Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bi dantzari alderrai

Dokumentuaren akzioak

Bi dantzari alderrai

Egilea
Aitor Arroyo Askarai
Komunikabidea
Ataria
Tokia
Tolosa
Mota
Albistea
Data
2024/11/29
Lotura
Ataria
'Nondik abiatu inora' dantza ikuskizuna ondu du Nagore Tamayok. YONE ESTIVARIZ

Nondik abiatu inora lana ondu du Nagore Tamayo dantzariak; Natalia Belen dantzari txiletarrarekin batera eraman du jendaurrera eta atzo egin zuten estreinaldia, Errenteriako Niessen kulturgunean.

Hutsetik joatea ezerezera. Bakarka eta binaka. Eta zeharka, galdera: Nondik abiatu inora. Horrela izendatu du bere lehen dantza ikuskizuna Nabiga kolektiboak. Nagore Tamayo dantzari tolosarrak sortu du eta Natalia Belen txiletarra du kide interpretazioan. Tamayoren Dantzertiko Gradu Amaierako Lan gisa jaio zen ikuskizuna eta egonaldiz egonaldi elkarlanean findu dute biek ala biek. Dantza garaikideko kontaktu inprobisazio estiloan garatu dute pieza eta, besteak beste, konpromisoa du ardatz.

Nagore Tamayo dantzaria. A.A.A.

Aurretik jendaurrean egin badute ere, joan den ostegunean izan dute estreinaldia Errenteriako Niessen kulturgunean, eta «ezberdina» izatea aurreikusten zuen Tamayok, lehen aldia izan dutelako antzoki batean: «Kalean egiteko sortu dugu ikuskizuna, baina antzokiak ematen ditu beste aukera batzuk ere». Hain zuzen, kalean egin izan dutenetan publikoa gertu izan dute eta «berezia» da hori haientzat: «Polita da sentitzea nola eraikitzen dugun harremana publikoarekin, gertutik nabarmen ikus daiteke hori». 

BEIRA GRAFIKOA

Zentzu horretan, erronkatzat dute antzokia, bertan ikusleak urrutiago egoten direla-eta. Kontrara, ordea, antzokian publikoaren arreta kontzentratzea «errazagoa» delakoan dago Tamayo, eta horrek esperientzia «bi norabidetan» baldintzatzen duela ere uste du. Antzokian egiteak badu beste berezitasun bat ere, hain zuzen, argiztapen diseinua izan dutela eta horrek aukera eman diela «testura ezberdinak» sortzeko. Errenteriako hitzorduan izan ez direnek, berriz, abenduaren 14an izango dute ikusteko parada, Donostiako Kontadores Gazte Zentroan eskainiko baitute ikuskizuna.

Oinarri eta abiapuntu

Jendaurrean Tamayo eta Belen mugitzen dira Mattin Zeberiok ondutako doinuen arabera. Alderrai hasieran, bata bestearengana hurbilduz pixkanaka eta, elkarrekin, akaberan. Kontaktu inprobisazio estiloan garatu dute ikuskizuna eta konpromisoaren kontzeptua lantzea izan du abiapuntu Tamayok: «Estilo hori ezagutzen joan naizen heinean asko erakarri nauen zerbait izan da. Gakoa da konpromiso kontzeptua. Batera dantzatzean elkar entzun behar dugu denbora guztian». 

Gaur egun konpromisoak konnotazio negatiboa duelakoan dago Tamayo: «Askatasun pertsonala kenduko dizun ezaugarritzat hartzen da. Edozein dela ere konpromisoa: pertsona batekin, proiekturen batekin edo dena delakoarekin». Kontrara, dantzariak «balioa eman» nahi izan die konpromisoak ekar ditzakeen aukerei, besteak beste, elkarrekin dantzatzen dutenean bakarrik egin ezingo lituzketen pausoak eginez. Eta, hain zuzen, garapen hori bera ikusten da emanaldian: hasieran noraezean mugitzen dira bi dantzariak, norbere kabuz dantzan; pixkanaka, ordea, elkarrengana gerturatzen hasten dira eta, azkenean, elkarrekin egiten dute dantza, bakarrik egin ezingo lituzketen mugimenduak interpretatuz. 

