Dokumentuaren akzioak
Bi egun dantza jauzika
Dantza tradizionalaren nazioarteko Ezpalak jaialdia ospatuko dute larunbatean eta igandean
Gai baten inguruan egituratzen dute urtero jaialdia, eta aurten, dantza
jauziak izango dira ardatz. Dantza genero propioa dira dantza jauziak,
eta toki hauetan dantzatzen dituzte: Biarnon (Frantzia), Lapurdin,
Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Baztanen (Nafarroa). Eta lurraldeotako
dantza taldeak izango dira jaialdian ikusi ahal izango direnak.
Izen ezberdina dute dantza horiek batean eta bestean: jauziak,
sautsak, mutil-dantzak eta mutxikoak, adibidez; dantza sistema beraren
parte dira denak, ordea. Berdin eta ezberdin. Eta hori ikusaraztea da
jaialdiaren asmoa.
Dantza talde bakoitzak bere erakustaldia izango du, eta,
ondoren, dantzaldi irekia izango da, animatzen diren guztientzat. Hala
izango da larunbatean Iruñean, baita igandean Eibarren ere.
Jauzien hotsa
17:00etan hasiko da jaialdia Iruñean larunbatean, Alde Zaharreko
kaleetan egingo den kalejirarekin, eta 18:00etan izango da eguneko
ekitaldi nagusia. Burgoen plazan izango dira Ezpala jaialdian bildutako
dantza talde guztiak beren erakustaldia eskaintzen. Eibarren, berriz,
goizean hasiko da jaialdia igandean. 12:00etan kalejira izango dute
Urkizutik Untzagara, eta 12:30ean ikusi ahal izango da han dantza
taldeen erakustaldia. 17:00etan, gainera, erromeria izango da.
Aiko musika taldea ariko da musika jotzen jaialdi guztian. Urraska.
Dantza jauziak Sagasetaren bidetik izeneko diskoaren aurkezpen
moduko bat egiten ibiliko dira, gainera. Lan horretan bildu dute 70eko
hamarkadan Miguel Angel Sagaseta ikerlariak Luzaide inguruan (Nafarroa)
bildutako jauzien errepertorio osoaren interpretazio musikala.
Liburuxka, DVDa eta urrastegiarekin osatu dute CDa.
EZPALAK DANTZA JAIALDIA
Noiz. Larunbatean, 17:30ean, Iruñean, eta
igandean, 12:00etan, Eibarren (Gipuzkoa).
Non. Alde Zaharreko kaleetan eta Burgoen plazan
Iruñean, eta Untzaga plazan Eibarren.
Dokumentuaren akzioak