Dokumentuaren akzioak
Bi punturen artean, biderik ederrena aukeratu duen taldea
Ibarrako dantza taldeak 20 urte betetzen ditu aurten eta urte hauetako gora beheren berri izateko Eli Nosellasekin bildu da ATARIA. Urte hauetan guztietan hor egon da, baina ez da bakarrik egon noski, eta solasaldian izenak bata bestearen atzetik bota ditu, ezin inor ahaztu.
Beste izen batekin hasi ziren, Txalaparta, baina izena ematera joaterakoan, beste talde batek izen hori zuela eta, aldatu egin behar izan zuten: «Eider Ijurkok euskal mitologiari buruzko liburu bat ekarri zuen eta horretan begiratzen hasi eta 'alurr' lurraren esanahiarekin zetorrela ikusi zuten, eta gustatu. Momentuko erabaki bat izan omen zen».
Lehen mugarria
Dantza tradizioa Ibarran Alurr baino lehenagotik dator. 1974-1975. urteen artean dantza taldea ere bazegoen herrian, Azkunde. Urteak eman zituzten txistularien laguntzarekin dantza saioak eskainiz, baina 1990. urte inguruan beste garai bat heldu zen. Ordura arte dantzan aritutako gazteak beste zeregin batzuetan hasi ziren; unibertsitatea, lana... eta beherakada eman zen. Baina 1992. urtean bultzada berri bat eman nahi izan zioten taldeari.
Joxe Luis Zubeldiari Ibarran dantza erakustera joateko gonbita luzatu zioten, eta Arin-arina zein Fandangoa erakutsiz hasi zuen ibilbidea Alurren. Emanaldi askotan hartu zuten parte eta Amezketa zein Beasaingo dantzariekin trukeak egiten zituzten. Zubeldiaren garaian dantza asko ikasteko aukera izan zuten: Makil Txiki, Sagar dantza, Peio Joxepe, Ator-ator, Uztai, Kaxkarrotx...
Ikastaro soil bezala hasi zena, dantza taldea izatera pasa zen orduan, eta azkenean proiektu oso bat izaten bukatu du. 1999-2000 ikasturtean beste aldaketa bat eman zen taldean.
Josune Ezeiza eta Eider Epelde dantzariak izan ziren Nosellasen hitzetan aurrera egiteko lanean aritu zirenak, eta Guraso elkarteko Mari Carmen Usabiaga, Axun Aranguren, Nekane Jauregiren laguntza izan zuten, besteak beste. Ikasturte hartan proposamen bat ere jaso zuten herriko gazteen eskutik. «Dantza taldea berreskuratu behar zela esan ziguten, baina tradizionalaz harago joango zen zerbait nahi zuten, beste zerbait nahi zutela utzi ziguten argi. Lehen ibilitako gazteekin bildu ginen eta lanean hasi ginen», esan du.
Bigarren mugarria
1999-2000 ikasturtean neska batzuk eta gaztetxoak besterik ez ziren geratu taldean. Garaiko kultura zinegotziak, Alurreko ibilbidearen jakitun, kultur etxeko ikastaroetako bat ematea proposatu zion dantza taldeari, eta Josune Ezeizak ezin izan zuenez jarraitu, Eider Epelde geratu zen zeregin horretan. «Eiderrek sekulako lana egin zuen bera bakarrik eutsi zion taldeari, irakasle lanak egiten zituen, txistulariak bilatzen zituen, jantzien eta gainontzeko azpiegituren ardura eramaten zuen...».
Garai zaila izan zen, dantza taldeak bultzada behar zuen, eta horretan hasi ziren lanean.
Hurrengo ikasturtean, 2000-2001ean, beste salto bat eman zuen Alurrek. «Eider Epeldek bilera batean bota zuen ea zergatik ez genuen ekartzen Edu Muruamendiarazen estiloko norbait. Eta horretan hasi ginen; lehenengo Joxe Luis Zubeldia berriz ere berreskuratu nahi izan genuen eta laguntzeko prest azaldu bazen ere ezin zuela konprometitu esan zigun, orduan jo genuen Edurengana. Baiezkoa eman zigun eta proiektuan sartu ginen, oraindik jarraitzen dugun proiektuan».
Hirugarren mugarria
2002. urtean Eguberrietan jaialdi bat egiten zen, Hauspoak egiten zuen, orduan oraindik ez zen Hauspoa izenez ezagutzen, hala ere, herriko taldeak elkartzen ziren eta jaialdia egiten zuten. Urte hartan «aro berriko» lehen jaialdia egin zuten. «Abuztuan estreinatu genuen estilo berriko lehen jaialdia».
Orduan hasi zen gorakada. «Hurrengo ikasturtean beste talde bat osatu zen, Tolosako jendea ere Alurren izena ematen hasi zen, jende gehiagok eman zuen izena...».
Jaialdi hori eta gero, ikuskizun gehiago eta landuagoak ere etorri ziren: Sua; Oinazez; Izanak dirau, 1512; Uztartuz eta Soinaz.
