Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Biarritz Baleteko dantzarien une hunkigarrienak, Jacques Pavlovskyren argazkietan

Dokumentuaren akzioak

Biarritz Baleteko dantzarien une hunkigarrienak, Jacques Pavlovskyren argazkietan

Zuri-beltzean trazo garbiak eta sinpleak bilatu ditu

Egilea
Amagoia Mujika
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2002/11/15

Dantza mugimendua bada, «kontraesana» irudi dezake une bat liburuan geldiarazteak, jada ez dagoena fosiltzeak. «Zaila da mugimenduaren denbora geratzea. Baina nik une aratzenak jaso nahi izan ditut, ez gertatutakoa. Emozio gehien eragin dizkidaten trazoak irudikatu eta adierazi, formak, dantzariek sortu dituzten arkitektura irudiak», dio Jaques Pavlovsky argazkilariak bere lanaren berri ematerakoan. Hamaika argazkiren artean hogeita hamar bildu ditu liburuan.



Biarritz Baletarekin entseguetan, antzokietan eta bidaietan igarotako lanaren bilduma da, Intxaur kraskailua eta Maitasunaren logela obrak dantzatu bitartean ateratakoak. «Ia haiekin bizi izan naiz. Denbora asko egin dut Thierry Malandain koreografoarekin eta dantzariekin, haien lana eta arnasa ezagutzeko, baina jasotakoak ez dira entseguak, edo agertokitik kanpoko beste egoera batzuk. Jendaurrean ateratakoak dira, nolabait egindako lan guztiaren emaitzak, une bakarrak eta niretzat onenak». Horiek biltzeko «aldez aurretiko lan handia» dago, «koreografiak goitik behera ezagutu ondoren, emozioak utzi dizkidan une gozagarrienetan».



Zuri-beltzeko argazkiak garbiak dira, «sinpleak bere konplexutasunean. Arkitektura trazo ederrenak azpimarratu nahi» izan dituelako, «forma bere soiltasunean. Garrantzitsuena da liburua hartzen duenak hor dagoen emozioa sentitzea». Bere lana eginda «ikuslearengan emozioa» eragitea espero du argazkilariak.



Thierry Malandain koreografo eta zuzendariaren hitzaurrea dauka liburuak, eta Pavlovskyk islatu duenarekin «pozik» da Malandain, koreografoak argazkilaritzarekin oso loturik baitaude, eta «Pavlovskyk oso ongi erretratatu ditu koreografien esanahiak».



Argazkiek ez baitute hitzen beharrik, hari buruzko hitzaurrearen eta azalpenen bi bertsio egin dituzte. Euskaraz eta gaztelaniaz bata; ingelesez eta frantsesez bestea. «Biarritz Baletak erabiltzen dituen hizkuntzetan jarri nahi izan dugu», Filgi Claverie konpainiako kidearen arabera.

Dokumentuaren akzioak