Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Betiko dantzak, gaur inoiz baino ederrago, Kukairen oin ortozetan

Dokumentuaren akzioak

Betiko dantzak, gaur inoiz baino ederrago, Kukairen oin ortozetan

Herenegun Getxo Folk jaialdia itxi zuen Kukaik, eta konpainiaren ibilbidea laburtu, egin dituzten egitasmoen laginak plazan dantzatuta. Gainera, beste diziplina eta artista askorekin lan egitera ohituak, makina bat musikari lagun izan dituzte ondoan. Ez gara gu hemen Kukai konpainia euskal dantza tradizionala gaurkotzen dabilen bidea baloratzen ausartuko, baina txalotzekoa da ahalegina; ederra begitandu zaigu emanaldia, ikusgarria.
Egilea
Anartz Bilbao
Komunikabidea
Gara
Mota
Kritika
Data
2013/09/10
Lotura
Gara

Jon Maia taldeko zuzendariak berak esan zigunez, «aurreko urte hasieran hamar urte bete ziren Tanttaka Teatroarekin lehen ikuskizuna egin genuenetik, eta Getxo Folken emanaldi berezi bat sortzeko aukera izan dugu», urtemugaren harira. «Polita iruditu zitzaigun gure ibilbideari errepasoa ematea», eta musika jaialdi baterako deituak zirenez, beraiekin lan egindako musikariak gonbidatu zituzten. «Elkar ezagutzen bazuten ere, komunean gurekin lan egin izana zuten, eta denek gustu handiz onartu zuten proposamena; plazer bat izan da».

Oholtza gainean, Jon Maia zuzendariaz gain -Crystal Fighters-ekoak ezagutu dituela adierazi zigun txoritxo batek-, Kukai konpainiako dantzariak dira: Eneko Gil, Ibon Huarte, Nerea Vesga, Urko Mitxelena eta Alain Maya, guztiak errenteriarrak. Eta seikotea zazpikote bihurtuz -hala izan dira gutxira arte-, Nagore Indakoetxea aspaldiko laguna. Bakarka, bikoteka, launaka edo zazpinaka, batzuetan tradizioari lotuago eta besteetan dantza garaikidera hurbilduta eman dituzte piezak, soltean zein helduta, kaleko jantzita eta gehienetan oinutsik -oso txalotua izan da bi gizonek dantzatutako tangoa-.

Besteak beste, «Karrikan» ikuskizuneko «Sorbatza» koreografia kasik osorik eman dute gizonezko dantzariek, larruzko jakak eta, oraingoan bai, zapatak jantzita, musika elektronikoa lagun -2011ko Umore Azokan saritua izan zen lana-, eta Oreka TX bikotearen txalapartari jarraituta «Hostoak» edo «Hnuy Illa» ikuskizuneko pasarteak ere birgogorarazi dizkigute.

Musikalki, berriz, Mikel Laboaren presentzia nabarmena izan da kasik saio osoan zehar («Martxa baten lehen notak»...). Bere ahotsa ere entzun dugu, grabatua, Iñaki Salvador pianoan zela. Donostiar jazzman-arekin eta aipatutako txalapartariekin batera, Juan Mari Beltran ere izan dugu (alboka, ttunttun eta abarretan), hirukotean Ander Barrenetxea eta Aitor semearekin batera; baita Iñaki Telleria perkusio jotzailea eta Zigor Lanpre DZ disko jartzailea ere!

Piezak laburrak eta zehatzak dira, sentikor eta lirikoagoak hasieran, indartsuagoak gero. Eta bukaeran fandangoa eta arin-arina dantzatu dute, propio egunerako prestatuak. «Neurri batean interesgarria iruditzen zitzaidan Kukaik modu oso naturalean izandako bilakaera agertzea -Mayarengana bueltatu gara-; oso ezberdinak dira hasieran sortutako piezak eta egungoak. Eta bestetik zer egin dugun eta zer garen, zein lan ildo daramagun eta gure lanaren erakusleiho izatea».

Emanaldi bezperan eta egunean bertan «giro natural, sano eta ona» sortu ei da entseguetan, Mayak dioenez. Eta kontu horiek nabaritzen dira oholtzan gero. Aurretik egindako lanari esker, dantzari zein musikariek bereganatuak zeramatzaten piezak, sekulako energia agertu dute plazan, eta emanaldiaren ordu eta laurdena ziztuan pasa zaigu Getxo Folkerako propio prestatua ei dagoen emanaldia «puntual eta bakarra».

«Aukera sortzen bada animatuko gara eta ez diogu uko egingo emanaldia berriro dantzatzeari», onartu digu Mayak, «baina kontuan hartu guztiok ere egitasmo ezberdinetan, beste gauza batzuetan gabiltzala, eta ez da gure asmoa emanaldia ikuskizun bihurtu eta biran jartzea». Getxon izan ginenok zorionekoak gara, beraz. Horrela ulertu du jendeak (karpako bi herenetik gora beteak eta ikus-entzulea nagusiki heldua), eta sutsu txalotu ditu artistak. «Saioa bero zihoan hasieratik, sumatzen zen giroa» Mayaren aburuz ere; ikaragarria izan baita bukaerako txalo zaparrada. «Zoragarria izan da!», dio gure alboan den amonak.

p040_f01.jpg

Dokumentuaren akzioak