Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Beyonce izan nahi duen baserritarra izan zen abiapuntua"

Dokumentuaren akzioak

"Beyonce izan nahi duen baserritarra izan zen abiapuntua"

Egilea
Erkuden Ruiz
Komunikabidea
Guaixe
Mota
Albistea
Data
2021/07/12
Lotura
Guaixe
'Esnatu naiz' kabaretaren irudia. UTZITAKOA

Iortia zabalgunea Londresko The Pink Flamingo bihurtuko da datorren ostegunean, uztailaren 15ean, 20:00etan, 'Esnatu naiz' kabaretarekin. Andoni Mutiloa Irazustaren lana da. 

Norberaren burua deskribatzean, normalean, lana aipatzen da, baina Andoni Mutiloa Irazustak ez daki bere lanak bere burua identifikatzen duen. Urte askoan kazetaria izan zen, baina urtebeteko eszedentzia hartzea erabaki zuen duela lau urte. Ez zuen argi zertarako, baina egunerokoan eten bat egin nahi zuen. Eta idazten hasi zen; lehendabiziko aldiz, bere buruarendako idazten hasi zen. Antzerkigintza eta dantza "betidanik" izan ditu gustuko, eta artistaz inguratuta egon da beti, "bat-batean, gutxien espero zuenean, ikuskizun bat sortu zuen. "Bizitzak ematen dituen bueltak". Orain, artista moduan emanaldiak ematen ditu Euskal Herrian zehar Esnatu naiz kabaretarekin, eta ostegunean, uztailaren 15ean, 20:00etan, Altsasuko Iortia zabalgunean izanen da Gozamenez programaren barruan.

Barrukoa kanporatu duzula esan daiteke?
Fikzioa da Esnatu naiz kabaretean kontatzen dugun istorioa. Eszedentzia hartu berritan abiapuntua bururatu zitzaidan, eta esaldi bat zen: Beyonce izan nahi duen baserritarra. Istorio xelebre bat egon zitekeela pentsatu nuen. Istorioa forma hartzen joan zen, eta hasi nintzen pertsona hori irudikatzen: nolako bizimodua zuen, zer gertatzen zitzaion eta abar. Orduan konturatu nintzen nire izaeraren zati asko paperera joan zirela. Neurri batean, nahiz eta fikziotik sortu, autobiografikotik badu istorio honek. Ederra iruditu zait hori, zerbait sortzea, baina, aldi berean, fikzioa eta errealitatea nahastea. Horregatik ere izan da hain garrantzitsua idazketa prozesua: ez dakit nire izaeraren ezkutuko aldea, baina bai alde intimo bat behintzat papera pasa zen.

Nortasuna, generoa eta sexu joera bezalako gaiak lantzen dira. Argi zeneukan mezua?
Hasieran, intuizioz hasi nintzen idazten. Ideia hori izan zen abiapuntua, eta pixkanaka istorioa forma hartzen hasi zen. Ez nintzen jabetzen istorio horren atzean zegoen mezuaz, zer mezu zabaldu nahi genuen. Baina konturatu nintzen mezu bat zegoela eta mezua oso inportantea zela. Aitortu behar dut ez zela lehendabizi mezua edo helburua, eta gero forma eman. Ez, kasu honetan atzetik etorri zen. Hori bai, ikuskizunari forma zehatza ematen ari gintzaizkionean, oso argi izan genuen helburua; eta asko horrek lagundu zigun zabaldu nahi genuen mezua hobeto definitzen.

Erronka izan da?
Bai. Ni neu ere ez nintzen jabetzen gai honen garrantziaz, gai honek niri sortzaile bezala suposatzen zidanaz, obra taularatzeak eta nik gorputza emateak suposatzen zuen erronkaz. Ezjakintasun horretan aurrera egin nuen, laguntzarekin. Lan honetan ezinbestekoa izan da laguntza. Konfiantza izan dut nigan, ariketa bezala. Esaten nuen: egiten ari gara, honek itxura ederra du eta garrantzitsua da sortzen ari garena. Gizarteari mezu bat helarazi nahi diogu.

Euskal Herriari kritika egiten diozu ere, ezta?
Atzera begira, gizarte bezala norabide onean goaz. LGTBI kolektiboa bere osotasunean ikusita duela 20 edo 30 urte baino hobeto dago. Urratsak ematen ari gara, eta txalotzekoa da. Baina beste gauza askotan bezala, gizarte osoaren inplikazioa behar dugu, eta oraindik bide luzea dugu egiteko. Azken asteetan gertatzen ari diren gertakizun batzuk horren adibide edo isla dira. Tamalez, ez gaituzte horrenbeste harritu: Basaurin gertatutakoa, Donostiako gazte batzuk eraso homofobo larriak zabaltzen, A Coruñako erailketa... Ezin dut ulertu. Gaur egun, horrelakoak bizi ditugu. Uste nuen gaindituak genituela. Alde batetik, urratsak ematen ari gara, baina bestetik LGTBI fobiak sekulako indarra du, bereziki gazteen artean. Beldurra ematen dit horrek. Fobiak aurpegi asko ditu, eta oraindik Euskal Herriko herri txikietan bizitzeko arazo asko dituzte kolektibokoek. Hortik dator kritika. Hori guztia salatzen dut, eta, horrekin batera, esan nahi dut ezinbestekoa dela urratsak ematea. Antzerkiak gizartea eraldatzeko duen indarrean sinisten dut. Neurri txikian, baina horretan ari gara. Gainera, trans kolektiboarekin, duela gutxira arte bisibilidade gutxien izan duen kolektiboarekin.

Zer kontatzen du ikuskizunak?
Formatuari dagokionez, kabareta da; eta sekulako poza ematen dit horrek. Ikuskizunaren hasieran, Londresen bizi den Elur ikusiko dugu. Trans kolektiboko artista bat da, eta The Pink Flamingo klubean bere show-a egiten du. Jende asko etortzen da ikustera. Esnatu naiz-en egunean zerbait gertatuko zaio, eta ezingo du ohiko showarekin aurrera egin. Etxera bidaliko du publikoa, baina publikoa ez da mugitzen; eta Elur bere istorioa kontatzen hasiko da. Pertsonaia horren atzean dagoen pertsona ezagutzeko aukera izango dugu: Peio. Peio euskalduna da, baserritarra, Gipuzkoako herri txiki batean jaioa eta hazitakoa eta bere bizitzaren momentu batean oso garrantzitsua izan zen erabakia hartu zuen. Konturatu zen bere benetako nortasunarekin bat egitea ezinezkoa zitzaiola bere herria, eta Londresera joan zen bizitzera. Ibilbide eta aldaketa hori kontatzen du.

Zergatik kabareta?
Bitxia izan zen. Hasi nintzenean, antzezlan itxura zuen. Baina, pixkanaka, dantzak eta musikak garrantzia zutela konturatu nintzen. Amacay Amezaga ondoan izan nuen, eta berak esan zidan kabaret bat zela eta ezin egokiagoa zela nik kontatu nahi nuena kontatzeko. Kabaretak baduelako drama eta komikoa; dena dauka. Gerora ere. konturatu nintzen Euskal Herrian kabareta oso gutxi egin dela. Hain gustukoa izanda kabareta… ikusleek eskertuko dute hain ohikoa ez den formatu bat ikustea.

Musikak garrantzia handia du.
Gauza asko nahastu ditugu. Musikari dagokionez, euskal musikaren erreferentzia asko izan ditugu. Ederra izan da. Esnatu naiz izenburua Kerobia taldearen abesti batean oinarrituta dago. Oso Kerobia zalea naiz, eta idazten ari nintzela konturatu nintzen abesti hori egokia zela. Beste izenburu bat neukan hasieran. Bide Ertzean, Zea Mays, Idoia Hernandez… baimena eskatu genien eta eman ziguten. Bestetik, aski ezagunak egiten zaizkigu beste artista batzuk sartu ditu ere: Beyonce, Queen, Samantha Fox eta abar. Hori dena, nahastuta.

Eta dantza aldetik?
Txikitatik egin dut dantza; euskal dantza. Geroago, beste dantza estilo batzuk arakatzen hasi nintzen. Azken urtetan, dantza garaikidea eta combat inprobisazioa egin dut. Modu handi batean, urte askoan, dantzak definitu du ni izan naizena. Gainera, oso gustuko dut dantza. Kasu honetan ere dantza estilo asko aurkeztu eta nahastu dugu. Euskal dantzak ikusiko ditugu, baina ezohiko patroian. Ez dut gehiago aurreratu nahi. 

Dokumentuaren akzioak