Zeharkako hari

«Gazte belaunaldi bezala konpromisoarekin dugun harremana, mugak eta zailtasunak lantzen saiatu naiz», horrela hitz egin du egileak piezaren abiapuntuari buruz. Zentzu horretan, hasieran inguruari eta beste pertsonei «itxita» ikus daitezke dantzariak, eta hori ezinbestekotzat du Tamayok, gerora etorriko denaren aldean. Izan ere, ikuskizunak aurrera egin ahala desagertu egiten dira dantzari alderraiak: elkartzen hasten dira eta eta batera dantzatzen dute. «Balioa eman nahi diegu elkarrekin egin daitezkeen gauza horien potentzialari. Elkar topatu, esnatu eta elkarrekin gauzak egitea».

Era berean, horri lotuta aipatu du Tamayok Paul Beitiaren Maiatzaren Lehena olerkia, zeinak izenburua ematen dion ikuskizunari. Dantzariaren arabera olerkiak islatzen du gaur egun garai «oso despolitizatu» batean bizi dela gizartea: «Amildegi bat dago antolatzeko garaian. Oso garai despolitizatu eta indibidualista batean bizi gara. Zentzu horretan ere interesatzen zitzaidan konpromisoaren ideia». Eta inspiratu duen olerkiaren zatia errezitatu du segidan: «Zeri heldu heldulekurik ez daukanak; Nondik abiatu inora». 

Hori gutxi ez, eta jantzietan ere islatu dute konpromisoaren ideia. Horretarako suarekin lotu dute konpromisoa, hain zuzen, sugarra zaintzearekin: «Hor egon behar da eta oreka mantendu. Zaindu egin behar da sua ez itzaltzeko, eta baita handiegi ez bihurtzeko ere. Berotu ere egiten du, baina gehiegi gerturatuz gero, erre». Oreka eta zaintzeko konpromiso horretatik abiatuta suaren koloreak izango dituzte jantzi. Hortik abiatuta, euren belaunaldiarekin «identifikatu daitezkeen» jantziak aukeratu dituzte eta kontuan hartu dute erosotasuna ere, hori eskatzen duela-eta dantza garaikideak.

Sortzeko prozesua

«Luzea eta zatikakoa», horrela definitu du Tamayok pieza sortzeko prozesua: «Hilabete asko eman ditugu lana sortzen eta, denbora horretan, hainbat egonaldi egin ditugu». Hori horrela, dantzari bakoitzak tartea izan du ikuskizuna bere kabuz lantzeko eta hori «onuragarria» izan dela uste dute, aukera eman duelako bakoitzak «esploratzeko» eta «gauzak probatzeko». Dena dela, Tamayok aitortu du momentu batetik aurrera «kanpo begirada» baten beharra sentitu zutela, eta horrekin Natalia de Miguel koreografoak lagundu zituen: «Iritsi zen puntu bat non kanpotik zer ikusten zen jakin nahi genuen, eta horren arabera jaso egokitzapenak. Horretan asko lagundu zigun».

Aurrez aipatu bezala, pieza ontzeko egonaldiak egin dituzte zenbait lekutan eta sostengu ekonomikoa ere izan dute. Tamayok nabarmendu du beharrezkoak direla mota horretako paradak, ikuskizunari «denbora eta espazioa» eskaintzeko. Aldian behin elkartzeko aukera hori, ordea, abantaila bezainbeste izan dute traba, dantzariak azaldu duenez, aldiro lan egin behar zutelako «erregistro» eta «kontzentrazio maila» berera iristeko. Eta ikuskizunak inprobisaziotik asko badu ere, dantzaren ezaugarriak eta pausoak kontzienteki landu dituztela ere nabarmendu du dantzariak: «Inprobisazioa oso aldakorra da: batzuetan hobeto sentitzen zara, eta beste batzuetan okerrago. Baina saiatu gara aztertzen zerk balio zigun, zerk ez; eta hobeto edo okerrago sentitu, arreta jartzen jarri behar den lekuan».

