Dokumentuaren akzioak
Betiko jantziak, gaur ere bai
Azken ehun urteotan Euskal Herriko gizon zein emakumeek erabili dituzten jantziak berreskuratu ditu bertan. Liburua argazki bilduma bikaina ere bada, eta irakurleak jantzi ezberdinen arteko berdintasun eta ezberdintasunak ikus ditzake. Baina lana ez da hor gelditzen. Egun berezietarako bakarrik gordetzen ditugun jantzi horien esanahia berreskuratzen saiatu da Albisu, baserritar jantzia, poxpolin jantzia, arrantzale jantzia eta beste hainbat jantzi noiz, nola eta zertarako erabiltzen ziren gogoratuz.
1976ean hasi zen euskal jantziak ikertzen Ane Albisu, eta azken 15 urte hauek ikerketa eta diseinua uztartuz eman ditu, Atondu ekimena zuzen-tzen. Liburu honetan laburbildu ditu hainbat eta hainbat diseinu, artikulu, hitzaldi eta ikastarotan metatutako ezagutza eta eskarmentua. "Hasiera batean liburuak ahalik eta ikuspegi gehien bil zitzan nahi nuen: ikerketa sakona islatu, argazkien bidezko irakurketa eskaini, baita ahalik eta informaziorik praktikoena ere. Baina hori guztia argitalpen bakar batean, zabala izan arren, zaila da, ia ezinezkoa, eta, azkenean, liburu hau egindako lan handiaren iceberg baten tontorra bezalakoa da, ikusten ez den lan asko dago liburu honen atzean", azaltzen du egileak.
Azken hamabost urteotan jantzien proiektu honetan, Atondu proiektuan alegia, eginiko lana zabaltzeak bultzatu du Albisu liburu hau idaztera. Bestetik ere, "gai honen inguruko ikerketak eta hausnarketak kaleratzeko nahiak", animatu diola gaineratzen du Albisuk. Dantza, musika eta antzerki munduan aritua da, baina jantziaren inguruan eginiko ikasketek eta diseinuek, batez ere, definitzen dute hobekien Albisuren nortasuna.
Urte asko daramatza, ikerketa eta diseinua uztartuz. Eta esperientzia luze hori laburbildu du liburu honetan. Gaur egun tradiziozko jantzien egoera orokorrean zer nolakoa den "azaldu eta zehazki XX. mendeko azterketa egin ondoren etorkizunerako proposamena" egin nahi zuela dio ikerlari donostiarrak. "Nik dakidala horrelako argitalpenik ez dago. Orain arte argitaraturiko tradiziozko jantziei buruzko liburuek XIX. mendeko edo lehenagoko ondarea azaltzen zuten batik bat eta lan etnografikoak ziren gehienbat. Liburu honetan XX. mendeko fenomenoari ematen zaio errepasoa, baserritar jantziari buruzko azterketa egin ondoren; hain justu, baserritar jantziaren inguruko tesia izan da liburu honen ekarpen baliotsuenetako bat, nire ustez. Bestalde, jan-tziak egiteko aholkuak ematen ditu", azaltzen du.
Aipaturiko liburuez gain, aldizkariak, jasotako jantziak, eginiko galdeketak, irudi eta argazkiak eta historia, ekonomia eta baita erlijioari buruzko datuak ere erabili ditu, besteak beste. Hori bai, liburua "ahalik eta irakurlego zabalenarengana iristeko lanari neurria hartzea" nahi du: "Jantziekin interesaturik daudenak, kulturaren beste arlo batzutan ari direnak, ikerketa lan baten ondorioen zain daudenak… eta, gainera, oro har, gaia gogoko duen edonor".
Dokumentuaren akzioak