Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ... betiko 'Pamplona' astintzen

Dokumentuaren akzioak

... betiko 'Pamplona' astintzen

Uztailaren 7tik 14ra, Iruñeko Casino Berria elkartean goizero egiten dute Espartinen Dantzaldia. Behin entzierroa bukatuta, dozenaka herritar biltzen dira bai gosaltzeko, bai parranda egiteko.
Egilea
Uxue Rey Gorraiz
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2023/07/13
Lotura
Berria

Zenbait andre, Espartinen Dantzaldian, atzo, Casino Berria elkartean.

Zenbait andre, Espartinen Dantzaldian, atzo, Casino Berria elkartean. IDOIA ZABALETA / FOKU

 

Makar garbitu gabeak betertzetan, makillaje deigarriak azalean, tabernetan botatako izerdiaren arrastoak kopetetan, eta edari orbanak kamisetetan. Eta bitxiak, eta abanikoak, eta kapeluren bat edo beste. Iruñeko sanferminetako goizetan, horiek guztiak kabitzen dira Casino Berria elkartearen lehenbiziko solairuan. Uztailaren 7tik 14ra bitarte, Espartinen Dantzaldia egiten dute bertan, 08:30ean hasi eta 10:00 inguru arte. Apain-apain, dozenaka herritar izaten dira parrandan, orkestra batekin. Eguneko lehenbiziko geltokia da askorentzat. Beste batzuentzat, etxeratu aurreko azkena.

Espartinen Dantzaldiak aspaldiko ohitura batean du jatorria: entzierroaren ondotik, Casino Berriko bazkideak elkartera joan ohi ziren txokolatea eta txurroak jatera. Berez, gosaltzea zen asmoa, baina bertaratuei sarri korapilatzen zitzaien kontua, eta parranda ederrak egiten zituzten, dantza eta dantza. Halaber, antzinean, entzierroetan espartinekin egiten zen lasterka beti, eta, hortaz, zenbait bazkide oinetako horiekin azaltzen ziren lokalean. Pamplona-ko elkarte baterako, narrasegi, aukeran. Horregatik, esana denez, hasieran, arduradunek ez zuten begi onez ikusten bertaratzeko manera hori. Ordea, bistan da iritzia aldatu zutela, urteak baitira hitzordua errotua dela. Sona handikoa da, gainera.

Hori bai: Espartinen Dantzaldian ezin da edonor sartu. Soilik bazkideak edo gonbidapen bat eskuratu dutenak joan daitezke bertara; bide legala hartu nahi bada, betiere. Goiz-goizetik, txaleko horidun bi gizon izan dira atarian, bazkide txartelak eta gonbidapenak ikuskatzen.

Hala eta guztiz ere, Beñat izeneko gazte iruindarrak susmoa zuen izanen zela modurik haiei eskapu egin eta disimuluan sartzeko. Bada, bete-betean asmatu du, asteazkenez, ederki egin baitie izkin segurtasun langileei. «Horregatik, faborez, abizenik ez jarri kronikan, baina kontatuko dut nola izan den», esan du, barrez. «Galtzen behealdearen tolesak desegin, kamiseta luzatu, mantxak disimulatu, eta haien despistea aprobetxatu. Eta, aizu, zer ona hemengo ardo gorria!».

Gaupasa eginda sartu da Beñat Casinora, lagun batekin. Dena dela, horrela egin dutenak gutxiengoa izan dira uztailaren 12an. Edo, behintzat, gutxiri zaie disimulatu ezinezkoa.

Usadio batzuei adio 

Iker Guerrerori eta Jaione Aizpuruari, esaterako, ez zaie sumatzen ordu txikietan pilatutako zama. Bizi-bizi dantzatu dituzte orkestraren kantak, aerobik estiloan. «Izugarri maite dugu hona etortzea, txiki-txikitatik. Dena da ederra: giroa, txurroak... eta begira sabaiak! Zer polita arkitektura!», nabarmendu du Aizpuruak.

Dantzaldian bildu den jendearen soslaiei erreparatuta, bistakoa da tradizio handiko ohitura dela. Gehienak helduak dira, baina haur eta guzti azaldutako familia mordoa ere bada. Edonola ere, festa usadiotik urrundu da, neurri batean, espartinik ez baita apenas. Emakumezkoen artean, sandaliak eta takoi motzeko zapatak dira nagusi. Orkestrako Maialen abeslariarena da salbuespen deigarriena: takoi luzeko zapatak ditu oinetan. Gorputzean, purpurinaz eta irekidura gardenez jositako soineko bat du jantzia. Orkestrako Patxi kantariak, mahuka luzeko atorra zuri bat.

Batzuek txurroak jateari eman diote lehentasuna, beste batzuek zuzenean ekin diote dantzari, eta, bereziki azken horientzat, soinu banda animosoa jarri du orkestrak. Besteak beste, Marisolen Corazón contento, Juan Luis Guerraren Me sube la bilirrubina eta El Consorcioren El chacachá del tren abestiak kantatu dituzte artean 09:00 jo gabeak zirenean.

«Bueno, zer, hasi al gara esnatzen? Ez? Tira ba, orain, astindu bat, goiza ongi hasteko!», bota du bat-batean orkestrako Patxik. Segituan, Paquito el chocolatero kantua hasi da aditzen, eta abesti hori dantzatzeko moduan kokatu dira dozenaka lagun aretoan, elkarri pega-pega eginda. «Hemengo askok nahi lukete nire tokian egon, e? Maialenen ondoan egoteko. Gizonak, inbidiatan?», bota du kantariak, emakume lankideaz mintzo. Andreak ez du hitzez erantzun, baina aski lotsagorritu da, itxuraz behintzat.

Festa ez da eten, eta, dantzaldiak aurrera egin ahala, aldakak gero eta solteago hasi dira mugitzen. Ohartzerako, esku mordoa da parekoaren gerrira loturik. Rantxerak, balsak, pasodobleak izan dira nagusi dantzaldian, eta, tarteka, congaren bat ere bai. Dantzari guztien artean, andre helduak dira liderrak. Baita erritmoa hobekien daramatenak ere. Parranda gogorik ez zaie falta.

«Hau ikusita, ni a lasai hil naiteke», bota du, irriz, gonbidapenik gabe sartutako Beñatek. Ez du argitu gehiagotan itzuliko den, baina, iradoki duenez, gaua luzatu izanak garbi merezi izan dio.

Dokumentuaren akzioak