Dokumentuaren akzioak
Beti Gazte dantza taldeari buruzko erakusketa antolatuko da maiatzean
Beti Gazte dantza taldeko kideak izan ziren besteak beste Garbiñe Arrieta, Mari Carmen Aristi eta Karmele Sasiain umeak zirela. “Oso oroitzapen politak ditugu, eta dantza taldeari esker, lagun koadrila egin genuen. Gaur egun ere lagun talde bera mantentzen dugu”, nabarmendu dute. 8-9 urte zituztela hasi ziren euskal dantzak ikasten. “Garai hartan ez zegoen aisialdirako aukera askorik: solfeo edo dantza, eta guk bigarrena aukeratu genuen”, kontatu du Sasiainek. 18 urte bete arte egon ziren taldean, eta orain, beste hainbat dantzari ohirekin batera, Beti Gazte dantza taldeari buruzko erakusketa antolatzen dabiltza. “Urtero afariren bat edo beste egiten dugu koadrilan, eta han bururatu zitzaigun erakusketa egitearena”, azaldu du Aristik.
Taldearen historia laburbiltzen duen erakusketa bat nahi dute antolatu, eta horretarako, argazki bilketa bat abiatu dute. Herritarren partaidetza eta laguntza beharrezkoa izango dute erakusketa osatzeko. “Zumaiarrei deialdia zabaldu nahi diegu eta argazkiren bat dutenek betigaztedantzataldea@gmail.com helbidera bidaltzea eskertuko genuke. Posta erabili nahi ez dutenek, berriz, Alondegian utzi ditzakete 10:00etatik 14:00etara. Martxoaren 31 izango da argazkiak jasoko ditugun azken eguna”, esan dute.
Erakusketa maiatzaren 9tik 12ra egongo da ikusgai Oxford aretoan, baina horretaz gain, eta VIII. Maiatza Dantzan egitasmoaren barruan, Beti Gazte Eguna ospatuko dute maiatzaren 18an. Oraindik orduak zehazteko badituzte ere, aurrena talde argazkia aterako dute, ondoren poteoan ibili, eta gero elkarrekin bazkalduko dute.
33 urteko ibilbidea
Beti Gazte dantza taldea 1966. urtean jaio zen. Sortzaileetako batzuk izan ziren Inaxio Alberdi, Mari Pilar Manterola, Mertxe Irureta eta Joxeba Zubiaurre. “Taldea sortzeaz gaian, irakasle lanetan ere ibiltzen ziren. Arritxu Egaña izan zen gure irakasleetako bat, eta Alberto Esnal ere laguntzaile lanetan ibiltzen zen”, gogoratu dute.
Entsegu lokal gisa eskola txikia erabiltzen zuten, eta gerora, Kutxa goian dagoen lokalean ere ibiltzen ziren. Hasiera batean fandangoa eta arin-arina ikasten zuten, eta pixkanaka dantza berriak ikasten zituzten. “Gure eta beste belaunaldi askoen arazoa mutil falta izaten zen. Umetan hasten ziren dantzan, baina zaharragoak egiten zirenean kirolera joaten ziren”, gogoratu dute.
Urtean bi emanaldi nagusi egiten zituzten. Lehenengoa santelmoetan izaten zen, eta bigarrengoa, berriz, udara aldean. “Azken hori berezia izaten zen. Odieta frontoian egiten zen eta jende asko joaten zen ikustera”, esan dute. “Behin, ekitaldi berezi bat ere egin genuen. Garai bateko arropak jantzita, aurresku tradizionala egin genuen”, gogoratu dute. Tarteka, gainera, ezkontzetan ere egiten zuten dantza.
Irakasle lanetan ere ibili ziren Sasiain eta Aristi, eta umeekin beste herrietara joaten ziren dantza egunak ospatzera. “Gure garaian ez ginen asko mugitu, baina umeekin alarde ezberdinetara joaten ginen eta oso ongi pasatzen genuen”, adierazi dute.
33 urteko ibilbidea egin zuen Beti Gazte dantza taldeak, eta hala, 1999an, desegin egin zen. Urte batzuetan dantza talderik gabe egon zen Zumaia, baina azken urteetan Musika Eskolatik zuzentzen da taldea. “Egia esan, dantza talde bat egoteak beste kolore eta alaitasun bat ematen dio herriari”, gaineratu dute.
Dokumentuaren akzioak