Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Bidaia bat» Jorge Oteizaren unibertsoan barna

Dokumentuaren akzioak

«Bidaia bat» Jorge Oteizaren unibertsoan barna

Zuk Performing Arts dantza konpainiak 'Quousque tandem abutere' lana taularatuko du Oteiza museoan, datorren urriaren 20an. Jorge Oteizaren «obra eta pentsamoldea» gerturatzeko asmoa du proiektuak.
Egilea
Amaia Jimenez Larrea
Komunikabidea
Berria
Tokia
Altzuza
Mota
Albistea
Data
2024/10/11
Lotura
Berria
Ikuskizuneko 'Apostoluak' piezako irudi bat. ZUK PERFORMING ARTS
Ikuskizuneko 'Apostoluak' piezako irudi bat. ZUK PERFORMING ARTS

Nafarroako dantza garaikideko programari, DNAri, esker sortu zen proiektua, eta Itsaso Alvarez Canoren eta Mikel P.G.-ren eskutik. Lau dantzari arituko dira emanaldian: Itsaso Alvarez Garrido, Idoia Rodriguez, Amaia Martinez, Moises Gordo eta Diego Garrido. Hamar koreografiaz osatuta egongo da saioa. Dantzek iraun bitartean, zuzeneko musika —Silberius de Uraren eskutik— egongo da, eta ikus-entzunezko piezak proiektatuko dira.

Eskulturak eta audio grabazioak

Dantzariak Oteiza museoan astebetez aritu ziren sorkuntza prozesuan. Bertan artistaren hainbat grabazio entzuteko aukera izan zuten, eta horietako batzuetatik tiraka sortu dituzte dantzetako batzuk. Hain zuzen, pilotarien, bertsolarien eta eskultorearen beraren amaieraren inguruko audioak erabili dituzte. Pilotarien kasuan, Oteizaren ahotsa, eta Oihan Lerga pilotaria jokoan ari dela erakusten duten irudiak uztartzen dira Jai-Alai deitu dioten koreografian. Bertsoak zatian, berriz, dantzekin batera, Ekhine Zapirainek idatzitako eta Lide Arrietak kantatutako bertsoak emango dituzte ikus-entzunezko piezan.

Sortzaileen hitzetan, Quousque tandem abutere-k Oteizaren unibertsoan barrena bidaia bat proposatzen du; bai liburuan agertzen diren hainbat kontzepturi jarraikiz, bai haren eskultura garrantzitsuenetako batzuetan oinarrituz. Liburuan jasotzen den, eta ikuskizunera eraman duten elementuetako bat da «artzain politiko euskalduna»; Artzaia koreografian sortu dute horrela. Bertan, dantzari bakar batek parte hartzen du, artzain makila bat eskuetan duela. Dantzan ari den bitartean, Lesakako (Nafarroa) Agiña mendiaren inguruan grabatutako irudiak proiektatuko dituzte.

Euskal zentauroa izan da ikuskizunerako erabili duten obretako bat. Eskultura horri «bizia ematen» saiatu dira sortzaileak, izen bereko piezarako. Dantzarien jantzien bidez lortu nahi izan dute hori; Noemi Allok diseinatutakoak dira. Oinarri izan duten beste eskulturetako bat, Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) dauden apostoluak dira. Arantzazun jartzeko zain, hamasei urtez lurrean egon zirela irudikatu zuten dantzariek, eta, horregatik, hari eskainitako koreografiaren zati handi bat lurrean egingo dute.

Dokumentuaren akzioak