Ikuskizunak
Alurr dantza taldearen jardunaren zerrenda oso luzea da: Ibarraz gain beste hamar bat herritan eskaintzen dituzten ikastaroak, herriz herriko emanaldiak, eskolako ikasturte amaierako jaialdia —Iaz bezala, aurten, gai baten inguruan egingo dute dantza talde guztiek—... Herriz herri bidaltzen dituzten irakasleen inguruan helburua bakarra dela dio Nosellasek: «Dantza sortu, suspertu, mantendu eta ahal dela, beraiek beraien taldea sortu dezatela».
Baina badira jendearen artean sona handiagoa lortu duten lanak ere. Ibilbide berezia osatu dute honekin ere, eta lehen pausoa 2008an eman zuten. Oraindik ere herritar askok gogoratzen duten Sua. «Niretzako ikuskizun guztiak dira erditze txikiak bezala, baina Sua oso berezia izan zen, lehenengoa, eta oso-oso gurea», esan du Nosellasek. «Urte hartan —jarraitu du— Edukin hasi ginen. Taldeak gorakada handia egin zuen, ilusio handiarekin geunden, eta orduan Sua filma egiten ari ziren herrian, herritar askok hartu zuten parte pelikula horretan astebururo. Zerbait bateratua bezala planteatu genuen. Ondoren, Sua filma atzeratu egin zen, baina guk aurrera jarraitu genuen. Proiektuan sartuta geunden. Zugarramurdiko 10. urteurrena izan zen, eta horrekin ere lotu nahi izan genuen».
Ikuskizun berezi hauek denen artean egiten dituztela dio Alurreko kideak, baina lehenengo hartan taldeko lana berezia izan zela nabarmendu du.
Bi urte beranduago iritsi zen Oinazez; «Normalean gure ikuskizunek lotura bat dute, eta urte hartan, 2010.urtean, Alurren berriz ere eztabaida geneukan tradizio gehiago edo berrikuntza gehiago sartu behar ote genuen, eta hortik etorri zen ikuskizuna». «Aurretik eginda geneukan bidaia bat Italiara, eta bertan musikari batzuekin harreman handia egin genuen, gurekin jarraitzen dutenak orduz geroztik, eta horietako bat, Jagoba Astiazaran, tradizioari asko begiratzen dio, baina aldi berean, aurrera begiratzen diona ere bada. Mezu hori helarazi nahi izan genuen: tradizioari begiratu behar zaiola, baina aurrera begiratu behar dela. Hortik atera zen ikuskizuna. Ez zeukan zerikusirik aurrekoarekin; muntaia finagoa zen, mistikoagoa... Dantza garaikidea eta klasikoa gehiago uztartu genuen», gogoratu du.
2012. urtean iritsi zen Izanak dirau, 1512. «Nafarroako historiarekin lotuta zegoen. Beste berrikuntza bat sartu nahi izan genuen. Ordura arteko bietan dantza zaharrenek egin zuten, eta berrian atzetik zetozenei aukera egin nahi izan genien. Nafarroako historia kontatzen genuen eta informazioa biltzeko Nabarraldekoekin bilduta egon ginen». Banintz eta Izanak izan ziren dantza egin zuten taldeak, «talde guztiei jartzen baitiegu izena» eta arrakasta lortu zuten.
Ordura arteko hiru ikuskizunetan lan asko egin behar izan zuten Alurreko kideek, eta ekonomikoki ere esfortzua egin behar izan zuten, horregatik erabaki zuten 2013an, aurreko lanen bilduma bat osatzea: Soinaz.
Azken bi urteak ikuskizun hau eskaintzen ibili dira Alurreko dantzariak, baina tartean Uztartuz (2012) ere atera zuten. «Euskararekin eta euskal gazte musikarekin zegoen lotuta eta Errota taldeak aurkeztu zuen, gazteagoek».
Aurten, bi punturen artean
Aurten ere proiektu handi batean daude murgilduta. Ikuskizun berria dute, eta ekainaren 6an estreinatuko dute Tolosako Leidor aretoan. «Bi punturen artean prestatzen ari gara, oraingo honetan ez dugu istorio bat kontatzen», aurreratu du Nosellasek. Aurrerago emango dituzte xehetasun gehiago, baina oraingoz ikuskizunak bi arte diziplina eta bi artista dituela ardatz esan dute: Batetik, Joxan Artzeren poesia eta bestetik, Carmina Dovaleren irudi eta marrazkiak. «Bi puntuak batuko dituen lerroa dantza izango da», esan du. «Kasualitate batek batzen ditu bi artistak: Carmiña Dovaleren irudiak beti bi puntu lotzen dituzten marrak osatzen dute eta Joxan Artzeren poesiarekin lotu dugu», gaineratu du. Artzeren esaldi honekin borobildu daiteke emaitza, hortaz: «Bi punturen artean zein da biderik laburrena? Biderik ederrena». Aiert Beobidek gidatu du proiektu berri hau.
