Dokumentuaren akzioak
Biarrizko Maitaldia, laburragoa baina aberatsagoa
Berrogei emanaldi izango ditu ostiralean zortzi hasiko den edizioak
Ostiralean zortzi zabalduko du Biarritzen Maitaldiaren (Temps dAimer) hamabosgarren edizioa Italiako Aterballetto konpainiak Les noces cantata WAM lanarekin, eta hamar egunean berrogei emanaldi izango dira hiriko antzoki, plaza eta parkeetan, atzo Biarritz Cultureko ordezkariek eta Jakes Abeberry alkateordeak Donostian adierazi zutenez.
Hamar eguneko iraupena izango du aurtengo edizioak, «programazioak dentsitate handiagoa izan dezan», Filgi Claverie programazio zuzendariak adierazi zuenez. Eta Hego Europako taldeei leku berezia egingo die.
Aterballetto taldearen lanaz, Mozarti egindako omenaldia zela esan zuen Claveriek. «Mauro Bigonzettik zuzentzen duen taldea Maitaldira etortzea ohore handia da guretzat, gutxi mugitzen den taldea delako eta lan berria Euskal Herrian eta Estatu frantsesean estreinaldia izango delako», esan zuen.
Pantxika Telleria
Hilaren 10ean Pantxika Telleriak lan berria estreinatuko du: Kadira. Telleriak berak azaldu zuen lan berriaren mamia. «Zer erakutsi nahi diot alabari dantzaren arloan?, galdetu nion neure buruari, eta maitasun istorio bat irudikatu nuen dantzaren bidez. Bi protagonistako lana da, ondorioz, eta dantza garaikidean sartuko nuke», esan zuen.
Egitarauko beste gertakari nagusietako bat Asami Maki Ballet Tokyo taldearen presentzia izango da. «Japoniako balet handienetakoa da; 40 bat dantzari dira agertoki gainean, eta Ponk Floyden musikaren dantza show bat egingo dute, Roland Petiten koreografia bat, Gare du Midin horiek ere, hilaren 12an. Gertakari handia dela uste dugu, beren itzulian Paris, Biarritz eta Bartzelona bakarrik bisitatuko baitituzte», jaraitu zuen Filgik. Hirugarren gertakari nagusiaren izena Nizako Opera Baleta da. «Bi lan ekarriko dituzte:Romeo eta Juliette hilaren 16an, eta Ballets mixtes, 17an. Balet Biarritz izango da hilaren 18an Les creatures lanarekin Maitaldia itxiko duena. Thierry Malandainen koreografia berria Portu Zaharreko hondartzan emango dute 22.00etan», esan zuen Filgi Claveriek.
Horietaz gainera, noski, Azzopardiren Gelebert (hilaren 10ean), Mariano Crucetaren Ballet Flamenco (11n), Teresa Nietoren konpainia (12an), ¼ramid taldea (Palestina-Israel) (13an), Kelemenis (14an), Nacho Duatok zuzentzen duen Madrilgo Compañía Nacional de Danza etorriko da hilaren 14an, Androphyne taldea 15ean, Granada taldea 16an, Damian Muñoz eta Jordi Cortesen taldea 17an eta Shua Goup 18an. Claude Iruretagoienak Kutx ala pil... emanaldia egingo du azken egunean, hilaren 18an. Claudek berak atzo agertu zuenez, Zuberoako dantza zaharren pausoetan oinarritu da.
Biarritz Balet Gaztea lanerako prest
J.A.
DONOSTIA
Datorren astelehenean hasiko da lanean Biarrizko Balet Gaztea, Maitaldiaren aurkezpenaren buruan, Claveriek esan zuenez. «Sei hilabetez egingo dugu lan hemen, Donostian, eta lehen emaitza azaroaren 7an erakutsiko dugu. Hamabi dantzari dira taldean. Esperientzia bat da; ez dakigu ondoren jarraituko dugun edo ez», esan zuen.
Maitaldiaren arrakastaren sekretuaz ere mintzatu zen Claverie eta «eklektikotasuna» aipatu zuen. «Dantzaren estetika guztiak ematen saiatzen gara eta publiko zabala erakartzen du horrek», esan zuen. Arrakasta begi bistakoa da, Cleveriek esan zuenez, 12.000 sarrera saldu baitzituzten iaz. «Dantza jaialdi baterako sarrera asko dira eta are gehigo oraindik, udatik kanpo, jendea lanean hasi eta gero antolatzen dugula kontuan izanik. Gure publikoa zabala da jatorriari dagokionez ere, Bordeletik Bilborainoko jendea etortzen baita», esan zuen. Arrakasta horren lekuko dira eratzen diren ikastaroak ere. «Aurten, lau ikastaro antolatu ditugu: munduko dantzak, haurrentzako dantzak, flamenkoa eta dantza garaikidea. Eta urtea joan eta urtea etorri ikastaroek gainezka egiten dute», esan zuen.
Dokumentuaren akzioak