Dokumentuaren akzioak
Bi dantzarik zapiaren gaineko gogoeta zabaldu nahi dute dantzaren bitartez
Arabiartasuna, ama hizkuntza, kultura nagusia, jatorria, sustraiak...
Hela Fattoumik, tunisiar jatorriko koreografo eta dantzari frantziarrak
premia sakona sentitu zuen bere nortasunean sakontzeko. Are, Frantzian
zapiaren inguruko «eztabaida latza» piztu zenean, «berripaper eta
telebistetan, batez ere». Metroan, kalean, toki guztietan hasi zen
zapiak ikusten. Inoiz baino gehiago. Arabiar nortasuna berresteko eta
erakusteko baliatu zuten arabiar jatorriko neskato eta emakumeek zapia.
«Joera fundamentalista eta integristen loratzea eragin zuen eztabaidak».
Beharbada, ez zelako ondo planteatu. Fattoumik ez daki. Manta pieza
sortzeari ekin zion, azken hogei urteetan bikote artistiko izan duen
Eric Lamoureuxekin batera. «Gorputz osoa estaltzen duen zapia jantzita
zer sentitzen den jakin behar nuen». Parisko denda batean erosi zuen.
Eta etxean jantzi. «Hasieran, dotore eta guzti sentitu nintzen». Zapiak
goi eta behe estaltzen du emakumea. Aurpegiaren zati txiki bat, eskuak
eta oinak baino ez ditu uzten agerian. «Gero hasi nintzen sentitzen zama
sinbolikoa. Harrapaturik nengoen, bakarturik, ezeztaturik. Itolarria
sentitu nuen». Ateratzeko, askatzeko, adierazteko eta salatzeko beharra.
Bilboko Alondegian bihar 20:00etan aurkeztuko dute obra, eta hilaren
17an Donostiako dFeria azokan taularatuko dute.
«Zapiaren azpian nengoela, gorputzak adierazteko ahalmena galdu zuen.
Zapiak gorputzaren mugimenduak neutralizatzen ditu, ezkutatzen eta
hutsal bihurtzen». Zapia gorputzari gailentzen zitzaiola ohartu zen
Fattoumi. «Nik eman behar nion bere mugimenduen berri, nik esan behar
nion 'horrela egitean, bestela geratzen da'. Berak ez zuen bere gorputza
ikusten», azaldu du Eric Lamoureuxek.
Tentsio horretan hasi ziren pieza lantzen. Fattoumi ez zen bere
gorputzaren jabe sentitzen. Eta egoera hura bere baitan sufritu, eta
sentsazioa hobeki konprenitze aldera, zapia jantzi zuen Lamoureuxek,
jakin arren mendebaldeko gizona izanda ez zela inoiz Fattoumiren
barruarekin erabat bat egitera iritsiko. «Niretzat ez du zama kultural
bat. Mozorro bat jartzea bezala da. Baina garrantzitsua zen kanpotik
ikusten nituen irudiek barruko zein egoerari lotzen zitzaizkion
ezagutzea». Manta-ren sortze prozesuan, beste traba bati gaina hartu
behar izan zion Lamoureuxek. «Zapiak badu indar plastiko oso handi bat
oholtza gainean. Ederra eman dezake. Eta guk zailtasunak eta itomenak
azaldu nahi genituen, eta ez genuen nahi edertasun horrek ikuslearen
begia itsutzea, edo arreta desbideratzea». Lamoureuxek zein Fattoumik
argi dute: «Ez genuen azaldu nahi ez zapiaren kontra ez alde. Arazo
horren konplexutasun eta mamia agerian utzi, hori baino ez».
Frantzian, Alemanian eta Belgikan erakutsi dute obra, 40tik gora
okasiotan, eta emanaldien ondoren ikusleekin solastatu dira. Ikusleen
artean, emakumeak izaten dira nagusi, gehienak arabiar jatorrikoak, eta
batzuek zapia erabiltzen dute, «konbentzimendu osoz. Jende ikasia da,
eta burua estaltzen duena baino ez dute erabiltzen».
Manta Tunisian emateko gonbita ere bazuten, baina azken gertaerak
tarteko, bertan behera geratu da. Nolanahi ere, hango emakumeen artean
inoiz ez dela zapia erabiltzeko joera handirik izan nabarmendu du
Fattoumik. «Gure amak ez zuen erabiltzen, gure amamak kendu egin
ziolako». Alabaina, azken garaian zapiaren erabilera areagotzen ari dela
ikusi du. «Al Jazzeraren bitartez beste herrialde arabiar musulmanen
eragina igartzen hasi da Tunisian». Heldu den urtean bere herrian
dantzatzeko esperantza du. «Arteek han izango duten etorkizunaz hitz
egin beharko dugu».
Dokumentuaren akzioak