Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Biarritzeko dantzari maisuak

Dokumentuaren akzioak

Biarritzeko dantzari maisuak

Koldo Zabala eta Claude Iruretagoyena, bi belaunaldi, bi maisu eta euskal dantzaren berritzaileak

Komunikabidea
Biarritz Magazine
Mota
Albistea
Data
2010/08/01

 

"Anai arrebekin ikasi ditut euskal dantzak, baina manera zaharreann. Ondotik ohartu naiz erabat faltsuak zirela, helburu politiko batekin sortuak izan zirela. Dantza ainitz sakonagoa da, gure herrian arrunt erroturiko gauza bat da" Oldarra dantza taldeko erakasleak dioenez. Azterketa horren egiteko, dantza klasikoaren bidea hartu izan behar du. Eta dantzari baten ibilbidean hain inportantea diren maisuak kasitu ditu. 1950 hamarkadan, Koldo Zabala Parisera doa dantza klasikoa ikastera, Alexandre Violine San-Petersburg Antzerkikoarekin. "Enetako txoke bat izan da, munduko dantzari handienekin lan egitea". Ez da hortan gelditu: Yves Brieux Ustaritz, Pariseko Operako maisuarekin "20 urteko abentura" hasten du. 1983an Euskal Herrira itzuli da, Baionako kontserbatorioko dantza erakaslea bilakatuz.

"Ibilbide hortan ohartu naiz egina nintzela gehiago dantza garaikidearentzat dantza klasikoarentzat baino. Dantza garaikidean, mugimendu baten adierazteko hamaika maneraz egin daiteke., hatsa hartzearekin adibidez. Gaur egun nola nahi duzu sentimendu bat adierazi puntta edo arabeska batzuekin?" Hala ere, klasikoa eta akademismoaren neurriko defentsalaria da: "Dantza bat kodifikatzen delarik, abaintala bada, ez da galtzen. Baina aldi berean gakotzen da". Orohar hiru iturrietatik edan du Koldo Zabalak: tradizionaletik, klasikotik, garaikidetik. Eta hiru jatorri horiek bere sorkuntzan agertzen dira. "Oldarrarekin sorkuntzan hasi naiz dantza tradizionaletik abiatuz eta ahal bezain bat urrunduz". Hor ditugu "Nafarroa" eta "Xubero" baletak edo berrikitan Biarritzen beremaniko "Gernika" baleta. Sorkuntza horien azken ezaugarri bat: Euskal Herriko artista ospetsuen laguntza jasotzen dute. Adibidez Gernika baletan, Antton Valverderen muska edo Nestor Basterretxeak marraztutako jantziekin. Beste sorkuntzetan Mikel Laboa, Benito Lertxundi edo Antonio Gades-ekin lan egin izandu.


Dantza Berria

Claude Iruretagoyena ondoko belaunaldikoa da. Jada ibilbide luzea du euskal dantzan 50 urteko Baionesak, Alta, kasualitatez sartu da mundu horretan. Bere gurasoak Lauga salaren atezainak ziren eta bertan euskal dantza talde batek errepikak egiten zituen, mutikoak eskas, sei urte zituelarik. Batz Alai taldean hasi zen eta Koldo Zabala kurutzatu zuen. Ondotik, Baionako Orai Bat taldean sartu zen eta Jean Lesprias-ekin topo egin zuen. Baina euskal dantzaren bokazioa, Balichon-eko MJC-an sortu zen Thierry Truffaut eta Betti Betelu-rekin, Lapurtarrak dantza taldean. 1970-80 urteetan, euskal jauzien berpizte eta salbatzearen mugimenduan parte hartu zuen Betelu bere "lehen maisuarekin". Honek eskaturik, dantza kurtsoak eman zituen Claude Iruretagoyenak.

Beskoitzeko Oinak Arin taldeaz arduratu zen 1981ean, 15 urtez: "Hor naiz interesatu funtsa kulturalaz, hor naiz hesiaren beste alderat pasatu." Jose Antonio Urbeltz, Donostiako dantza historialaria ezagutu zuen. Confolnes-eko festibala kari, dantza bat sortu zuen Urbeltzekin, "Zortziko", 180 dantzari amaturrekin, 77 aldiz emana mundu osoan. Obra horrek Iruretagoyenaren arrangurak isladatzen ditu: "Dantza tradizionalak eduki kultural bat aiderazten du, baina dantza mota guzietan bezala, gero ta gehiago, dantza teknika hutsa bilakatzen da, forma hutsa, bere edukitik urruntzen dena". Zortzikorekin bi adarrak lotzen dira, "eduki kulturala atxikitzen da, teknikoa eta estetikoa bilakaraziz". Ildo horretik segituko du Claude Iruretagoyenak 1990 hamarkadan sortutako Maritzuli konpaniarekin. "Ingura Mingura", "Kutx ala pil" eta berrikitan "Aurrez aurre" sorkuntzak ekoiztuko ditu.

Azken honekin, Clauden xedeak urrunago eramaten gaitu: "Frogatu dantzari batek ezberdinki dantzatuko duela teknika bat menperatuz eta aldi berean ezagutza teoriko bat ukanez. Edukirik gabe, dantza pausoen konbinaketa besterik ez da". 2000. urtean Maritzuli konpainiak Ballet Biarritzen egonaldia hasten du. Iruretagoyenak hor garatzen du bere proiektua: "Atzoko dantza zaharren ezagutzarekin, dantza berri bat sortu". Horregatik dantza emanaldiarekin batera, formakuntza, topaketa eta mintzaldiak antolatzen ditu Maritzulik. Guziei gakoak emaiteko.


Dokumentuaren akzioak