Ekainaren 29tik uztailaren 2ra ospatuko da Kalerkiren 29. jaialdia. Euskal Herriko kaleko arte eszenikoen zirkuituan bere lekua egin du Zarautzek, eta aurreko astean denboraldia Gasteizen abiatu ondoren, herrira iritsiko da hilabete bukaeran. «Ibilbide luzea duen jaialdia da Kalerki, eta aurten pandemiak baldintzatutako bi urteren ostean, bere ohiko formatura itzuliko da, inolako edukiera mugarik eta itxiturarik gabe. Indartuta itzuliko da, gainera», nabarmendu zuen Irune Alberdi Kultura zinegotziak, atzo goizean Munoa plazan jaialdia aurkezteko egindako agerraldian.
«Apustu garrantzitsua egin nahi izan dugu Zarautz berriro ere kaleko ekitaldien mapa horretan kokatzeko», berretsi zuen Agurtzane Aizpuru Zarauzko Kultura saileko arduradunak, «jaialdia komunikatzeko ahalegin berezia egin baitugu». Izan ere, hamabi konpainien eskutik hamahiru ikuskizun erakargarri ikusteko aukera izango da aurtengoan; Euskal Herriko ordezkariez gain, Madrilgoak, Kataluniakoak eta Alacantekoak ere espero dira.
«Urtero bezala, diziplinen arteko oreka bat bilatzen saiatu gara egitaraua osatzerakoan. Aniztasun horrek nolabait ere, antzerkia, dantza, klowna, zirkua, txotxongiloa eta abar bateratzen ditu», azaldu zuen Aizpuruk. Programatu dituzten lanak, oro har, haur, gazte eta helduentzat zuzenduta daude, herritar orok goza dezan kaleko antzerkiaren magiarekin. Aurten, gainera, gaueko ikuskizunak berreskuratuko dituzte, hainbeste ikusmin eta zirrara sortzen duten su nahiz argiekin.
Ikuskizun guztiak ikusi ahal izateko ordutegi bat ere zehaztu dute, emanaldiak aukeratzen ibiltzeko buruhausterik izan ez dezaten herritarrek; egunero hiruzpalau ikuskizun eskainiko dituzte. Hori horrela, gutxi gorabehera, 20:00etan, 22:00etan eta 23:30ean hasiko dira obrak. Era berean, hiru espazio nagusi erabiliko dituzte horietarako: malekoia (Dama parean), Munoa plaza eta Villa Manuelako frontoia, hain zuzen ere.
Haatik taldearen ura
Kalerki jaialdian parte hartuko duen taldeetako bat da Haatik dantza konpainia, Ur lanarekin, eta atzoko aukezpenean izan zen taldeko kide Aiert Beobide. Pozik agertu zen beste behin beraien obra bat Kalerkin aurkezteko aukera izango dutelako. 2016an Itsaslapurra dantza ikuskizunarekin izan ziren herrian, eta aitortu zuen «esperientzia oso polita» izan zela ordukoa. «Kalerki erreferente bat da, eta sekulako ilusioa egiten digu plaza honetara etortzea berriz gure lana erakustera, are gehiago horrelako programa baten barruan», adierazi zuen Haatik konpainiako kideak.
Ur lana dantza ikuskizun bat bada ere, hitzak eta musika ere uztartzen ditu. «Nolabait nahi dugu hausnartu garapen ekonomikoaren etengabeko gurpil honek nora garamatzan, eta nora daramatzan gure naturguneak. Oreka horretan pentsatuz, gure senide batzuetan oinarritu gara lan hau sortzean. Koreografia bizia da», aurreratu zuen. Pascal Gaigne konpositoreak egin die musika eta Koldo Izagirrek gidoia nahiz hainbat testu.
Haatik konpainia aurtengo jaialdiaren lehen egunean ariko da malekoian, 22:00etan hasita. Haiekin batera, Maduxa taldeak Migrabe eskainiko du. Gainerakoan, kontuan hartzeko konpainiak izango dira aurtengoan ere; besteak beste, Markeliñe, La Industrial Teatrera, Leandre Clown eta Yllana&Tothem.
Zezen puzgarriak
Pandemia aurreko azken Kalerki jaialdietan zezen puzgarriak programatzen zituzten, eta haiekin entzierroa egiten zuten Alde Zaharreko kaleetan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten Kalerkiren barruan ez dituzte txertatu zezenak, data aldetik sanferminak geroago tokatzen direlako. Hala ere, udalak antolatuko ditu. Udako Antzerkia Familian programazioaren barruan txertatu ditu zezenak, eta uztaileko lehen ostegunean izango direla aurreikusten da.