Izan ere, 20. urteurren honetan transmisioaren inguruan hitz egin nahi diote ikusleari. Bide motza baina bizia du atzean Alurrek eta hori posible bada batak besteari emandako laguntzari esker izan da. 20 urte hauetan guztietan taldean aritutako Itziar Doyharzabalek ere izango du bere tartea. Ibartarra orain Haatik konpainian dago, baina orain arte Alurren aritu da ikasle eta irakasle. Jagoba Astiazaran ari da musikarekin, eta zuzendaritza zein koreografiak Aiert Beobiderenak dira. Beobide Muruamendiaraz ordezkatzen hasi zen eta gustura daude taldean berarekin. «Oso konpletoa da, denetik erakusten du oso lan fina egiten du».
«Emakumeok egiten duguna ez al da tradizio?»
Alurr dantza taldeko partaide gehienak emakumeak dira. Horrela suertatu da, bilatu gabe etorri den ezaugarria da, eta nahigabe ere mugarriak jartzea tokatu zaie. «Emakume bezala bultzada eman diogu dantzari. Dantza talde bezala idatzi gabeko hainbat arau haustea egokitu zaigu. Dantza talde tradizionaletan emakumeek ez dute nahi dutena dantzatzen eta guk horri buelta eman diogu», esan du Nosellasek.
Alurren ez diote erreparatu dantzak mutilenak edo neskenak diren. «Neskak gara batez ere, dantza egin nahi dugu eta listo. Dantzan neska eta mutilak ikustea oso polita da, baina guk ez dugu aukera izan eta aurrera egin dugu».
Azken urteetako joera da hori; emakume gehiago animatzen direla dantzara, baina hori ez dela berria dio Nosellasek. «Geroz eta emakume gehiago daude dantzatzen eta zoritxarrez gazteek ez dutenez iragana ezagutzen, uste dute dantza nesken gaia dela eta alderantziz da!». «Emakumeak gara, ez dugu ezer erakutsi edo aldarrikatu behar, dantza egin nahi dugu, dantza egiten dugu, eta listo. Zer da tradizioa? Mutilek mantentzen dutena bakarrik? Emakumeek egiten badute ez da tradizioa? Hori non dago idatzita? Dantza mundua oso matxista da», gaineratu du.
Itziar Doyharzabal. Dantzaria
«Alurr eta dantza dena izan dira niretzat»
Itziar Doyharzabal (Ibarra, 1987) dantzari fina da. Haatik konpainian dago gaur egun, baina herrian hasi zen lehen dantza pausoak ematen, Alurren. Dantza taldearen 20 urtetako ibilbidean parte hartu du. Eli Nosellasek oraindik orain Alurrekin mantentzen duen harremanaz mintzatu da: «Kasu puntualetan aritzen da Alurren. Herriko dantza taldea da Alurr, baina batzuetan beste proiekzio bat eman behar diogu eta kalitatea eman, eta momentu horietan jotzen dugu Itziarrengana».
Alurreko 20 urteko ibilbidean parte hartu duzu, zer da Alurr zuretzat?
Alurr eta dantza dena izan dira niretzat. Txikitan hasi nintzen taldean. Amari galdetu izan diot ea nola hasi nintzen eta bera ere ez da oso ondo gogoratzen, baina sei bat urterekin edo izango zen. Lehen txapelketaz gogoratzen naiz mutilez jantzita, Fandago eta Arin-arina dantzatzen... eta ez dakit nola, baina hor jarraitu dut. Negarra egiten nuela ere gogoratzen dut, Joxe Luisekin (Zubeldia) negarra egiten nuen, oso zorrotza baitzen... Pixkana txapelketetan hasi eta Edurekin (Muruamendiaraz) hasi nintzenean aldaketa izan zen...
Formazioa eman dizu Alurrek.
Hori baino gehiago izan da. Hemen gauza asko egiteko aukera izan dugu, irakasle bezala umeekin asko ikasi dut. Talde asko pasa ditut.
Haatik konpainian hasi zara eta Alurr utzi behar izan duzu, pena emango zizun...
Asko. Haatiken ez banintz egongo, Alurren egongo nintzateke,zalantzarik gabe. Ama izan arte dantzan jarraituko dut, baina Haatiken hasita denborarik ez dut. Nire ametsa beti izan da konpainia batean egotea eta orain bide hau ireki zait eta oso pozik nago. Bi taldeetan egotea oso zaila da; lana, dantza... Oso gogorra egiten zitzaidan eta horregatik erabaki nuen Alurr uztea. Hala ere jarraitzen dut tarteka dantzatzen Alurrekin.
Lan asko egin duzu Alurren.
Dantzari eta irakasle bezala aritu naiz Alurren. Irakasle bezala taldea nuen eta bilerak egin behar genituen, musikak aukeratu, koreografiak egin... Gustura egindako lana izan da. Niretzako dantza bizitzako zati handi bat da, sakrifizioa ere bai batzuetan, desberdin ikusiko du bakoitzak, baina nik dena lotu dut dantzarekin. Inplikazioa eta militantzia izan da.
Zertan ari zarete orain Haatik konpainian?
Ikuskizun berri bat prestatzen ari gara, kalekoa. Ekainean erakutsiko dugu. Korsario eta piraten gaia jorratzen dugu bertan eta 20 minutuko dantza bat da.
Dokumentuaren akzioak