Mugimenduak gidatzeko doinuak, aldiz, Mattin Zeberio tolosarrak egin dizkie, eta elkarlana «erraza» izan dela aipatu du dantzariak: «Belaunaldi ardura horretatik doinu elektronikoak erabili nahi genituen, eta bagenekien Mattin horretan aritzen zela». Erreferentziak bidali zizkioten eta hark «poltsikoan» zituen ideia batzuetatik abiatuta osatu dute musika. Prozesua «oso interesgarria» izan da Tamayorentzat: «Bitxia izan da ikustea nola islatzen ziren doinuetan guk buruan eta mugimenduetan genituen ideiak, horien artean, errepikapena, kontrastea...». Hori horrela, dantza eta musika sortzeko prozesuek «elkar osatu» dutela ere adierazi dute.

BEIRA GRAFIKOA

Nagore Tamayo: «Mugimendua aldatzen doa eta ez du zertan erritmoekin uneoro bat egin»

 

Dena dela, ikuskizunean garrantzitsuena mugimendua dela nabarmendu du Tamayok: «Ez da koreografia zurrun bat. Mugimendua aldatzen doa eta ez du zertan erritmoekin uneoro bat egin». Eta hari horri tiraka gaineratu du publikoak «mugimenduetatik harago» ikusteko ahalegina egin beharko lukeela: «Guretzat mugimenduak garrantzitsuak dira, jakina, baina garrantzitsuagoak dira gure egoteko, elkar begiratzeko eta gerturatzeko moduak». Zentzu horretan, dantzari buruz «ezer ez jakitea» muga bat ez dela nabarmendu du, eta ikuskizunera gonbidatu interesa izan lezakeen edonor.

Kide eta eredu

Joan den osteguneko estreinaldiak izan du beste bereizgarririk ere, hain zuzen, oholtza partekatu zuela Nabiga kolektiboak Tolosako Amaia Elizaran dantzariarekin. Tamayok aipatu du «polita» iruditu zaiola aukera eta, gainera, badela «nolabaiteko lotura bat» bi ikuskizunen artean. Iraun pieza interpretatu du Elizaranek —ibilbideko berriena— eta, besteak beste, lesio batetik berriro indartzeko prozesua du abiapuntu. Tamayoren iritziz nabarmena da «aurrera jarraitzeko ideia» eta gogoeta identifikatzen du euren lanean ere: «Kointzidentzia polita iruditu zait, bakoitzak bere aldetik sortu baitu pieza eta elementu komunen bat baitute biek». 

Ereduen inguruan, berriz, lehenik eta behin kontaktu inprobisazioaren estiloko aitzindaria ekarri du gogora Tamayok: Steve Paxton. 1970eko hamarkadan hasi ziren estilo berria gorpuzten eta haiek ere harreman sozialei buruz hausnartzea zuten helburu, besteak beste. Horrez gain, Ultima vez company ere aipatu du, zeinak Bruselan (Belgika) duen egoitza eta gai politikoak jorratzeko ohitura duten. Eta begirada erreferentzia hurbilagoetan jarrita, Donostiako Igor Calonge eta haren Cielo raso konpainia eta Irungo Myriam Perez Cazabon dantzari eta koreografoa ere ekarri ditu gogora. Calongeren lana «gertutik» ezagutzen du Tamayok, besteak beste, haren eskolak jaso dituelako eta kontaktuarekin «lan handia» egiten duelako hark. Eta Perezi dagokionez, berriz, haren gaitasuna goraipatu du piezetan «beste kolore batzuk» lortzen dituela-eta, garrantzia ematen dielako «gorputzen arteko harremanei» eta «gauza sotilei».

Dokumentuaren akzioak