Dokumentuaren akzioak
Bi herri batuta maskaradetan
Orain dela hiru urte pastorala elkarrekin egin ondoren, Iruriko eta zalgizeko herritarrak berriro elkartu dira, zuberoako inauteriak herriz herri aurkezteko.
Alabaina, herri kultura erabat desagertu denik ezin dela inoiz erran argi utzi zuen orain dela hiru urte 2001eko udan Irurik eta Zalgizek euren indarrak batuta Etxahun-Iruri pastorala taularatzeak. Alta bada, aspaldi ez zen horrelakorik gertatu, zeren eta 1923an baitzuen Irurik Charlemagne tragedia eman, eta Zalgizen, berriz, 1926an baitzuten Godefroy de Bouillon obra aurkeztu. Pastorala eta maskaradak, sarritan, bata bestearen eragile dira. Hala gertatu da Iruri eta Zalgizeren kasuan, eta hiru urte itxaron behar izan bada, iruritar eta zalgiztarrak beren txandaren zain egon behar izan direlako izan da. Iaz, sohütarrek zituzten maskaradak eman, 2001. urtean Xiberoko Makia pastorala aurkeztu ondoren. Hortaz, maskaradak lantzeko eta horietan trebatzeko nahikoa denbora izan dute Jean Etxegoien eta Jean Etxart arduradun nagusien inguruan bildutako 35 maskaradakariek.
Haatik, aski berandu abiatuko dira Zuberoan zehar herriz herri egingo dituzten agerraldietan. Ezen lehenengoa datorren otsailaren 15ean egingo dute, Zalgize herrian, ohikoa baita lehenengo eta azkenengo agerraldiak maskaradak ematen dituen herrian gerta daitezen. Lehenarentzat hau egia izango da, baina ohitura hautsi egingo da aurtengo maskaradetan, azken agerraldia Mendikota herrian egingo baita, datorren ekainaren 6an. Anartean, Zalgize eta Iruri zenbatu gabe, Zuberoako beste 11 herritan ibiliko dira Iruri eta Zalgizeko maskaradak. Guzti-guztira, beraz, 14 agerraldi egingo dituzte.
Azken kantua, Roger Idiartek
Maskaradak Mendikotan amaitzea azal lezakeen kontu bat da, beharbada, herri honetakoa izatea Jauna pertsonaia antzeztuko duen Christophe Merkapide. Haren Anderea, berriz, Agnes Ager izango da. Antolatzaileek erran digutenez, Jaunari eta Andereari ohi baino eginkizun handiagoa eman diete aurtengo maskaradetan, baina ez dugu gehiago zehaztuko, ikusliarrei sorpresa uzteko gisan.
Sorpresarik ez, ordea, Pitxu beti bezain barregarria eta Kabana Handia ohi bezain ahoberoa egongo direla jakinarazirik. Lehenengoa egingo duena Beñat Larrori da eta bigarrenaren karguan, aldiz, Nicolas Sagaspe egongo da. Kantu xaramelaz arituko diren Xorrotxak, ordea, Felix Ager eta Johañe Etxebarne izango dira. Bere peredikuan munduan zehar ibilaraziko gaituen Buhame Jauna, berriz, David Caset izango da. Mintzaldi kontu beti, Kabana Handiak tokian tokiko erran-merran, pasadizo eta gertakariak aipatuz irtenaldietako herri bakoitzean egingo dituenak, jakina, arreta bereziz segituak izango dira. Aurten hauteskunde urtea izanda, batez ere Atharratzeko kantonamenduan, zer aipatzeko gai eskasian ez dira egongo maskaradetako peredikuen idazleak...
Maskaradak dantza ikusgarri ere badira, eta alde horretatik ez litzateke desilusiorik egon behar, Jean eta Beñat Etxegoien aita-semeen esku trebeetatik eskolatuak izan baitira Iruri eta Zalgizeko dantza-jauzi emaileak. Maskaradetako agerraldiaren amaieran ematen den azken kantuari dagokionez, berriz, azpimarratzekoa da Roger Idiart erretoreak idatzitakoa dela. Etxahun Iruri pastoralaren idazlea izan zenak ongi ezagutzen ditu Iruri eta Zalgize, bi herri horietan apaiz egon baitzen hainbat urtez.
Dokumentuaren akzioak