Dokumentuaren akzioak
Bi arte, bi ibilbide, istorio bakarra
Dantzaz konpainiako dantzariek bidea zabalik dute euren koreografiak
sortu, garatu eta aurkezteko. Dantza Klub programaren bitartez,
konpainiako hainbat dantzarik euren lanak igo ditzakete oholtza gainera.
Daniel Navarro eta Anna Jirmanova koreografoen txanda izango da gaur,
Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 21:00etan. Konpainiako kideen
lanei ez ezik, Euskal Herriko koreografoen proposamenei ere zabalik dago
Atalak XI egitasmoa. Horregatik, Aiert Beobide dantzaria eta Jon Larraz Mozo biolontxelo jotzailea gonbidatu dituzte gaur; Bitartean ikuskizuna aurkeztuko dute.
Haurtzaroan
elkar ezagutu zuten bi lagunen istorioa kontatzen du emanaldiak,
protagonista beraien istorioa. «Lehendabiziko proiektua egiteko garaian,
beharrezkoa iruditzen zitzaigun gure arteko istoriotxoa kontatzea»,
azaldu du Beobidek.
Askotariko musikak
Txikitan
elkartu arren, bakoitzak bere bideari jarraitu dio. Beobide Euskal
Herrian aritu da, dantza munduan murgilduta; Larrazek, berriz, munduko
hainbat txoko bisitatu ditu, biolontxelo ikasketak burutzeko. Larraz
Donostiara itzuli zenean, orduan erabaki zuten elkarrekin zerbait
egitea. «Bakoitzak bere bidea egin du; bi arte dira, bi diziplina,
baina, azkenean, biak daude harremanetan. Horregatik erabaki genuen
elkarrekin zerbait kontatzea».
Euren bizitzen hainbat fasetatik
bidaiatzera gonbidatzen dute ikuslea: «Aldentzen garenetik Jon berriro
bere tresna hartuta Euskal Herrira itzultzen denera arte kontatu nahi
izan dugu, eta elkartze horretan nola erabakitzen dugun bion artean
lantxo bat egitea». Proiektuaren hasiera lanaren amaiera izango da.
«Beharrezkoa iruditzen zitzaigun lanaren bukaera ulertu ahal izateko
aurreko hori guztia ikustea».
Hogei bat minutuko saioan
askotariko erritmo eta musika doinuak joko ditu Larrazek, klasikoetatik
garaikideetara. «Hasieran Bachen obraren bat egongo da, gero dantza
tradizionalak, euskal melodiak —Guridiren bat, adibidez—, aurreraxeago
musika garaikideak, baita musika oso garaikideak ere».
Kontatu
beharrekoa argi izanda, kontatzeko modua landu behar izan dute, ideia
hori ikusleari transmititu ahal izateko. Horretarako, espazioaren
erabilera ez ezik, irudiak eta argiztapena ere landu dituzte.
Biolontxeloa eta dantzarako jantzia zorroan sartuta irudikatu dute
hasiera, trenaren efektuak bidaia irudikatzeko eta urrun dagoen aulki
bat distantzia markatzeko. Larrazen joanak protagonismoa hartuko du,
baina bitartean, Beobideren ibilbideak ez du etenik izango. «Nik
bigarren plano batean jarraituko dut nire ibilbidearekin. Bachen musikak
garrantzia duenean, esaterako, ni prestaketa lanak egiten ari naiz,
aurresku txapelketa baterako harizko alkandora eta galtzak jartzen».
Gero Beobideren jardunak hartuko du garrantzia, eta horrela, tartekatuz.
«Berriro ere trenaren hotsa entzungo da, eta hasierako tokiraino
helduko da Jon».
Urtebete inguru igaro da proiektuarekin martxan
jarri zirenetik. Larraz Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kide da egun, eta
bataren eta bestearen konpromisoak tarteko, «ez da erraza izan agendak
bateratzea». Hasieran probak egiten hasi ziren, musikak aukeratzen,
buruan zuten ideiari forma ematen.
Konpainiaren proposamena
Artelekun
entseatzen ari zela, Filgi Claverie Dantzaz-eko zuzendariaren deia
jaso zuen Beobidek. Dantza Klubera gonbidatu zuen, eta proposamena
onartu ondoren, buru-belarri jardun dute irail eta urrian, dena txukundu
eta borobiltzeko. «Proiektu pertsonala da, eta guretzat Donostian eta
gure ingurukoen ondoan aurkeztu ahal izatea ametsa zena betetzea izango
da». Emango duten azken saioa ez izatea espero du Beobidek; hala ere,
euren lana helburu komertzialik gabe jaio dela gogorarazi du: «Gehiago
izan da gu bion gogo hori asetzeko lan bat».
Aiert Beobidek euskal dantza tradizionalak nahiz koreografia garaikideak landu ditu bere ibilbidean. / EUSKARAZ.NET
Dokumentuaren akzioak