Dokumentuaren akzioak
'Bezperan' ikusgarri berria taularatuko du Bilakak, Eszena Nazionalaren aterpean
Gernika lanaren ondotik, Akitania Berriko Eszena Nazionalak Bilaka kolektiboaren abentura artistiko berria ekoiztu du. Oraingoan, zortzi dantzarirekin eta lau musikarirekin. Daniel San Pedro taula-zuzendari eta Damien Godet Eszena Nazionaleko zuzendariarekin elkarlanean arituko dira euskal artista gazteak Baionako Michel Portal antzokian. Bezperan izenburu duen Bilakaren sorkuntza berria ikusgai izanen da urtarrilaren 24, 25, 28 eta 29an, 20:00etan, eta hilaren 26an 17:00etan. Sarrerak, 10 eta 26 euro artean, hemen erosgai dira.
Dantza, musika eta antzerkiaren artean, istorio bat beste modu batean kontatzeko aukera eskaini nahi du, naturari oda bat eginez, Bezperan ikusgarriak. Begirada gurutzatu horien laguntzaz euskal kulturaren berritzean parte hartu nahi dute artistek. Bilaka kolektiboak sorkuntza garaikidea eta errepertorio tradizionala elkartzeko moldearekin segituko du ikuskizun berri honi esker, bere sorreratik taldeak biziki errotua duen borondateari bide emanez.
Biolinak, gitarrak, panderoak, akordeoiak eta hainbat perkusio musika-tresnek partekatuko dute partizioa. «Idazketa-lanak errepertorio tradizionalaren egitura eta melopeo bereziak erresonantzian ezartzea du helburu, egitura erritmiko errepikakor eta minimalistekin. Dantzatu beharreko musikak, bereziki ahozko transmisio errepertorio batean, bizia eta ebolutiboa izatearen berezitasuna du, dantzariak idazketaren parte baitira», zehaztu dute sortzaileek. Gaineratu dutenez, dantza, musika, kantua, poesia eta antzerkia uztartuz, «Bezperan esnatzen ari den mundu baten historia kontatzen» du.
«Tradizioak ez du zentzurik bere garaian ez bada bizi»
Zortzi dantzarirendako idatzia izan da Bezperan, eta Nijinsky-k Le Sacre du printemps filmak zabaldutako energia inspirazio iturri bat izan da haientzat: «fisikotasun gordin, organiko, basati, erritmikoa eta batzuetan bortitza» agertzen delarik. Natura kontuan hartzeko dei eginez aktualitatean sartzeaz haratago, «doluaz, desiraz, sentsualitateaz eta animaltasunaz» galdezka ari da sorkuntza, baita atzoko eta gaurko erritoen funtzioei buruz ere. Laburbildurik, «argi berri baten deiari uko egiten dion dantza da oreka berria».
Baionan kokatua, Bilaka kolektiboak Euskal Herriko dantza eta musika tradizionalen jarraipen garaikidea egiten du. Horretarako, bi ardatzen inguruan garatzen du bere lana: euskal ondare ez materialatik abiatuz idazlan ikuskizun eta hitzordu herrikoien sortzea hobesten ditu, hau da, lotura soziala eta euskal kulturaren praktika bizia sortzen duten dantza sorkuntzak.
«Tradizioak ez du zentzurik bere garaian ez bada bizi. Artista gisa dugun eginkizuna ondare horri buruz galderak pausatu eta nola elikatzen gaituen aztertzea da», azaldu du Mediabask astekariarekin mintzo Zibel Damestoy dantzariak.
Bilaka euskal kulturaren eragile aitzindaria bilakatu da urte gutxitan. Gaur egun, kolektiboa Akitania Eskualdeko Eszena Nazionaleko «kidetutako taldea» da, eta Biarritzeko Malandain Ballet Zentro Koreografikoak «bertako artistaren» kategoria aitortzen dio.
Sorkuntza lana burutzeaz gain, Bilaka belaunaldi gazteei atxikia da. Hala, Maurice Ravel Pays Basque kontserbatorioan, euskal dantzaren goi mailako zikloan, kurtso baten garatzen laguntzen du, Euskal Dantza Federazioarekin eta Euskal Kultur erakundearekin (EKE) elkarlanean.
Dokumentuaren akzioak