512an hasi zen desegiten hura, Amaiurko gazteluan. Baina
Ibarrako (Gipuzkoa) Alurr dantza taldeko kideek aldarrikatu nahi dute
erresuma hark bazuela izen eta izan bat. Eta haien eskolako gaztetxoei
gure herriaren historiaren zati bat dantzaren bidez bizitzeko aukera
eman nahi izan diete, «iraganik gabeko herriak etorkizunik ez duelako».
Beraz, Izanak dirau, 1512 ikuskizuna osatu dute, 12 eta 16 urte
arteko 23 neskarekin. Aiert Beobide eskolako irakasleak egin du
koreografia, eta gaur estreinatuko dute, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona
kultur etxean (20:00). Ikasleei, eta ikusleei ere bai, «bidaia» bat
proposatu nahi die, «hura nolakoa zen imajinatzeko».
Protagonistak
ere, neska gazte batek, bidaia bat egiten du, lurrean aurkitzen duen
liburu bateko orrialdeak irakurtzen hasten denean. Eta orduan hasten
dira dantzarien mugimenduak, momentu horretan hasten da atzera
begirakoa. Koreografiak osatzeko, batez ere, «Nafarroako dantza
tradizionalak» erabili ditu Beobidek: «Duten indarrarekin, jai
giroarekin... Hori izan da oinarria kontatzeko nolakoak ziren nafarrak.
Zeinen indartsuak, zeinen festazaleak, zeinen graziadunak...». Baina
beste molde batzuk ere sortu behar izan ditu, «nafarrak ere beste
gizarte batzuekin gurutzatu zirelako». Gaztelakoarekin eta
Erromakoarekin, adibidez. «Gizarte horiek zer sentsazio sortzen
zizkidaten kontuan hartuta eratu ditut beste mugimenduak». Gaztelarren
folklorea identifikatzeko, esaterako, kriskitinak erabili ditu.
Neskek
ez dituzte eskuratu kriskitinak estreinaldiaren aurretik Ibarrako lokal
batean egindako entseguan, baina haiek harrituta bezain ilusionatuta
daude han, haien mugimenduak jarraitzen, pare bat kazetari eta kamera
ikusita. Beobidek badaki «dezenteko oihartzuna» sortzen ari dela beren
ikuskizuna: «Nabarralde eta Nafarroa Bizirik elkartekoak —emanaldia
sortzeko haiekin jarri ziren harremanetan— lan handia egiten ari dira
Euskal Herriaren historia ezagutzera emateko ahaleginean. Eta
Nafarroaren konkistaren 500. urteurrenaren aitzakiak jakin-mina piztu
du». Eskolako dantzariei ere bai: «Konturatu gabe, gure historia
barneratuz joan dira —irailean hasi ziren entseatzen—. Haiek gure
etorkizuna direnez, jakin dezatela nondik gatozen, nora joango garen
erabakitzeko».
Dantzaren bidez mezuak helaraztea, ordea, ez da
erraza. «Bakoitzak bere burutazioak egiten ditu dantza saio bat
ikustean. Halere, eszena batzuetan nahiko argi ikusten da zer ari den
gertatzen». Ikusten da, adibidez, nafarren bizitza nolakoa zen; nola
gurutzatu ziren beste gizarteekin, nola eragin zien kristautasunak...
«Hori dena gertatuta ere, nafarrek jarraitzen zuten herriari eusten,
beren sinesmenak mantentzen...». Beobideri iruditzen zaio hori guztia
ulertzen dela ikuskizunean. «Gainera, liburuko istorioa irakurtzen ari
den bitartean, neska gazteari burutik pasatzen zaiona entzuten da une
oro. Horrek ikusleari kokatzen laguntzen dio». Eta ikusle horri
«itxaropen mezua» helarazi nahi diote amaieran. «Jendeak hori
barneratzea nahi dugu. Haria apurtzen dugu, eta konkistaren ondoren
berriro altxatzen gara, denon artean berriro aurrera egiteko».
Eszenografia
eta jantziak mimoz zaindu dituzte, eta baita musika ere. «Ez dira
musika tresna tradizionalak, baina badute euskal tresnen kutsu bat».
Erabili dituzte, adibidez, Alboka taldearen doinuak, uste dutelako
horiek nahiko ondo adierazten dutela euskal sonoritatea. Indarra,
intentsitatea, ematen diete dantzariek, gainera, lokaleko linoleozko
zoruaren gainean emandako pausu neurtuei. «Konturatu dira zer den
horrelako proiektu bat aurrera ateratzea, eta oso serio ari dira».
Batetik, dantzarekin gure historia barneratuz, eta, bestetik ikuslea
bidaia batera gonbidatuz, zer ginen imajinatu ahal izateko.
Alurr dantza taldeko kideak, Ibarrako lokal batean, herenegun egin zuten entseguan. / JON URBE / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak