Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Beste urte batez euskal kulturaren habia izan da Ipar Euskal Herria

Dokumentuaren akzioak

Beste urte batez euskal kulturaren habia izan da Ipar Euskal Herria

Tradizioari jarraiki eta etengabe berrituz, 2024 honetan kultur sorkuntza emankorra izan da, izan antzerki, musika, zinema, literatura, bertsolaritza, dantza edota argazkigintzan; lurraldeko kultur aniztasunaren eta sorkuntza-grinaren erakusle argiak, euskararen biziraupenerako borrokaren oasi.
Egilea
Andrea Ibarra
Komunikabidea
kaz
Mota
Albistea
Data
2024/12/23
Lotura
kaz
Gazte pagolarrak lehenengoz izan dira Xiberoko maskaradak aurkeztearen arduradunak aurtengoan. 2025ean, Altzai-Lakarriko gazteen txanda izanen da.
Gazte pagolarrak lehenengoz izan dira Xiberoko maskaradak aurkeztearen arduradunak aurtengoan. 2025ean, Altzai-Lakarriko gazteen txanda izanen da. (Patxi BELTZAIZ)

2024ko urtean Ipar Euskal Herrian izan diren erakustaldi anitzek euskal kulturaren bizitasuna utzi dute agerian. Hona hemen gure KAZETAn hainbat diziplinatan nabarmendu ditugun sorkuntza, emanaldi eta gertakarien bilduma.

Antzerkia, plazen nagusi

Urteko kultur ekimenen abiarazle, Xiberoko maskaraden lehen emanaldia izan zen Pagolan, aro ederra lagunaitzineko urtean egindako prestakuntza lanaren fruitu. Estreinakoz gazte pagolarrek eskainiriko maskarada, 12 eta 32 urte bitarteko herritarrek 15 emanaldi egin zituzten urteko lehen lau hilabeteetan.

Ihaute ospakizunekin etorrerarekin, herriz herri, gazteek egutegia oparoa antolatu zuten, santibate eta libertimendu ospakizunez beterik. Besteak beste, gazte amikuztarrek arrakastaz berrartu zituzten urteko gertakariak, eta garaztarren antzezlanak ere zer gozatua eman zien herritarrei.

Pastoralak ere ez dira gibelean geratu. Uda aitzin eta ondotik, Bastidan eta Bardozen aurkeztu zuten xarnegutarrek Inesa de Gaxen pastorala. Ikusmira handia sortu zuen bietan ala bietan, berantago Xiberotik heldu zen berriak bezala: hainbat gaztek kolektiboki idatzi eta zuzendutako obra batek, Ürrats kolektiboak pastoralak, Euskal Herriko borrokak taularatuko ditu 2025ean. Anartean, Iruñerrian harrera beroa izan zuen Julia Fernandez pastorala Altzaira heldu zen.

Bide beretik, antzerki konpainia eta kolektiboek harmailak bete dizuzte. Ihesi antzezlanak emazteen mundua esploratzea ahalbidetu zuen, Maika Etxekoparren zuzendaritzapean, Iduzkilore konpainiak irailean estreinatua. Axut! konpainiaren Lurrez Estali eta Bidasoa mintzatuko balitz antzezlanek Euskal Herri osoko ikusleak etorrarazi dituzte, laborantza munduaren zein migrazioaren bideak jorratzeko. Finean, jakinmin handia piztu duen Miñan migrazio abenturaren kronika, Artedrama plataformak antzerkira egokiturik, eszena gainean ikusteko aukera izan da urritik abendu bukaerara arte.

Aldaketak musika panoraman

Musika taldeen berriak iritsi dira urte osoan zehar: hainbatek utzi, eta beste hainbat lekua hartzera heldu dira. Urtarrilean, Willis Drummond taldeak azken kontzertua eskaini zuen Donostian, eta Gatibu taldeak bere mende laurdeneko ibilbidea ospatzeko azken biraren iragarpena egin zuen, 2025eko abenduko kontzertu handiarekin utziko baititu eszenak. Gatiburen egun berean iragarri zuen Chill Mafiak agurra, azken diskoa batekin, eta ondotik berdin egun du Benito Lertxundik, 60 urteko ibilbidea gibelean utziz.

Euskal musika panorama markatu duten taldeak badoaz, baina lekukoa hartzeko prest den gazterik ez da falta. Ipar Euskal Herri mailan, Maskak taldea aurkeztu zuten urtarrilean, euskal rockari aire freskoa ekartzeko helburuarekin, eta Maider Cigarroak bakarkako ibilbideari ekin zion Biran den lasaia diskoarekin. AS04 taldeak ere lehen diskoa kaleratu zuen, eta RTZ taldeak 'Itzaletik argira' hedatu berri du, bere lehen diskoa den KONKISTAren bigarren zatia.

Euskal zinema, garatzen jarraitzen

2024ko urtarriletik abendura bitartean, hainbat dokumental eta film aurkeztu dituzte Euskal Herriaren eremu honetan. Tartean, Josu Martinezen Mirade, film bat egiteko zirriborroa dokumentala apirilean estreinatu zen Baigorriko Kulturaldian, eta urrian zinemetara-geletara iritsi zen. Irati filmak pantaila handian proiektatu zituen euskal mitologia eta historia, maiatzaren amaieran eta ekainaren hastapenean, Donapaleu eta Baionan.

Tokiko eragileen ibilbidea jorratu duten dokumentalei dagokienez, Kuxkuxtu: Parean, Ondoan, Elkarrekin estreinatu zen, txarangaren sorterria den Urruñan; 23. Korrikaren testuinguruan, Oihaletxea dokumentala aurkeztu zen, Lander Garrok zuzendua, azterketak euskaraz egitearen aldeko borrokaren hiru hamarkadako testigantzak bilduz.

Ospakizun garrantzitsuen artean, 'Zinema Kanpoan' zikloaren bidez, aire libreko emanaldiak eskaini zituzten hainbat herritan udan zehar. Azaroan, Hebentik elkartearen eskutik, 'Xiberoa Zinez' festibala ospatu zen, eta zinemaren eta euskal identitatearen arteko lotura agerian ezarriz Xiberoko pantailetan.

Hainbat liburu berri eta sari

Bea Salaberrik euskal gatazkan emazteek izandako esperientziak bildu ditu honakoan. Babes eta laguntza sareetan ibilitakoen kontakizunak idazle baxenafarraren lehen eleberria eman du emaitza gisa, Mesfida zaitez. Antton Kazabon eta Leire Iparragirrek Amestoki goxoa liburua argitaratu dute, haurrengana doluaren eta bizitzaren zikloaren gaia eramateko. Eginiko lanagatik sarituak ere ez dira falta izan: Eneko Bidegaink 2023ko 111 Akademiaren saria irabazi du, bere azken eleberriagatik, Bichta éder, eta Xarles Bidegainek Baionako hiriaren urrezko domina jaso zuen euskararen alde egindako lanagatik.

Txapelak bertsolari belaunaldi berrien buruetara

Ikasturte honetan antolaturiko 'Haizea dator' saioen bidez, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoko bertsolari gazteek plaza hartzeko aukera izan dute. Azpimarratzekoa da ere Errexil bertso sariketa berriz ospatu dela Urruñan, lehenengoz antolatu eta 40 urtera.

Aurten izandako txapelketetan emazteak txapelaren jabe, belaunaldi aldaketa agerikoa bilakatu da bertsolaritzaren eszenan. Irantzu Idoatek Hernandorena sariketako txapela irabazi zuen maiatzean. Gazte Xilaban, berriz, Aizpurua anai-arrebak gailendu ziren, Euskal Herriko Eskolarteko finalera sailkatuz, baita irabazi ere: Haira Aizpuruaren burura joan zen txapela Arantzan, ekainean. Bukatzeko, negu honetan Alaia Martinek irabazi du lehenengoz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Nagusia.

Dantzatzen duen herria

Dantza taldeek haien jarduna jarraitzearekin batera, hainbat ekimen nabarmendu dira, besteak beste, Maxka’roa dantza ikusgarriaren estreinaldia Maulen, edota Arteen Artean egitasmoa, Baiona eta Biarritz dantzaz bete dituena. Maxka’roa dantza ikusgarriak, Mauleko Txingili dantza taldearen eskutik, Xiberoako tradizioaren eta dantza modernoaren arteko fusioa ekarri zuen urrian. Arteen Artean egitasmoak, Maurice Ravel Kontserbatorioak, Euskal Kultur Erakundeak, Malandain Ballet Biarritzek eta beste hainbat bazkidek elkarlanean antolatua, musika, dantza eta antzerkia uztartzeko egitarau zabala eskaini zuen azaro bukaeran.

Irudi bidez transmititzea

Argazkilaritzaren alorrean, 2024ko urteak Malda bizi erakusketa-ibiltaria ekarri du, Euskal Herriko maldetan paisaia eta naturaren interpretazioa erakusten duen proiektuarekin, Zigorrek sortua. Guillaume Fauveau argazkilaria, berriz, Argazkia.eus lehiaketaren zortzi irabazleetako bat izan da, migratzaileei harrera egiten dien Pausa zentroko bildumari esker. Azkenik, Camille Chopinen Bai ala Bai erakusketa, Baionako Atalante zineman ikusgai da azaroaz geroztik, euskal eta queer identitateen arteko bidegurutzean murgiltzeko.

Dokumentuaren akzioak