Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bi maskaradak 22 herritan ibiliko dira

Dokumentuaren akzioak

Bi maskaradak 22 herritan ibiliko dira

Eskiulak 1992. urtean eman zituen azkenik, eta Gamere-Zihigan bazen mende bat ez zituztela egin

Egilea
Allande Sokarros
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Maule
Mota
Erreportajea
Data
2002/01/06

Bi maskarada ibiliko dira aurten, Zuberoako 21 herritan eta Nafarroa Behereko bakarrean —Donaixti-Ibarren—, urtarrilaren 13tik hasita. Zenbaiten iritzian, ez da pozik izaterik bi maskarada daudelakotz, baina bi herrien artean antolatzea ezinezkoa izan denez, halaxe izango da aurten. Lehen ere horrelakorik gertatu izan da, hala nola 1992an, Altzürükük eta Eskiulak egin baitzituzten.



Aurtengo bi herri egileetatik bata, hain zuzen, Eskiula da berriro ere, eta bigarrena, aldiz, Gamere-Zihiga. Azken honek maskaradak egitea nahiko aipagarria da, zeren eta mende bat baitzen ez zirela izan 120 bizilagun dituen Basabürüko herri honetan. Ez dute merezimendu eskasik, beraz, apustu honi eusteko. Guztia behar zuten egin, dantzari talde bat osatzetik haste, horrelakorik ez baitzen Gamere-Zihigan.



Suertea izan dute Zihigan ezkonduta izatea Altzai herri auzoko dantzari hoberenetatik bat; hau Beñat Etxebarne Lüküzilo da. Honek ditu eskolatu, hilabete eta hilabetez, aurtengo maskaradetako aitzindari gorri saldoko zortzi lagunak, baita beste arizaleak ere, ez baita ahaztu behar maskaradetako kide guztiek jakin behar dutela gutxi edo aski Zuberoako dantza-jauziak ematen. Beñat Lüküziloren lana nabarituko da, seguraz ere, datorren igandean Gameren bertan eta ondoren Zuberoako beste 12 herritan agertuko diren maskaradetan.



Gamere-Zihigakoan 35 lagun, neskak eta mutilak



Dantzariez gain, meritu handia izango dute, halaber, maskaradetako beste arizaleek ere, mende bat baitzen, beraz, ez zela maskaradarik egin Gamere-Zihigan. Guztira, 35 lagun arituko dira jokoan, neskak eta mutilak nahastuta. Zuberoako eta baita beste euskal herrialdeetako ikusleek ere hainbeste preziatzen duten Pitxu sasi-pailazoaren jokan Philippe Axigarrek jardungo du, hain zuzen ere Axigar etxekoak. Zuberotarrek oso gustukoa duten peredikü edo mintzaldi xelebrearen emaile izango da Philippe Petit Apoloborro, Kabana Handia.



Munduan zehar gertatutakoak aipagai izango dituen Buhame Errege jardueran Battitta Axigar arituko da, Allande Ager Petitak eta Maider Ager Agerriakoak Jauna eta Anderea dotoreak antzeztuko dituzte. Kantu-xaramelaz ariko diren Xorrotxak, aldiz, Nicolas Urruti eta Beñat Claverie izango dira.



Eskiula herrian, berriz, maskaradak antolatzeko ausardia ez zen Gamere-Zihigan baino askoz ere gutxiagokoa izan behar. Ezen Biarnoko lurretan kokatua den 520 biztanleko herri honetan dantzariak badaude aspalditik, bereziki Lerdu anaiek egindako lan handiari esker. Hamar urte soilik igaro da azken maskaradak egin zirenetik eta ohiturak bizi-bizi daude oraindik. Hala ere, erronka oso berezi bati ekin nahi izan diote eskiulatarrek, hots, gizonezkoz bakarrik osatuak izango diren maskaradak egiteari. Ez pentsa, haatik, Eskiulan, tradiziozale atzerakoiak bihurtu direnik, ezta gutxiago ere! Aukera honen azalpena da orain dela 10 urte agertu ziren maskaradetako arizaleak emakumeak soilik zirela eta gizonezkoek, nola edo hala, errefera eman nahi izan dietela!



Belaunaldien arteko elkartasuna Eskiulan



Eskuilako ezaugarrietatik bat da, halaber, belaunaldien arteko elkartasun ohitura bat badagoela. Hala, 1992ko emakume maskaradakariek eta baita 1983an egin ziren maskarada mistoetakoek ere lagundu diete aurtengoen antolatzaile eta jokolariei. Laguntza eskerga eman dieten horien artean hauek aipa daitezke: 1992ko maskaradetako Kabanana oso ona izan zen Maddi Lexardoi, denen oroitzapenean geratu zen Denise Organbide Pitxuna eta 1983ko maskaradetako Kabana Handia izan zen Lucien Xabalgoiti.



Belaunaldien arteko katea eten ez den seinale da, halaber, Maddi Lexardoiren seme Ximun Lexardo Erreka izango dela Buhame Jauna. Kabana jokoan David Tillous arituko da, Pitxu egitea Jean Arani tokatu zaio, Ludovic Carrillo izango da Jauna eta Franck Perreil, aldiz, Anderea. Azken hau, beraz, emakume itxuratan arituko den mutila izango da. Jauna-ren ezpata zorrozteko ahaleginetan jardungo duten Xorrotxak Henri Castillon eta Didier Mendiundu dirateke.



Alboko maparen zerrendan, irakurlea ohartuko da beharbada azken agerraldiko eguna ez dela maskaradak egiten dituzten bi herrietan gertatzen. Honen azalpena da Gamere-Zihigako maskaraden azken agerraldia Zihigako jaietan izango dela, datorren agorrilean, eta Eskiulakoek, aldiz, apirilaren erditsu horretan egingo dutela.

Dokumentuaren akzioak