Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bestetako nagusiak

Dokumentuaren akzioak

Bestetako nagusiak

Aurten 20 urte bete dira neska-mutil nagusien tradizioari heldu ziotela Iruñeko Txantrea auzoan. Gaur hasiko dira bestak, eta beste behin ere berrituko dute usadioa

Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea
Mota
Kronika
Data
2016/04/28
Lotura
Berria

Iruñerrian ohikoa izaten zen neska eta mutil nagusien tradizioa. Haiek izaten ziren bestak antolatzeko ardura osoa izaten zutenak, eta, noski, dantzatzeko orduan ohorezko tokia zegokien. Orain ere, nahiz beste molde batez, tradizio hori bizirik da Iruñerriko hainbat herri eta auzotan. Besteak beste, Txantrea auzoan. Hogei urte dira tradizio hori berreskuratu zutela, eta gaur, berriro ere, neska-mutil nagusiak karrikara aterako dira, besten lehenbiziko egunean.

Duela hogei urte, Joxe Abaurrea —egungo alkateordea— eta Asier Urzai txantrearrek neska-mutil nagusien tradizioa berreskuratzea erabaki zuten. Madalena auzoan izan ziren zaharrei tradizio honen inguruan galdezka. 1950-1960 urteetara arte mantendu zuten usadioa. Gazte kuadrillek neska-mutil nagusiak aukeratzen zituzten urtero, bestetako antolakuntzaz ardura zitezen: ardoa lortu, askariak prestatu, musika lotu eta musikariei lotarako etxea uztea, besteak beste.

Horretaz gainera, bestak hasten ziren egunean, goizean Iruñera igotzen ziren bestarako jantzia soinean, eta txapelak eta lore koroak buruan. «Baimena eskatzera igotzen ziren. Batetik, apezpikuari, dantzatzeko aukera egon zedin eta arazo moralik egon ez zedin. Bestetik, alkateari, ordenu publikoagatik, eta, bidenabar, diru laguntza eskatzen zioten. Azkenik, familia dirudunei ere kantatzen zieten», azaldu du Urzaik. Ondoren, auzora jaitsi, eta puska biltzea egiten zuten.

Tradizio horri buruzko informazioa, bertatik bertara ez ezik, Jose Joaquin Arazuri, Jose Maria Jimeno Jurio eta Jose Maria Iribarrenen lanetatik eskuratu zuten 1996an. Berriozarren (Nafarroa) ohiturari eusten zioten, eta Sanduzelai auzoak Txantreak baino lehenago berreskuratu zuen. Arrotxapea auzoan ere egiten zuten neska-mutil nagusien tradizioa. «Iruñerriko herri eta harresien kanpoko auzoetan egiten zen, eta baita Baztanen ere». Gerora, beste auzo batzuek jarraitu dute bidea, eta Arrosadia eta Donibanen neska-mutil nagusiek auzoko dantza egiten dute urtero.

Urzaik gogora ekarri du 1990eko urteetan auzo elkarteak eta jai batzordeak gorenean zirela. Trantsizio garaia zen herri mugimenduan, eta Euskal Herriko herri eta auzoetan jardunaldiak egin ziren. Txantrean, arrakasta handiz. Han, Carlos Vilches NUPeko irakaslearen eta haren ikasle batzuen laguntzarekin antolatu zituzten hainbat egunetako jardunaldiak.

Alor kulturala eta folklorea ere landu zituzten. Testuinguru horretan erabaki zuten neska-mutil nagusien tradizioa berreskuratzea: «Txantreako bestak erreferentzia ziren, baita Euskal Herrian ere; jendea Gipuzkoatik etortzen zen», azaldu du txantrearrak. «Ongi antolaturik zeuden, baina bultzada eman nahi genion, eta identitate handiagoa emanen liokeen elementu bat txertatu, betiere erroei jarraiki». Bestak indartzea ez ezik, txupinazoa botatzen zutenei «duintasuna aitortzea» ere helburuen artean egon zen. «Identitatea, folklorea eta auzoetako besten duintasuna batu genituen».

1996ko maiatzean karrikaratu ziren Txantreako lehenbiziko neska-mutil nagusiak, Madalenakoen tradizioa berreskuratuz. «Jendeari izugarri gustatu zitzaion». Gainera, txikiek ere parte hartu zuten, eta, Urzairen aburuz, hori izan da usadioa errotzeko gakoa.

Dantza bi urte geroago heldu zen. 1998an plazaratu zen Txantreako ttun-ttuna estreinakoz. Mahai zapi batean hasi zen dantza horren istorioa. Roberto Antzano musikariak auzoko dantza bat nahi zuen, orduan Iruñeko jota egiten zutelako. Bazkari batean, bat-batean melodia bat ahapetik kantatzen hasi zen, eta mahai zapian idazten. Han eta hemengo doinuak biltzen zituen. «Txantreak Nafarroa osoko jendea biltzen du, eta jende hori identifikaturik sentituko da», esan zien musikariak. Gero, Mikel Iraizozek hartu zuen koreografia prestatzeko lana, Jose Mari Pastor Artzai arduratu zen jantziez, eta Mikel Tabernak oraindik kantatu ez dituzten hitzak jarri zizkion partiturari.

Betiko dantza bihurtuta

Horrela sortu zen gaur-gaurkoz, askorentzat, betiko tradizioa dena. Hiru bikotek hartzen dute mutil eta neska nagusien rola: bi txikik, bi gaztek eta txupinazoa botatzen dutenek —aurten, herri krosaren antolatzaileek—. Gazteek txikitatik ikasi dute, eta zaharrek ere bere egin dute, Madalenako bestak gogora datozkielako. «Belaunaldi anitz batu ditugu; hau zoragarria da, ez da galduko», dio Urzaik. Berak, baina, ez du inoiz ere dantzatu. «Nik bakarrik dantza lotua», dio irri artean. Aurten, gainera, alkateak harrera egin die, iraganean egiten zuen moduan. Joan den asteburuan igo ziren Alde Zaharrera besten berri ematera. Gaur abiatuko dituzte bestaren nagusiek dantzan.

Neska eta mutil nagusiak Txantreako besten hasieran, auzoko ttun-ttuna dantzatzen.
Neska eta mutil nagusiak Txantreako besten hasieran, auzoko ttun-ttuna dantzatzen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak