Dokumentuaren akzioak
Betikotasunaren injustizia
“Beti izan da horrela”. Horixe da gizonezkoek soilik parte hartzearen aldeko argudio nagusia; argudio latza gero! Batzuek uste dute, “ohiturak” deitzen ditugun horiek eternitatean mugiezinak izan direla eta horregatik, ezin omen dira aldatu. Baina zer da “beti”? Noiz hasten eta bukatzen da? Txikitatik ikusitako hori historian zehar etengabe errepikatu dela iruditzen zaigu, baina ohitura guziek nonbait dute jatorria, modu batera hasi ziren eta eraldatzen joan dira, batzuei egitura zurrun direla iruditu arren. Hortaz, zergatik izan beldurra aldaketari?
Argudio okerragoak ere badaude ordea. “Politagoa da” mutilak bakarrik baldin badaude, “indar handiagoa” dauka, eta halakoak … Nik ez nekien ba, alua eta bularrak edukitzeagatik dantza edota desfile bat itsusiagoa bihur zitekeenik.
Edota “neskek badute jada euren papera” … Bai, bai, zuek lasai, lorontzi papera asko gustatzen zaigu eta.
Kontra-argudio gehiago badaude berez, baina hain iruditzen zaizkit ebidenteak ezen idaztea ere alferrik iruditzen baitzait. Oinarrizkoa da: emakumeok parte hartu nahi eta behar dugu herriko bestetan, baina ez soilik tragoak hartzen. Dantza, desfile, ikuskizun eta bestetako ekimen nagusietan ere parte izan nahi eta behar dugu, eta izango gara. Betikotasuna ez dadila aitzakia izan.
Dokumentuaren akzioak